Luhusokoa epaitzeko eskatu du fiskaltzak

2023ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Terrorismoaren aurkako Frantziako Fiskaltzak Parisko Zigor Auzitegira bidali nahi du Luhusoko operazioari lotutako auzia, eta Jean Noel Etxeberri Txetx eta Beatrice Molle auzipetzeko eskatu du, ETArekin lotuta armak edukitzea eta garraiatzea leporatuta. Haatik, Stephane Etxegarai Etxe epaiketatik kanpo uzteko eskatu du.

Eskaera «onartezina» dela salatu dute Bakegileek ohar batean, Luhusoko (Lapurdi) ekintza Euskal Herriko gatazkaren konponbide prozesuan «mugarri bat» izan zela azpimarratuta. «Auzibidean diren pertsona guzien hobengabetzea galdegiten dugu».

Instrukzio epaileak otsail hasieran eman zuen bukatutzat ikerketa judiziala, eta astelehenean eskuratu zuen fiskaltzaren eskaria Jean François Blanco Etxeberri eta Etxegarairen abokatuak. Auzirik ez izateko eskatuko duela baieztatu du; gauza bera egitekoa du Mollen abokatuak ere. Instrukzio epaileak izanen du azken hitza. «Epaiketa egin behar dela erabakitzen badu, errugabe jotzeko eskatuko dut», adierazi du Blancok.

Ekintzaileen «ausardia politikoa» azpimarratu du abokatuak. « Bakegileek gure aitortza merezi dute, armagabetzea ahalbidetu baitzuten; ETAren desegitearekin amaitu zen», gogoratu du. Armak edukitzea eta garraiatzea legez kanpokoa izanik ere, «intentzioak» garrantzia duela nabarmendu du Blancok. «Gaitzesgarria da intentzio kaltegarriak daudenean. Kasu honetan goresgarria da. Bakegileen ekintzak eta ausardiak ahalbidetu zuten armagabetzea eta desegitea. Ausardia behar zen egin zutena egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak