Zenbait zientzialarik «lokartutako erraldoia» deitu izan dioten hori esnatzen ari da: permafrosta badoa, pixkanaka. Artikoa munduko gainontzeko lekuak baino bi aldiz gehiago ari da berotzen, eta horrek ondorio zuzena du lurzoruaren erreakzioan. Permafrosta «baldintza termiko bat» da, Ibai Rico EHUko glaziologoaren hitzetan: bi urtez baino gehiagoz izoztuta egon den lurzoruari esaten zio horrela, baita egoera horretan egon diren arrokei eta lohiari ere. Gehienak latitude altuan daude; Artikoan, batez ere.
Permafrosta ipar hemisferioan ageri da gehien, «kontinenteen banaketa ez baita berdina planeta osoan», Eñaut Izagirre glaziologoaren esanetan. «Goi latitudeetan, klima hotza den eremua nahiko zabala denez, han agertzen da %95etik gora». Egun, hortik urruti dago Izagirre: patagonia txiletarrean, hango geologia ikertzen.
IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak duela bi aste argitaratu zuen aurtengo txostena. Datu argiak eman dituzte han: «Glaziarrak, elurra, izotza eta permafrosta desegiten ari dira, eta bide horretatik segituko dute. Horrek arriskuan jar dezake jendea, luiziak, elur-jausiak, lur-jausiak eta uholdeak eragin ditzakeelako, besteak beste». Txostenean argitaratutako datuen arabera, 2100. urterako, gaur egungo gas igortzeak mantenduz gero, izotz masaren %80 galduko dute Europan, Afrika ekialdean, Andeetan eta Indonesian aztertu dituzten glaziarrek.
Urteetan izoztuta egon den permafrosta berotzen ari da, eta, beraz, desizozten. IPCCk iraungitze data jarri dio permafrostari: «XXI. mendean urtuko da». Emisioak gutxituz gero prozesua pixka bat geldiarazi daitekeelakoan daude, baina, egungo martxan jarraituz gero, ez diote etorkizun oparorik ikusten.
Zaila da kopuruez hitz egitea, baina, Ricoren arabera, uste dute dute permafrostaren barruan atmosferan dagoen karbono kantitatearen bikoitza dagoela gordeta; alegia, 1,5 bilioi tona. «Azken mendeko klima aldaketa antropiko [gizakiak eragindako] honetan, zalantza ugari daude permafrostaren inguruan, zaila delako asmatzen zenbat CO2 eta metano askatuko duten. Gertatzen ari da, potentzial izugarria dauka, eta esaten da erloju-bonba bat izan daitekeela, klima aldaketa bera azeleratuko baitu».
Baina zerk osatzen du permafrosta? Materia organikoa da, finean. «Porotsua zen ingurune bat harrapatuta geratu da izotzean. Aire burbuilak harrapatuta geratu dira han, eta horiek jasotzen dute une horretan airean zegoen egoera edo kimika», kontatu du Izagirrek. Karbonoa eta metanoa pilatzen dute izoztutako burbuila horiek. Karbonoa planetako oinarrizko elementua da, eta haren zikloa ezinbestekoa da bizirako.
Permafrosta urtu ahala, urpean pilatutako metanoa askatzen du, lurrazaletik atmosferara. «Berotegi efektuaren oinarria da. Modu naturalean sortu da, baina, egungo egoeran, gehikuntza nabarmena eragiten du». Metanoa eta karbono dioxidoa askatu ohi ditu permafrostak, eta badago aldea ondoren bi gasek egiten duten bidearen artean, Izagirreren arabera: «Metanoak egonaldi laburra egiten du atmosferan, hamar bat urteren ondoren desagertu egiten baita, erreakzio kimiko batzuengatik. CO2ak, aldiz, ehunka urte iraun dezake han».
Gurpil zoro bat da: planeta zenbat eta gehiago berotu, orduan eta permafrost gehiago desegiten da; hala, zenbat eta metano gehiago isuri atmosferara, orduan eta gehiago bizkortzen da berotze globala. Ricoren esanetan, klima aldaketak «atzeraeragin positiboko zikloak» izaten ditu: «Tenperatura igotzen da guk berotegi gasak isurtzen ditugulako; horrek permafrosta degradatzen du, eta handik CO2 eta metano gasak askatzen dira». Metanoa proportzio txikiagoan askatzen dela azaldu du, baina berotegi efektuan duen eragina handiagoa da CO2arena baino.
