Koronabirusa. Hirugarren fasea

Zahar etxeak. Esperoaren osteko lehen momentuak

Euskal Herriko zahar etxeetan egoiliarrei bisita egiteko aukera dago. Protokoloak ezarri dira, egoeraren arabera. Bisitariak eta egoiliarrak «hunkituta eta urduri» egon dira

Egoiliar bat eta langile bat gernikako Calzada zahar etxean (Bizkaia). M.R. / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko ekainaren 9a
00:00
Entzun

Ia hiru hilabeteren ostean, Euskal Herriko zahar etxe gehienetan bisitak egiten hasi dira, baina herrialde eta zentro bakoitzak protokolo propioak zehaztu beharko ditu, bakoitzaren egoerara egokituta. Gipuzkoan eta Araban, esate baterako, atzo hasi ziren bisitak egiten, hirugarren fasean sartzearekin batera. Egoitzak itxita egon dira orain gutxi arte, eta egoiliarrekin telefono edo bideo dei bidez komunikatu dira ingurukoak; batzuk, baita hesiz bestaldera ere. Orain, bisitak egiteko aukera dago, baina kontaktu fisikorik gabe; ez musurik, ez besarkadarik. Bi metroko distantzia mantendu beharko da, eta segurtasun eta higiene neurriak ere bete behar dira. Gainera, bisitan joateko, derrigorrezkoa da aurrez txanda eskatzea.

Hunkituta eta urduri dagoela adierazi du Luis Lopezek. Arabako Foru Aldundiak Gasteizko Lakua auzoan duen egoitzan egon da bere emazteari bisita egiten; hain zuzen, egoiliarrak alzheimerra du orain 25 urtetik, eta urteak daramatza zahar etxe horretan. «Hesiaz bestaldera ikusi dut azkenaldian, baina denbora asko igaro da harekin aurrez aurre egon gabe; bisitan, badirudi bera ere ohartu dela, begietan nabaritu baitiot», azaldu du Lopezek. Kontatu du ez dutela seme-alabarik, eta «bakarrik eta oso gaizki» igaro dituela azken hilabeteak. Halere, adierazi du alzheimerra dutenen familien elkarte baten laguntza jaso duela konfinamenduan eta horrek lagundu diola etor zitezkeen egoerei aurre egiten.

Ordu erdiko bisita egin du gaurkoan Lopezek; 11:00etatik 11:30era, hain justu. Egunero egiteko asmoa dauka, pandemia iritsi baino lehenago bezala. Gainera, azaldu du zahar etxeetako langileek harrera «oso ona» egiten dietela bisitariei, eta esker ona adierazi die. «Zahar etxean oso langile adeitsuak daude; sari bat jaso beharko lukete une oro egiten duten lan ederrarengatik». Gaineratu du zentro guztietako egoera ez dela berbera, baina kasu honetan «bost izarreko hotela» dirudiela.

Lakua zentroko erizain laguntzailea da Naia Burgos. Jakinarazi duenez, goizean goizetik nabaritzen zen «urduritasuna eta gogoa» egoiliar batzuen artean, orain arte ez baitira ingurukoekin aurrez aurre egon. Jada bisita batzuk egin zituzten atzo, goizean eta arratsaldean, eta Burgosek gaineratu du pare bat «hunkigarriak» izan zirela. Gainera, azaldu du orain arteko komunikazioa telematikoa izan dela, eta batzuentzat baita «gogorra» ere; izan ere, aipatu du egoiliar batzuek «zentzu kognitiboak pixka bat murriztuta» dauzkatela.

«Pozik» egoteko arrazoiak

Lehen bisitekin batera, Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak ere agerraldia egin zuen atzo goizean Lakuako egoitzan. Azaldu zuen atzokoa egun berezia izan zela, Arabako Foru Aldundiaren esku dauden 11 zahar etxeetan ez dagoelako COVID-19 kasurik egoiliarren eta langileen artean, martxoaren 24tik lehen aldiz, eta, horrenbestez, «pozik» egoteko arrazoiak badaudela. Are, gaineratu zuen herrialdeko egoitza pribatuetan ere urratsak egiten ari direla; egun, 11 egoiliarrek dute koronabirusa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.