Frontex migratzaileen legez kanpoko itzuleren «konplize» dela salatu dute

EBren agentzia «hein bateraino» dago «inplikatuta» jardun horretan, ikerketa baten arabera

Frontex agentziako agente batzuk, Portugalgo kostan, artxiboko irudi batean. EFE.
ander perez zala
2020ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Frontex Muga eta Kostaldeetako Guardiaren Europako Agentziak zerikusia izan du migratzaileak legez kanpo itzultzeko hainbat kasutan, nazioarteko zenbait hedabidek argitara eman dutenez. Horien arabera, ikerketek «lehen aldiz» agerian utzi dute Europako Batasuneko (EB) mugen zaintzarako misioko arduradunek badutela Greziako mugazainen «legez kanpoko ekintzen» berri, eta agentzia migratzaileak itzularazteko lanetan ere «inplikatuta» dagoela, «hein bateraino bada ere». Hau da, talde komunitarioaren agentzia praktika horien «konplize» bilakatu dela.

Alemaniako Der Spiegel aldizkariko, Herbehereetako Lighthouse Reports eta Erresuma Batuko Bellingcat atari digitaletako, eta Alemaniako ARD eta Japoniako Asahi telebista kateetako kazetariek sei kasu dokumentatu dituzte iragan apiriletik hona, Mediterraneoko Egeo itsasoan, Greziaren eta Turkiaren arteko mugan; horietako batean, ekainaren 8an gertaturikoan, Frontexen ontzi bat ikus daiteke errefuxiatuen barku bat blokeatzen.

Ez hori bakarrik: Turkiako itsasoetara bidaltzeko xedearekin, barku horren aurretik abiadura handian pasatu zen, olatuak sortuz eta migratzaileen bizitza arriskuan jarriz. Bideoez gain, hedabideek irudiak, testigantzak eta barne dokumentuak bildu dituzte ikerketak iraun zuen bitartean, eta atzo eman zuten horietatik ateratako ondorioen berri.

Alemaniako aldizkariak aipatzen dituen kasuetako bat Jouma al-Badirena da. Greziako Samos irlara iritsi zen, hango segurtasun indarrek aurkitu zutelako; hortaz, nazioarteko legediaren arabera, Atenasi zegokion asiloa eskatzeko aukera eman, eta haren kasua aztertzea. Ez zen halakorik gertatu: Turkiako itsasoetara itzularazi zuten.

600 agente inguru

EBren mugen zaintzarako agentziak 600 agente inguru ditu Grezian, barkuak, droneak eta hegazkinak izatearekin batera, herrialde horretako gobernuak misioa «indartzeko» eskatu baitzion talde komunitarioari iragan martxoan.

Eskatu eta eman, Ankarari errua botata: «Muga irekita, Turkiak krisi bat sortu du. Europako segurtasun, askatasun eta justizia eremua babestea denon betebeharra da, horregatik bidali dituzte beste ehun agente Greziako mugara», adierazi zuen orduan Fabrice Leggeri misioko idazkari nagusiak. Bruselaren helburua da 2027rako 10.000 agente aritzea EBko 27 estatu kideen mugak zaintzen.

Der Spiegel-ek dioenez, Frontexek ez die kasu horiez iruzkinik eman. Atzo argitaratutako prentsa ohar baten bidez, misioak adierazi zuen bere agenteek jokaera arauak betetzen dituztela giza eskubideen arloan, eta debekatua dutela migratzaileak itzularaztea. Herenegun gauean, Alemaniako aldizkariak ikerketaren lehen aurrerapena eman zuenean, EBren agentziak Twitter sare sozialaren bidez adierazi zuen Greziako Gobernuak barne ikerketa bat abiatu duela. Atenasek hainbatetan ukatu du errefuxiatuak era horretara kanporatzen dituztela.

EBren mugen zaintzarako agentziak Poloniako hiriburuan du egoitza, eta, hedabideen ikerketaren arabera, legez kanpoko itzularazteei buruzko txostenak zentsuratu egin zituzten hara bidali aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.