Horren ondorio zuzena jasaten dute Artikoan. «Eremua izugarri murrizten ari da», Ricoren hitzetan. «Artikoko kostaldean —Alaskan, Kanadan eta Siberian— %34 permafrost da. Hor izugarrizko prozesua gertatzen ari da». IPCCk argitara eman dituen datuak erabilita, mundu osoko permafrosta mende amaierarako %24 eta %70 artean gutxitu daitekeela esan du Ricok. Hainbat egoera gerta daitezke, eta klima larrialdiaren aurrean hartutako neurrien arabera egongo da errealitatea gertuago zenbaki batetik edo bestetik; oraingoz ezin dute hori zehaztasunez aurreikusi.
Kalteak suma daitezke
Itsasoan gertatzen denak badu eragina lehorrean ere, eta Izagirrek eta Ricok bat egin dute egoera azaltzeko emandako datuan: 1980ko hamarkadaz geroztik, itsasoko izotzaren %40 urtu da. Izotzik gabeko itsas azalera handitzeak harrotu egiten du itsasoa; olatu handiagoak sortzen dira, eta higadura handitzen da kostaldean. Inguruko zenbait tokitako azpiegituretan kalte handiak eragiten ditu horrek.
Egoerari alde positiboa bilatzen dionik ere bada, Ricoren esanetan, eta batzuek aurkeztu dituzte irtenbideak: «Batzuetan esaten da permafrostaren degradazioak landaretza handitu dezakeela. Ekosistema berriak sortuko omen dira Artikoko inguruneetan, eta sortutako landare horiek xurgatuko dute desizoztutako permafrostak igorritako gasaren zati bat. Orain arte ikusi da permafrostetik askatu daitekeen gas kopurua askoz ere handiagoa dela landareek konpentsatuko luketena baino». Egoerari ez dio irtenbide argirik ikusten, beraz.
Kalteez jabetzeko, ez dago etorkizunera begira jarri beharrik, dagoeneko nabarmenak baitira zenbait eskualdetan. Hasteko, permafrostaren degradazioak eragin globala du, Artikoan askatutako gasak atmosferara igorriko dituelako. Inguruko guneetan, berriz, bestelako kalteak ere jasaten dituzte: «Lurra hondora daiteke: azpiegiturak, trenbideak, errepideak, oliobideak... Guri urrun geratzen zaigu, gure inguruan permafrostak apenas duelako eragin zuzenik, baina Artikoko komunitateetan izugarrizko eragina dute», esan du Ricok. Izagirrek gogora ekarri ditu Siberiako tundrako etxebizitzetan eragindako txikizioak ere.
Mendialdeetan ere bai
Permafrost guztia ez dago Artikoan, ordea: mendialdeetako permafrostak edo permafrost alpinoak eragin handia du zenbait tokitan. Azpiegituretan arazoak izaten ari dira Alpeetako zenbait tokitan, Ricoren arabera: mendiko aterpeak lekuz aldatu behar izaten dituzte, esaterako. «Chamonix [Frantzia], adibidez, Europako mendizaleentzat leku garrantzitsua da; turista ugari elkartzen dira han. Ingurua asko ikertzen ari dira, permafrosta degradatzen denean, leku askotan arroka erorketa handiak gerta daitezkeelako, eta gertatzen ari direlako».
Izan ere, Ricok azaldutako «baldintza termikoa» ez da lurzoruan soilik gertatzen. Mendiak eta arrokak ere egon daitezke permafrost egoeran: «Arrokak trinkotu egiten dira orduan, barneko hezetasunak kohesioa ematen die». Hori desizozten bada, ordea, egonkortasuna galtzen du, eta, aldapa handiak dauden lekuetan oso arriskutsua izan daiteke.
Ricoren esanetan, Alpeetan mende osoan ikusi da mendien bilakaera hori, eta azken urteetan gero eta nabarmenagoa da, mendi batzuen forma aldatu egin delako, gainera. Mendi bideak ere aldatu dituzte. «Aiguille du Midi teleferikoa [Frantzia] 3.800 metrora heltzen da, eta arriskuan dagoela dirudi, erori egin baitaiteke». Gainera, arroka horien erorketak ez dira mendien goialdean soilik gertatzen, beheko herrietara ere erori izan baitira. Permafrostaren degradazioak inguruan duen eragina mundu osoan sumatzen da, «berdin Alpeetan, Himalaian, Andeetan eta beste hainbat lekutan».
Beroak gaina hartu dio lurpeari
Klima aldaketaren puntu beroa da Artikoa, abiadura bizian sumatu baitira han berotze globalaren eragin zuzenak. Permafrosta, urte osoan urtzen ez den lur izoztua, desizozten ari da pixkanaka, eta, ikerlarien ustez, mende amaierarako zatirik handiena galdu egingo da, neurri zorrotzak hartu ezean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu