garbine ubeda goikoetxea
EGUZKI EPELEAN

Nazka

2020ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Belarriluzea denak berez aditu behar ez lituzkeen kontuak ere entzuten ditu azkenerako, eta halaxe gertatu zitzaidan niri Bartzelonan, erreferendumaren aldeko prozesua agerikoa egiten hasi baino apur bat lehentxeago-edo. Bero sapak Ramblen inguruko kafetegi arranditsu horietako batean sarrarazi gintuen, arnasa erraztuko zigun aire egokituaren egarriz. Hantxe, freskagarria ahoan eta ukondoak barran genituela, hiruzpalau metro harago zegoen gizasemeari jarri nion arreta, nirekin heldu zen lagunari kasu eman beharrean.

Bere garagardoaren azken kondarrak apropos luzatuz eta emazte aspertua zirudienari ez ikusia eginez, berriketan enpatia bila ari zitzaion zerbitzariari, eta hark, barraren bestaldean eta uniforme zuri-beltz estuaren barruan tente, bere lan kontratuaren barruko zereginetan sartuko balitz bezala ematen zion segida, halako batean, harira inondik inora ez zetorren aitortza egin zion arte: «Nazka ikaragarria diot katalan hizkuntzari. Nola eska dakioke jendeari halako itsuskeria ikas dezan».

Lanera bidean goizeko lehen kafearen bueltan gurutzatu ohi nuen bulego garbitzailea oroitarazi zidan, 45 urte inguruko emakume filtro gabea, bere lanbideagatik baino gehiago seme-alaben gorabeherengatik ozpintzen zena eta berriketa luzeetan kateatzen zitzaidana nik nahi ala ez, egun batean, eta harira bete-betean zetorrela —euskal prentsan kolaboratzen nuela esan berri nion—, bihotza zabaldu behar izan zidan arte: «Nazka ikaragarria diot euskarari. Ezin jasan dut».

Lapurdiko kostaldera etorriz geroztik ez dut halako arbuio espresik entzun behar izan inon.

Aldiz, toki publikoetara jo eta euskaraz hitz erdi egiten dudan bakoitzean, automatikoki gaztelaniaz eginez edo euskaraz ari banaiz espainola izan behar dudala nabarmenduz ukatzen didate izatea, eta, bide batez, baita euskarari ere bere espazioa. Ez dakit zer den okerragoa. Nazkarena norberaren sentitzeko eskubidean kamuflatzen den xenofobia da; aitortzen den neurrian, konpongarria izan litekeena—berriketa luzea eginez eta pazientzia handiz, esaterako—, ez da itxaropenik galdu behar. Bestea debeku sistematikoa da, borondate onez eta lagundu asmoz mozorrotutako zapalketa. Oso-oso mingarria. Akituta uzten zaitu, nondik heldu ez dakizula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.