EH Bilduk atzo ilunabarrean jakinarazi zuenez, koalizio subiranistak akordioa lortu du Espainiako Kongresuko PSOE eta UP Unidas Podemosekin, pandemia garaian etxebizitzari eta oinarrizko hornikuntzei buruz harturiko neurriak «beharrezkoa den bitartean» mantentzeko. EH Bilduk aurkezturiko legez besteko proposamenak kongresuko gehiengoaren sostengua lortu zuen atzo, eta biharko osoko bilkuran onartuko dute, PSOErekin eta UPrekin adostutako erdibideko zuzenketarekin.
Espainiako Gobernua osatzen duten alderdiek neurri horiei eusteko konpromisoa idatziz hartzea «lortu» du EH Bilduk, koalizioak jakinarazi duenez, «izaera iraunkorreko beste mekanismo batzuk indarrean sartu arte». Horri esker, «mekanismo berriak onartzen diren bitartean, neurri sozialak behar den denboran luzatuko dira», EH Bilduk azaldu duenez: «Horrela, familia, pertsona eta kolektibo ahulenek etxegabetzeen eta oinarrizko hornidura mozketen aurkako babesa izaten jarraitu ahal izango dute».
Zehazki, hauek dira lortutako akordioak: argindarraren, gas naturalaren eta uraren horniduraren mozketak «behar den denboran» debekatzea, «bizitoki alternatibarik gabeko» etxegabetzeak etetea, eta alokairuaren ordainketa aldi baterako atzeratzea «egoera zaurgarrietan». Hiru alderdiek atzo arratsaldean izenpetutako idatzian jaso dutenez, neurri horiek lege dekretu bidez luzatuko dituzte datorren urriaren 31 baino lehen, egun horretan amaitzen baita «ezarritako epea».
«Ahulenak babesteko»
EH Bilduk uste du akordioak «pandemiak eragindako krisi sozioekonomikoaren ondorioz egoera latzean edota bazterketako arriskuan dauden pertsonen beharrei» erantzungo diela. Oskar Matute bozeramaileordearen hitzetan, hain zuzen, «erdietsitakoa pandemiak gogorren jo dituen sektoreen egoera zertxobait arintzeko aurrerapausoa da». Azpimarratu du «espazioak» bilatu behar direla «etxebizitza duina, energia, argia eta ura oinarrizko eskubideak badira, horiek bermatzeko».
EH Bilduk positiboki ikusi du «ezkutu sozialeko aldi baterako neurrien iraupena zabaltzea», eta «txalotu» egin du Espainiako Gobernuko alderdiek erabaki hori babestu izana. Koalizioak uste du «ezinbestekoa» dela horretarako mekanismoak sortzea, «egoera sozial eta ekonomiko ahulean dauden herritarrei modu eraginkorragoan» aurre egiteko: «Urte eta erdi baino gehiagoan neurri horiek posible izan badira eta kolektibo ahulenak babestu badituzte, ezinbestekoa eta premiazkoa da hala izaten jarraitzea; eperik gabe, adabakirik gabe, modu iraunkorrean, betiko».
Koronabirusa
Neurri sozialak luzatzea adostu dute EH Bilduk, PSOEk eta UPk
Argindarraren, gas naturalaren eta uraren mozketak debekatzea, etxegabetzeak etetea, eta «egoera zaurgarrietan» alokairuaren ordainketa atzeratzea bildu dute akordioan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu