Osasuna. Lehen mailako arreta

«Maite dut nire lanbidea, baina nazkatuta nago»

Malusa Barandiaran. Familia medikuen sektorea «oso prekarioa» dela uste du Barandiaranek. Egungo krisiaz harago, belaunaldi berririk eza eta prestigioaren galera aipatu ditu.

Malusa Barandiaran familia medikua. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2022ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Bokazio handia eta medikuntzarekiko grina igartzen zaizkio Malusa Barandiaran familia medikuari (Altsasu, Nafarroa, 1957); eta, hala ere, «erretiroa hartzeko irrikan» dagoela aitortu du. «Nire lanbidea maite dut, baina nekatuta nago. Nazkatuta ere bai. Eta triste. Pena ematen dit horrela aritzea, egoera prekario honetan».

Iruñeko Txantrea auzoko osasun zentroan egiten du lan Barandiaranek aspalditik. Azken bi urteak, baina, «inoizko gogorrenak» izan direla dio. «Aspaldian ezagutu gabeko estres maila sufritzen ari gara. Lehen, gripearen epidemiak eta halakoak ere oso txarrak ziren, baina astebete edo hamabost egun irauten zuten. Honekin bi urte daramatzagu, eta egoera honek harrapatu gaitu oso nekatuta».

Izurriaren ondorioz, osasun etxeen funtzionamendua «zeharo» aldatu dela uste du mediku altsasuarrak, bai barne antolaketari eta bai pazienteekiko tratuari dagokionez. Protokoloen aldaketa azpimarratu du. «Astero aldatzen dizkigute. Nik baditut gordeta... 40 protokolo? Ez, hori baino gehiago izango dira. Ehun bat, agian. Azken bi asteetan, adibidez, protokoloa aldatu digute ostiraleko azken orduan. Hortaz, astelehen goizean lanera iritsi, eta ez dakizu zeintzuk diren arau eta jarraibide berriak. Kaotikoa da».

Pazienteekin duen tratuari dagokionez ere, «burbuila batean sartuta egotearen sentsazioa» du Barandiaranek. «Izurriaren aurretik, paziente gehienak ezagun genituen: gaitz kronikoren bat zutenak, adinekoak... Bi urteotan, zeharo murriztu digute aurrez aurreko arreta. Orain, kontsulta gehienak telefonoz artatzen ditugu». Are: zenbait pazienteri «arrastoa galdu» dietela esan du: «Adin batetik aurrera, askok ez dute osasun etxera deitzen. Kontaktua galdu dugu, edo zeharo murriztu. Gure pazienteen profila ere aldatu da pandemiarekin. Orain, ikusten ditugu lanerako gaixo agiria behar dutenak».

Kontsultara joateari uztearen ondorioz, zenbait eritasun larriagotu direla antzeman dute osasun etxeetan. Kasu bat gogoratu du Barandiaranek: «Gure paziente batek hilabete bat baino gehiago zeraman etxean, min zehaztugabe batekin, baina osasun etxera etortzera ausartu gabe, izurriagatik. Ez zuen uste ezer larria zuenik, baina bazuen: kardiopatia iskemikoa. Bihotzeko bat». Oro har, «koronabeldurrak» dena baldintzatu duela uste du.

Izurriaz harago, ordea, lehen arretako osasun profesionalen krisia «aspalditik» datorrela eta «erro sakonak» dituela azaldu du medikuak: «Familia medikuen artean, adibidez, ez dago belaunaldi aldaketarik. Inork ez du lehen arretako mediku izan nahi». Auziaren analisi feminista bat ere egin du: «Ospitaleetako medikuak dira osasungintzaren aitak; eta lehen arretakoak, berriz, amak gara. Zer esan nahi du horrek? Bada, ez dugula autoritaterik ez prestigiorik, eta gure lana ikusezin bihurtuta dagoela». Barandiaranen irudiko, ez da kasualitatea lehen arretan gero eta emakume gehiago izatea: «Sektore feminizatuek beti dute prestigio txikiagoa. Unibertsitateetan ere ez zaio garrantzirik ematen gure espezialitateari».

Lehen arretaren okertzeak, baina, osasunaren kalitate orokorraren apaltzea dakarrela uste du, eta horrek «zentro pribatuei» soilik egiten die mesede: «Kaosaren erdian, probetxu ateratzen diote egoerari, gero eta jende gehiagok jotzen duelako haiengana». Hori dela eta, lehen arreta aurrekontuen eta zenbait ekintzaren bidez babesteko eskatu die arduradun politikoei: «Oinarrizko osasun arreta indartsudagoen herrialdeetan, askoz eraginkorragoa da osasungintza. Hobeki eusten zaio gizartearen osasun maila onari, eta gutxiago gastatu behar da tratamenduetan eta bestelakoetan. Hemen, berriz, agintariek beti ahotan darabilte lehen arreta, baina, lerroburuez harago, deus gutxi egiten dute. Hitz polit horiek ez dira gure egunerokoan islatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.