Ezin dira kexatu

Zorte ona izan dute euskal taldeek Kopako bigarren kanporaketako zozketan. Abenduaren 5etik 7ra bitarte jokatuko dira partida guztiak

Athleticeko jokalariak gol bat ospatzen aurreko kanporaketan. A. GARCIA / EFE.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko azaroaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Zortea alde izan dute Euskal Herriko futbol taldeek Espainiako Kopako bigarren kanporaketako zozketan. Lehen mailako euskal taldeak Bigarren Federazio Mailako taldeen aurka ariko dira. Kategoria horretako bi euskal taldeek, berriz, Espainiako Lehen Mailako taldeak hartuko dituzte. Partida bakarra jokatuko dute, abenduaren 5ean, 6an edo 7an, maila apaleneko taldearen zelaian. Hauek dira euskal taldeei egokitutako partidak: Terrassa-Alaves, Andratx-Reala, Cayon-Athletic, Melilla-Eibar, Levante-Amorebieta, Restao River-Celta, Tudelano-Las Palmas eta Eguesibar-Mallorca.

Espainiako Lehen Mailako taldeak pozik egoteko moduan dira. Maila apaleneko aurkariak hartuko dituzte hiru taldeek Osasuna hurrengo kanporaketan ariko da lehen aldiz. Reala eta Alaves abenduaren 6an ariko dira (16:00). Txuri-urdinak Balear Uharteetan ariko dira, Andratxen aurka. Arabarrak Katalunian ariko dira; Terrassaren aurka. Zuri-gorriak, berriz, etxetik oso gertu ariko dira, Kantabrian, abenduaren 7an (21:00). Santa Maria de Cayonera egingo dute bidaia, Cayonen aurka jokatzeko.

Bigarren Federazio Mailako euskal taldeek Espainiako Lehenengo Mailako aurkariak hartuko dituzte abenduaren 6an. Tudelanok Las Palmas hartuko du (21:00), Recreativo kaleratu ostean. Eguesibar, berriz, Mallorcaren aurka ariko da (19:00), Javier Aguirre Osasunako prestatzaile ohiaren taldea. Nafarrek Teruel garaitu zuten lehen kanporaketan. Lehen Federazio Mailako talde bakarra zegoen zozketan: Sestao River. Hark ere Espainiako Lehenengo Mailako talde bat hartuko du: Celta. Abenduaren 7an (21:00) izango da.

Espainiako Bigarren Mailako taldeek, aldiz, ez dute zortea alde izan, arrazoi desberdinak tarteko. Amorebietak Espainiako Bigarren Mailako talde handi bati egingo dio bisita abenduaren 6an (19:00). Ciutat de Valencian ariko dira zornotzarrak, Levanteren aurka.Eibarrek oso bidaia luzea egin beharko du. Melillaraino joan beharko du, Lehen Federazio Mailan aritzen den Melillaren aurka jokatzera. Abenduaren 7an izango da (20:00).

Final-laurdenak jokoan

Emakumezkoen txapelketako zozketa ere egin da. Final-zortzirenetako zozketa zen. Horregatik, aurkari gogorrak egokitu zaizkie euskal ordezkariei. Alaves izan da kaltetuena, zozketan zeuden hiru euskal taldeen artean Bigarren Mailan dagoen talde bakarra. Gasteiztarrek etxean jokatuko dute final-zortzirenetako partida, baina goi mailako aurkaria egokitu zaio: Atletico Madril. Lehiaketako azken txapeldunak faboritoen artean daude aurten ere. Athletic etxean ariko da, eta Espainiako hiriburuko beste talde bat jasoko du: Madril CFF. Talde sendoa da, eta sailkapeneko hirugarren postuan dago. Realak izan du zorterik handiena, txuri-urdinak etxetik kanpo arituko diren arren. Huelvan jokatuko dute, ligako azken sailkatuaren aurka: Sporting Huelva. Gaur arte puntu bakarra eskuratu dute.

Kanporaketak partida bakarrekoak izango dira, orain arte gertatu bezala, eta urtarrilaren 13an eta 14an jokatuko dira partida guztiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.