Teknologia berriak, abantaila eta arrisku

2020ko konfinamendua dela eta, teknologia berrien erabilera «finkatu» egin da hezkuntzan, eta EHUko EU Kids Online ikerketa taldeak haien onurak eta arazoak aztertu ditu.

Haur bat etxean, ordenagailuarekin. ELIAS L. BENARROCH / EFE.
Oihane Puertas ONA
2022ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Pandemiaren ondorioz, lehendik zegoen arrakala digitala handitu egin da. Horrek hezkuntza bazterketako egoerak sor ditzake ikasleen artean». Hori da Euskal Herriko Unibertsitateko EU Kids Online ikerketa taldeak atera dituen ondorioetako bat. Izan ere, Lehen Hezkuntzako irakasleek ikasleen alfabetatze digitalean izan dituzten esperientziak ikertu dituzte, Safer Internet Centre Spain 2.0 proiektuaren barruan. Hamazazpi erkidegoetako ikastetxeetan egin dute ikerketa, 115 irakaslerekin.

2020ko konfinamenduaren ondorioz, lanbide askotan «eskaera profesional berriak» sortu ziren. Irakasleek, esaterako, aurrez aurreko klaseak alde batera utzi behar izan zituzten, eta gailu teknologikoak eta online plataformak erabiltzen hasi. Ikertzaileek ondorioztatu dutenez, osasun krisiarekin «finkatu» egin da IKT informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera. Adierazi dutenez, erabilera hori «erabat erabakigarria» izan da irakaskuntzan, baina, aldaketak onurak eragin baditu ere, arriskuak eta arazoak ere ekarri ditu.

Irakasleek antzeman dituzte informazioaren eta komunikazioaren teknologiek irakaskuntzan eragindako abantailak. Digitalizazioak, esaterako, erraztu egin du irakasleen eta gurasoen arteko komunikazioa, bilera mistoak ezarri baitira. IKTek, gainera, aukera ematen dute ikaskuntza «autonomoagoa» sustatzeko, ikasle bakoitzaren gaitasun eta beharretara egokituz. Hala ere, ikerketaren arabera, teknologia horiek eraginkortasunez erabili ahal izateko, hobetu beharreko zerbitzu osagarri batzuk daude zenbait ikastetxetan: «Wifi sarearen egonkortasuna, kableen egoera optimoa eta mantentze lanen zerbitzu azkarra».

Arazo «larriak» agerian

Informazioaren eta komunikazioaren teknologiekin, ikaskuntza «metodo berriak» ezarri dituzte ikastetxeetan, baina, horrekin batera, konpondu beharreko arazo «larri» batzuk ere atzeman dituzte ikertzaileek.

Arazoetako bat da ikasle batzuek, baliabide falta dela eta,IKTak eskuratzeko desabantaila dutela. Ikerketaren arabera, alfabetatze digitala falta izateak ondorio «negatiboak» eragin ditzake ikaslearen ikaskuntza prozesuan. Horrekin batera, zenbait ikaslek «hezkuntzarako duten eskubidea galdu» dutela azaldu dute, ez dutelako baliabiderikIKTak eskuratu ahal izateko.

Ikerketa taldearen arabera, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzearekin batera, areagotu egin dira gazteenarteko liskarrak. Izan ere, Internetek sozializatzeko eremuak eskaintzen ditu, eta, Whatsapp taldeetan, esaterako, «bizikidetza arazoak» atzeman dituzte.

Ikerketa taldeak uste du irakasleen eta familien esku hartzea behar dela IKTek sortzen dituzten arazoei aurre egiteko. Irakasleek liskarretan oinarritutako «hezkuntza dinamikak proposatzen» saiatu behar dute, eta familiek, berriz, «inplikatuago» egon behar dute seme-alaben online hezkuntzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.