Oso hotza eta gogorra. Bi hitz horiek jaso dezakete Beroiz sendiaren bizipena. Aita galdu berri dute. Astearte goizean, Zarauzko Santa Ana adinekoen egoitzako (Zarautz, Gipuzkoa) mediku baten dei batek eman zien abisua. Bazekiten pattal zegoela, baina ez zuten hain bat-batekorik espero; medikuak berak ere halaxe helarazi zien. COVID-19 gaitza zuen aitak, eta, hil ostean ikusi nahi bazuten, traje berezi bat jantzita eta bi metroko distantzia mantenduz ikusi ahal izatea eskaini zieten, eta berrogeialdia beteko zutela hitzemanda joan zitezkeen ikustera. «Anai-arrebok erabaki genuen nahiago genuela aita bizirik gogoratu». Mikel Beroizek anaia bat eta arreba bat bizi ditu Zarautzen, beste bat Azpeitian (Gipuzkoa) eta beste bat Londresen. Ezin izan dira elkarrengana hurbildu ere egin. Bideo deien bidezko bilerak izan dira elkarrekin negar egiteko guneak. «Gogorrena aita agurtu ezina izan da». Oso lagungarria izan da senideok bideo dei bidez bada ere elkar ikustea, «baina ez da gauza bera».
Erraustu ere bakardadean egin zuten. Ostegunean jaso zituen Beroizek Zarauzko beilatokitik errautsak. Bizkaiko baserri batean duten zelaigunean zuhaitz bat landatuz oroituko dute, senide guztiek elkartuta,«hau dena pasatzen denean». Baina bestelako agur bat ere izango da herrian. «Gure aita nahiko lagunartekoa zen, eta herriko askoren doluminak jaso ditugu; kirol elkarteko xake taldeko arduraduna ere izan zen bolada batez, eta jendeak gogoan du. Haiek ere agurtu dezaten jarriko dugu egun bat».
Eta amarengatik dute kezka orain. Hura ere adinekoen egoitzan dago. Positibo eman du koronabirusaren proban, eta, gainera, pneumonia garatu du. Bakartuta dago erabat. Egunero jasotzen dute egoitzako medikuaren dei bat, amaren osasunaren bilakaeraren berri emanez. Eguneko dei horren zain nerbioak airean egoten dira. Halere, azpimarratu nahi dute Santa Ana egoitzako langileen jarrera. Gainezka badaude ere, asko eskertzen diete egiten ari diren lana. «Amak alzheimerra ere badu. Egoitzako medikuak ez zigun aholkatu ospitaleratzea. Lekuz mugitzeak aztora zezakeelako, eta ospitalean ematen dituzten botikak eman diezazkioketelako». Horregatik erabaki dute han uztea; «orain izutzen gaitu pentsatzeak ama ere bakarrik hilko dela. Telefonoa jotzeko beldurrez gaude».
Eta egiten du gogoeta ere adin batetik gorakoen aurka gaitz hau den krudelaz: «Jende hau gerra ostekoa da. Bizitza osoa astoak bezala lanean pasatu dute. Azken urteetan izan dute zerbait gozatzeko aukera; bizitzaren amaiera bakarrik eman beharra oso gogorra da». Agurrari berari buruz ere hausnartu du «Lehen etxean agurtzen genituen gure hildakoak. Asko aldatu da».
Koronabirusa. Heriotza
«Gogorrena aita agurtu ezina izan da»
Beroiztarrek aita galdu berri dute. Bakarrik hil zen, eta seme-alabek ezin izan dute agurtu ere egin. Nor bere etxean daude, eta anai-arreben arteko bideo deiak izan dira une mingarriotarako ukendu, jende askoren dolumin mezuez gain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu