Gailurretik lurrera

Pandemiaren bi urteak galga handia izan dira hotelen sektoreak azken hamarkadan Hego Euskal Herrian izan duen zabalkundean. 2019ko okupazio datu onak urrun gelditu dira; hala ere, hainbat hotel berri ireki dituzte hiriburuetan.

Imanol Magro Eizmendi.
2021eko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Pandemiak, momentuz, bi urte gogor ekarri dizkio Euskal Herriko hotelen sektoreari, eta kolpetik eten du azken hamarkadan izaten ari zen gorakada. Donostiako hotelen elkarteko datuen arabera, azken hiru urteetan %20 goratu da hiriko ohe kopurua, eta iaz zortzi hotel berri ireki zituzten. COVID-19a agertu aurreko aurreikuspen onak hauspotuta, hotel berri asko eraikitzen hasi ziren, eta beste batzuek berritze lan sakonak egin zituzten. Aurten, berriz, ez dute hotel bakar bat ere ireki Donostian, baina abian dauden egitasmo guztiek jarraitzen dute. Bilbon, egoera antzekoa da: aurten gutxik ireki dute, baina handiak, besteak beste, San Mameseko Ilunionek edo Kale Nagusiko Cataloniak.

Pandemia, baina, galga handia izan da, bai behintzat Hego Euskal Herrian. Iparraldean, ordea, iazkoa uda ona izan zen. Datu ofizialen arabera, 12.800 hotel oheen %93 okupatu ziren abuztuan. Alde horretatik, nabarmentzekoa da hotelez haratago duen kanpin eta bungalow eskaintza handia: 33.000 ohe guztira. Hegoaldeari erreparatuz, Bilbo da ohe gehien dituen hiriburua: 7.356 ziren 2019an, hotel guztiak irekita zeudenean. Europa Press agentziak hoteletako iturrien bitartez lorturiko datua da. Urte hartako abuztuan %86 okupatu ziren; iazkoan, aldiz, %38; eta aurtengo apirilean, %18 baino ez. Hotel horiek, garairik onenean, 1.303 langile zituzten.

Donostian, berriz, 2019an, 6.098 hotel ohe zeuden, eta 1.133 langilek ziharduten hoteletanazpikontrataturiko zerbitzuak ez dira zenbatzen. 2019ko abuztuan %88ko okupazioa izan zuten; iazkoan, aldiz, %63koa, eta aurtengo apirilean, %21ekoa. Hotel elkartearen arabera, hiriaren BPGaren %16k harreman zuzena du turismoarekin. Gasteiz da ohe gutxien dituen euskal hiriburua: 3.003 guztira, eta 270 langilek dihardute hoteletan. 2019ko abuztuko okupazioa %70ekoa izan zen; iazkoa, aldiz, %43koa, eta aurtengo apirilekoa, %25ekoa.

Iruñean, azkenik, Europa Pressen eta hotel elkartearen datuak ez datoz bat, baina aldeak txikiak dira. Agentziaren arabera, 2019ko abuztuan oheen %74 okupatu ziren; iaz, berriz, %39, eta aurtengo apirilean, %23. Elkartearen arabera, ordea, 2019ko udako okupazioa %87koa izan zen, eta iazkoa, %44koa. 3.456 ohe hotel daude, eta 2019ko uztailean 510 langilek ziharduten. Hiri guztietan 2019an iritsi ziren langile kopuru handienera. Egun, txikiagoa da; batetik, eskaintza txikiagoa delako, eta, bestetik, aldi baterako erregulazioengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.