Euroak hogei urte. Atzera begirakoa

Etorkizuna ate joka

Teknologia enpresaren batek garatutako diru digitala azkar hedatuko balitz, ondorio nabarmenak lituzke ekonomian. Alternatiba gisa, euro digitala diseinatzen ari da EBZ. Bi urteko epea jarri dio bere buruari.

BERRIA.
joxerra senar
2021eko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Urte batzuk barru, zinema txartela erosteko, azken orduko hegaldi bat hartzeko, beste inon ikusi gabeko galtza horiek bereganatzeko, edo, zergatik ez, eguneroko erosketak egiteko, euro digitala erabili ahalko da, ohiko ordainketa moduez gain. Edo bederen hori nahi du Europako Banku Zentralak. Izan ere, urte batzuk barru diru mota digitalak nagusituko direla ematen du. Gaia korapilatsua da, eta erpin ugari ditu. Hasteko, ez dago argi errealitate horrek egiazki zer itxura hartuko duen, zer abiadan hedatuko den, ezta zenbateko eragina izango duen ere ekonomian eta gizartean, herritarren eta enpresen artean. Haatik, komeni da prest egotea.

Aldaketa badator, denen begien aurrean. Iazko abenduan EBZk kaleratutako baina pandemiaren aurretik egindako inkesta batean, agerian utzi zuten ordaintzeko modu berriak hedatzen ari direla. Oraindik ere, lau erosketatik hiru eskudirutan ordaintzen dira euroaren eremuan, eta gainerakoa batik bat txartelarekin—apurka, gero eta gehiago—. Interneten egindako erosketei dagokienez, %96 ez dira eskudirutan ordaintzen, baizik txartelarekin, transferentziekin edo bestelako sistemekin.

Inkestak bazituen beste bi aldagai interesgarri. Batetik, 2019 amaieran ateratako argazki horrek jada aurreratzen zuen merkataritza elektronikoak gero eta pisu ekonomiko handiagoa duela. Hala, europar batek egunean 1,6 produktu erosten ditu kalean, eta 25 euro gastatzen batez beste. Interneten, berriz, 0,16 produktu erosten ditu, baina batez beste 66 euro gastatzen. Bestetik, herrialde batzuetan digitalizazioa askoz ere hedatuagoa dago: Finlandian eta Herbehereetan, kasurako, erosketen %35 egiten dira eskudiruz. Azkenik, agerikoa denez, COVID-19ak bizkortu egin du erosketa elektronikoen prozesu hori.

EBZren azterketa

Merkataritza elektronikoaren hedatzea ez da bere hartan geratuko, eta aurrerago, dirua erabiltzeko modu berriak agertu daitezke. Auzia ez da diru digitala etorriko ote den, noiz etorriko den baizik. Oraindik etorkizun urruna dirudi, baina euro digitala jaulkitzeko arriskuak, aukerak eta ondorioak aztertzen dihardu EBZk. Atlantikoaren beste aldean ere, AEBetan, horretan ari dira.

Prozesu hori oso azkar zabalduz gero, arriskua dago sistema horretatik kanpo uzteko gizartearen sektore zabal bat. Egun, eskudiruaren abantailak oharkabean igarotzen dira: ukitu egin daiteke, salerosketaren pribatuta- suna bermatzen du, eta ez du inongo azpiegitura teknologikorik behar. Digitalizazioak kolokan jar dezake hori. Horregatik, EBZren arabera, eskuko diruaren pare, euro digitalak «erabilerraza» izan beharko luke, «edonoren eskura egon eta pribatasuna bermatu».

Batez ere teknologia enpresa erraldoiak garatzen ari dira diru digitalerako proiektuak, eta arriskua dago haietako bat azkar orokortzeko, denen sakelakoetan diren egitura teknologikoak baliatuta —Googlek, kasurako—. EBZren arabera, horrek Europako «subiranotasun finantzarioa, ekonomikoa eta azkenik politikoa mehatxatuko luke». Mehatxu hori ikusirik, euro digitalak segurtasuna eman eta finantza egonkortasuna ziurtatu beharko lukeela uste du.

Nazioarteko estatusari begira ere atzerriko banku zentral baten diru digitalak bazterrean utz dezake urteotan guztiotan euroak hartutako tokia. Dena dela, EBZk uste du hark bultzatutako diru digital bat aukera bat izan daitekeela, euroaren tokia indartzeko.

Era berean, EBZk iritzi dio finantza sistemaren eta ekonomiaren digitalizazioa bultzatu dezakeela, eta negozio aukera berriak sortu. Adibidez, ordainketa zerbitzuen bitartekariek zerbitzu sorta eskain diezaiekete enpresei eta erosleei, eta diruaren hornitzaile izan daitezke, «kostuak murriztuz» eta Internet bidezko ordainketetan konponbide europar bat emanez. «Euro digital batek Europaren autonomia bermatu dezake txikizkako ordainketak egiteko hain estrategikoa den sektore batean», zehaztu du.

Finantza sistemari begira

Diru digitalak ondorio zuzenak ditu finantza sisteman, bankuen bitartekaritza rola kolokan jar dezakeelako, eta, ondorioz, interes tasa bidez diru politika ezartzeko katea moztu daitekeelako, EBZren beraren funtzioa ahulduz. Beste arriskuen artean, EBZk uste du bankuek zerbitzuak garestituz erantzun dezaketela, edo, ohiko negozioa kolokan jar daitekeenez, arrisku handiko inbertsioetan sar daitezkeela. «Adibideok azpimarratzen dute euro digitalaren diseinua kontu handiz hartu behar dela, aintzat hartuz diru politikaren transmisioan eta finantza egonkortasunean zer ondorio izango dituen». Atzean antzematen da aldaketa erronka handi bat izango dela sistemarentzat eta EBZrentzat berarentzat. Bere balantzea eraldatzera eraman dezake, hala nola euro digital hori sostengatuko duten aktiboak bereganatzera bultzatuz.

Zibererasoen mehatxuari ere garrantzia ematen dio, finantza egonkortasuna kolokan jar dezaketelako. Horregatik, euro digitalak zibererasoen kontra «erresilientea» izan beharko duela diote txostenean.

Azterketa hori iazko urrian kaleratu zen, eta handik bederatzi hilabetera, udan, euro digitalaren proiektua abiarazteko prozesuari ekin zioten. Bi urte iraungo du. «Gure lanak bermatu nahi du, garai digitalean, herritarrek eta enpresek modua izango dutela diru mota seguruena erabiltzeko; banku zentralaren dirua, alegia», aipatu zuen Christine Lagarde EBZko buruak. Bi urteotan, euro digitalaren proiektua garatuko dute legedi aldaketetan, herritarren beharra eta ondorioak azterturik. Bidea hasi besterik ez da egin. Etorkizuna ate joka ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.