David Telford. Ballyhegan taldeko tiratzailea

«Herrialde gutxiago etorri dira, baina lehia bikaina espero dugu»

LUR GIL.
Lur Gil.
2023ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
David Telford Ipar Irlandako Sokatira Federazioko (NITOWA) ordezkaria da Nazioarteko Federazioan (TWIF). Ballyhegan taldeko tiratzailea da duela hogei urtetik hona. Ondo baino hobeto ezagutzen ditu herrialde guztietako taldeak, eta Euskal Herrikoak bereziki, haiekin tiratu baitu noiz edo noiz.

Pandemia osteko lehenbiziko txapelketa antolatu duzue, espero zenuten parte hartzea izan duzue?

Ez, talde askok huts egin dute. Baina ez dugu zalantzarik talderik indartsuenak etorri direla. Munduko tiratzaile onenak etorri dira, talde batean zein bestean. Herrialde gutxiago etorri dira, baina lehia bikaina espero dugu.

Zerk eragin du parte hartze txikiagoa izatea?

Txapelketa egiterik izanen genuela urte amaieran jakin genuen. Orduan sartu zen TWIF buru-belarri, baina ordura arte ez genuen argi txapelketa egiterik izanen zen. 2022ko Herbehereetakoa bertan behera geratu, eta geure burua eskaini genuen hurrengo urtean antolatzeko, hutsik gera ez zedin. Baina aldaketa horiek, eta 2024an ere txapelketa jokatuko dela kontuan harturik, talde askok etxean geratzea erabaki dute. Herbehereetatik, Suitzatik, Eskoziatik, Japoniatik... ez dira etorriko; horiek dira faltadiren garrantzitsuenak.

Gizonezkoen pisu txikietan ondo aritu izan da Ipar Irlanda.

Bai, 560 eta 600 kiloetako txapelketak ditugu helburu. Ongi prestatu dugu txapelketa, eta Ipar Irlandako taldeak elkartu egin gara herrialdekakoan zortziko indartsua aurkezteko. Elkarrekin ongi entrenatu gara. Talde askok dituzte kategoria horiek helburu, eta oso ongi iritsi beharko dugu finalera.

Taldekakoan ere aurre egiten zailak dira Country Club eta Ballyhegan ipar irlandarrak, besteak beste.

Ohitura handia dago Fermanagh eta Armagh eskualdeetan, eta, horrenbestez, esan daiteke oso ondo aritzen garela. Gure artean lehia ere badugu, baina elkarrekin aritzen gara herrialdeen artekoan. Taldeka, pisu arinetan, irabazteko asmoz aterako gara biak ala biak, baina, besteak beste,Euskal Herriko taldeei irabaztea oso zaila izanen da.

Herrialde mailan, nola dago gaur egun sokatira?

Gaur egun ondo dago. Ipar Irlandako lurralde osoan ditugu taldeak, lur gainean zein goma gainean, eta gazteak batzen ari zaizkigu. Irlandako Errepublikarekin, Eskoziarekin, Galesekin eta Ingalaterrarekin txapelketa bateratua daukagu, eta horrek maila onean egotera behartzen gaitu. Kirol hau bultzatzeko beharrezkoak dira nazioarteko txapelketak.

Txapelketa honek lagunduko dizue?

Dudarik gabe. Duela hiru urte izan zen azken munduko txapelketa, hemendik gertu, Letterkennyn [Donegal, Irlanda], eta horrek ere lagundu zuen. Aurten, pandemia osteko lehena izan arren, motibazioa sortu du gure artean, eta heldu den urtean Suediara joateko irrikaz gaude. Baita hemendik hiru urtera Taiwanera joateko ere. Horrelako kirol tradizionalek nazio mailan zein nazioartean aitortza behar dute.

Gainerako herrialdeak zer moduz ikusten dituzu gaur hasiko den lehiarako?

Talde gutxi datoz herrialde batzuetatik. Euskal Herria da talde gehien dakartzana, eta ziur, beti gertatzen den bezala, oso ondo arituko direla. Baina Herbehereetakoak, Taiwanekoak, Irlandako Errepublikakoak... horiek ere ziur mailarik onenean heldu direla. Txapelketak errazagoa dirudien arren, urtero bezain zaila izanen da irabaztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.