Jaka Horiek urtebete. Langabezia saria

Azaroan sartu da indarrean langabezia sari berritua

Unedic kutxaren defizita 3.400 milioi euro murriztu nahian, Macronek saria jasotzeko aukerak txikitu ditu, eta gutxiago pagatuko die batzuei

Langabe bat, lan eskaintzei begira, Parisen. ETIENNE LAURENT / EFE.
Iker Aranburu.
2019ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Pentsio sistemari ekin aurretik, Emmanuel Macron Frantziako Errepublikako presidentea eta Edouard Phillipe lehen ministroak beste gai bati heldu zioten: langabezia sariari. Uda betean onartutako bi dekreturen bitartez, gogortu egin dituzte langabezia saria jasotzeko baldintzak. Erreformaren zati bat azaroaren 1ean jarri zen indarrean, eta oso helburu garbi bat du: gastua txikitzea, Unedic kutxaren defizita estaltzeko.

Horretarako, bi bide hautatu ditu Frantziako Gobernuak: langabezia saria murriztea kasu batzuetan, eta, batez ere, sari hori jasotzeko eskubidea zailtzea.

Arau berrien ondoren, azken 24 hilabeteetatik sei egin beharko dira lan saria jasotzeko eskubidea irabazteko: erreformaren aurretik, lau hilabeteko lana zen azken 28 hilabeteetan. Hau da, uztail-abuztuetan turismoan lan egiten duten gazteek ez dutela saria jasotzeko eskubiderik irabaziko.

Egoera bereziki zaildu zaie kontratu laburrak eta langabezia saria uztartzen duten langile prekarioei. Orain arte, langabezia saria agortu gabe aldi baterako beste lanpostu bat lortzen zutenek eskubidea zuten beren sariari eskubide gehiago kargatzeko edo eransteko. Hau da, hilabete bat lan egitea lortzen bazuten, hilabetez luzatzen zuten langabezia saria jasotzeko eskubidea. Baina sistema hori zapuztu du erreformak: aurrerantzean, gutxienez sei hilabeteko lana beharko da (910 ordu) beste sei hilabetez luzatzeko. Sei hilabete baino gutxiago lan egin izan dutenei eskubidea agortuko zaie saria bukatzen zaienean. Neurri horren bidez etorriko da erreformaren 3.400 milioi euroren balizko aurrezkiaren zati handi bat.

Sari txikiagoa

Dirua aurrezteko beste sistema langabezia saria txikitzea izango da. Oraingoz, sari handia dutenei soilik eragingo die. Izan ere, hilean 4.500 euroko soldata gordina zuten langileei saria jaitsiko diete zazpigarren hilabetetik aurrera. Jaitsiera progresiboa izango da: %0 4.500 eurotik beherakoei, eta %30 6.450 eurotik gorakoei. 57 urtetik gorako langabeei ez diete murrizketarik ezarriko, eta, gehienez, 6.615 euro jasotzen jarraituko dute.

Murrizketaren bigarren zatia 2020ko apirilean jarriko da indarrean, eta aldi baterako kontratua dutenen langabezia saria finkatzeko sistemari dagokio. Gaur egun, azken hamabi hilabeteotan lan egindako egunen batez besteko soldataren arabera kalkulatzen da; aurrerantzean, jasotako batez besteko soldaten arabera. Aldaketa horrek asko jaitsiko du hilean egun batzuk soilik lan egin ahal izan dutenen langabezia saria. Unedicek kalkulatu duenez, 850.000 langileri egingo die kalte: kontratu mugagabea dutenen batez besteko saria %22 txikituko diete, 905 eurotik 708 eurora.

Onuradun gehiago

Erreforman den-dena ez da guraizea, ordea. Sindikatu moderatuenen babesa lortze aldera, Macronek agindu zuen langabezia saria jasotzeko eskubidea zabalduko ziela enplegua beren kabuz uzten dutenei eta langile autonomo edo independenteei. Izango dute, bai, baina baldintzak zorrotzak jarri ditu, eta milaka gutxi batzuei soilik eragingo die.

Horrela, dimisioa ematen duten soldatadunek hiru baldintza hauek bete beharko dituzte: enpresan bost urtetik gorako lana egin izana, enplegu bilatzaile gisa erregistratzea, eta beste proiektu profesional baterako plangintza bat aurkeztu eta onartzen badiete. Pentsatzekoa da urtean 30.000 pertsona izatera ez direla iritsiko hori egiterik dutenak.

Autonomoen saria, berriz, apala izango da —800 euro hilean— eta laburra —sei hilabete, gehienez—. Gainera, beste baldintza bat bete beharko dute: soilik likidazio prozesuan dauden enpresetako langile autonomoek izango dute eskubidea.

Kolore anitz haserre horian

Errepresioak itoa

«Ez dute ulertu lortu arte segiko dugula; ez garela geldituko»

«Neoliberalismoak ez du promesa bete, eta erreakzio bortitzak eragin ditu»

Hurrengo borroka: pentsioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.