Gurutze Ezkurdia Arteaga.
Koronabirusa. HEZKUNTZA PENTSALDIAN

H+

2021eko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
COVID garaietan gero eta sarriagotan entzuten ditugu etorkizunari buruzko irakurketa beldurgarriak: krisi ekonomikoa dela eta, krisi sozialak gertatuko direla, beste osasun krisi gogorragoak izango direla, klima aldaketaren buelta ezina... Aldaketa bizitzaren ezaugarri aldaezina da: erreproduzitu egiten gara, baina gure seme-alabak ez dira gure igualak; ludiaren historiari begiratuz gero, klima etengabeko aldaketan dago, beroaldiak eta hotzaldiak etengabeko jarraipenean datoz. Egunerokotasunean ere aldaketa aldarrikatzen dugu, bizimoduetan, gizarte antolaketetan, kultura harremanetan, politikan eta beste hainbestetan. Baina aldaketak beldurra eragiten du, egoera berriak zer ekarriko duen eta nola moldatuko garen ez dakigulako. Azken finean, gure iraupena espezie bezala, aldaketan eta moldaketan oinarritzen da, eta bidean segurtasunak huts egiten duenean, beldur gara.

Espezie moduan ere aldatu gara. Gure espeziearen oinarrizko gaitasunak komunikatzeko erraztasuna eta teknologian gero eta trebeagoak izateko ahalmenak dira. Gizadiaren garapen historikoan argi ikusten dugu, ez bakarrik fisikoki, kultur moduetan ere aldaketa itzelak izan direla. XX. mendean izugarrizko aurrerapen teknikoak eta komunikatiboak asmatu dira, eta, horren ondorioz, bizimoduak erabat aldatu dira XXI. mende honetan. Teknifikazioak gure egunerokotasuna inbaditu du, eta lehen harreman pertsonaletan oinarritutako komunikazioa, gaur telematikoa bihurtu da.

Era berean, pentsamenduaren oinarrietan ere aldaketak aurkitzen ditugu. Orain arte Modernismoa, Humanismoa eta Postmodernismoa izan ditugu hizpide. Gero eta entzunagoak dira Transhumanismoa eta Posthumanismoa.

Transhumanismoak, —H+—, garapen teknologikoan du oinarria. Nazioarteko mugimendu kultural eta intelektuala da. Bere helburua giza izaeraren aldaketa da, gero eta erabiliagoak diren teknologien bidez, giza bizitzaren gaitasunak egokitzeko bai fisiko, psikologiko edo intelektual mailan. Pentsalari transhumanistek teknologiaren erabilerak ekar ditzakeen onurak eta kalteak aztertzen dituzte. Neurri baten, espekulazioa dute oinarrian, zeinetan post-gizakiak gaitasun handiko eta ez naturalen izaki berrietan aldatuko diren. Horrelako diskurtsoak zientzia fikziotik ezagutzen baditugu ere, gutxi hitz egin da transhumanismoaz gure artean. Joera filosofiko futurista hau Kalifornian sortu zen 1990eko hamarkadan, Max More amerikar filosofoaren eskutik. H+ari buruz egin diren manifestuek liberalismoarekin eta neoliberalismoarekin loturiko ideologietatik edaten dute. Badira ere faszismotik edaten duten autoreak, Klaus Schwab modukoak, zeinek Faszismoaren Birsorpen handia aldarrikatzen duen.

Egoera eta aldaketa berriek pentsaera eta ikusmolde berriak dakartzate. XX. mendeak ekarri duen oinarrizko aldaketa handia da, gaur eguneko gizaki askok,—oraindik ez da lortu modu planetarioan—, alfabetatuak izatea, eta asko, ikasiak, pentsamendu librea garatzeko aukera irekiz. Horrek eragin beharko luke, herri mugimenduek lidergoa hartuz, ideologia eta pentsamendu berri hauek aztertu, eztabaidatu, eta etorkizunari buruzko gizarte eredu propioak proposatzea, non oinarrietan etika, giza eta herri eskubideak egon behar diren, botereak kontrolatuak. Freireren asmo sakona zena, bidean doa, kontzientzia hartu, antolatu eta kontrola hartu. Hala bedi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.