Boris Johnsonek ez ditu behar bezala kudeatu Erresuma Batuko Gobernuaren barruan izandako eta azaleratutako eskandaluak. Kasu horiek hesitu egin dute azken hilabeteetan, Alderdi Kontserbadoreari kalte egin diote, eta, horrenbestez, diputatu toryak aspalditxotik ari zitzaizkion esaten Downing Streeteko 10. zenbakitik alde egin behar zuela. Asteon areagotu egin dira eskaera horiek, kabineteko ia 60 kidek dimisioa eman eta gero. Orduan, presiopean, amore eman eta lehen ministro karguari uko egin zion atzo Johnsonek. Hori bai, toryek bere ordezkoa aukeratu bitarteanagintean jarraitzeko asmoa du. Datorren astean dira iragartzekoak primarioen prozesuaren egutegia. Aurreikuspenen arabera, alderdiak urriaren 2tik 5era urteroko kongresua egin aurretik dira lider berria aukeratzekoak.
Eskandaluez hitz bat bera ere esan gabe eta alderdikideak akusatuz dimititu du 2019ko uztailetik lehen ministro izandakoak. Haren esanetan, ahalegindu da bere kideei erakusten «bitxia» litzatekeela gobernua aldatzea 2019ko hauteskundeetan lortutako emaitza oso onaren ondorioz herritarrengandik jasotako agindua «hain handia» izanik eta egoera ekonomikoa «hain zaila» denean. Onartu zuen, ordea, ez duela «arrakastarik» eduki «argudio» horiekin. «Ikusi dugu artalde sena indartsua dela Westminsterren; artaldea mugitzen denean, mugitu egiten da», egotzi zien gobernukide izandakoei, azken egunetako dimisio jarioa gogoan. Autokritika zantzurik ez zen egon Johnsonen hitzetan, baina kontzesio bat egin zuen: «Politikan inor ez da ezinbestekoa».
Downing Streeteko 10. zenbakiaren atarian egin zuen agerraldia Johnsonek, Euskal Herrian 13:30ak zirenean. Kabinetean leial izan zaizkionen txaloen artean mintzatu zen hiruzpalau minutuz. Adierazpena bukatuta, ez ez zuen galderarik onartu, eta atzera sartu zen 10. zenbakian.
Dimisioa eman baino ordu bakan batzuk lehenago Johnsonek ez zeukan kargua uzteko asmorik. Hori esan zuen herenegun Komunen Ganberan, kontrol saioan, eta hori adierazi zien, ordu batzuk geroago, aurrez aurre amore eman zezala eskatu zioten gobernuko kide batzuei. Ezezkoan zegoen, hortaz. Atzo goizean goiz, baina, jakinarazi zuen Ipar Irlandarako ministro Brandon Lewisek ere dimititu egin zuela, eta Johnsonek bezperan izendatutako Ekonomia ministro berriak, Nadhim Zahawik, «zuzen» jokatzeko eta kargua uzteko eskatu zion Johnsoni. Hiruzpalau ordu geroago egin zuen agerraldia.
Ikusteko dago Johnsonek nola jokatuko duen hurrengo asteetan, zein profil edukiko duen jarduneko lehen ministro moduan. Hasteko, kabinete berri bat osatu du. Esaterako, James Cleverly izango da Hezkuntzako ministroa, Kit Malthouse Presidentetzakoa, Greg Clark Lurralde Kohesiokoa eta Shailesh Vara Ipar Irlandarakoa.
Kinieletan, Ben Wallace
Nolanahi ere, datozen egun eta asteetan Alderdi Kontserbadoreko buruzagi berria aukeratzeko primarioek bereganatuko dute arreta, hautatua Erresuma Batuko lehen ministro izango baita, sekulako ezustekorik ezean. Johnsonek atzoko agerraldia baliatu zuen Komunen Ganberako diputatu toryei eztenkadak emateko: «Argi geratu da parlamentuko Alderdi Kontserbadorearen nahia dela beste lider bat edukitzea, eta, hortaz, beste lehen ministro bat edukitzea».
Joan den urtarrilean jakin zenetik pandemian, neurri murriztaileak ezarrita zeudenean, gobernuko kideek zenbait festa egin zituztela Downing Streeteko 10. zenbakian, hamaika kiniela egin dituzte Johnsonen balizko ordezkoekin. YouGov etxeak toryen oinarriekin inkesta bat egin du azken orduetan, eta 716 kideri galdetu die nor aukeratuko luketen Johnsonen ordezko. %13k Ben Wallace Defentsa ministroa aukeratu dute; %12k, Penny Mordaunt Armadarako Estatu idazkari ohia; %11k, Rishi Sunak asteartera arte Ekonomia ministroa izandakoa, eta %8k, Liz Truss Atzerri ministroa, beti Johnsonen defentsan atera izan direnetako bat. Halere, lau horietako bakar batek ere ez du adierazi primarioetarako hautagai izango denik.
Keir Stamer Alderdi Laboristako liderraren ustez, Johnsonen dimisioa «albiste on bat» da, baina iruditzen zaio ezin duela jardunean jarraitu. «Argi geratu da beti izan dela kargurako desegokia. Hamaika gezurren eta eskandaluren erantzule izan da, eta konplize izan direnek lotsatuta egon beharko lukete». Horregatik, eta «interes nazionala babesteko», oposizioko buruak ez du baztertzen Komunen Ganberan Johnsonen aurkako zentsura mozio bat aurkeztea. Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak adierazi zuen «arintze sentsazio bat» dagoela Johnsonen erabakiaren ondoren, baina ez dela «jasangarria» hark udazkenera arte jarraitzea. Theresa May diputatu toryaren iritziz, ordea, ez da jarduneko beste lehen ministro bat egongo.
Erresuma Batua. Boris Johnsonen dimisioa
Alderdikideak akusatuz dimititu du Boris Johnsonek
Amore eman eta Erresuma Batuko lehen ministro izateari uko egin arren, jardunean jarraituko du Alderdi Kontserbadoreak lider berria aukeratu bitartean. Toryak datorren astean dira iragartzekoak primarioetarako egutegia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu