Paleoantropologoak Laos iparraldeko Annamango mendikateko kobazuloak ikertzen ari dira aspalditik. Kobazuloz betetako mendiak dira. Kobazuloz eta fosilez. 2018an, inguruko herri bateko haurrek paleoantropologoei esan zieten hezurrak zituen kobazulo bat aurkitu zutela. Laura Shackelford Illinoisko Unibertsitateko paleoantropologoak ez zuen ezer aurkitu kobazuloko lurrean; esku argiarekin sabaia argitu zuenean, ordea, ikusi zuen hezurrez eta hortzez beteta zegoela. Arroka zatiak atera zituzten, eta hezurrak harritik bereizi (fosil gehienak animalien hezurrenak ziren). Baina hezurren artean ume batena zirudien hagin bat zegoen.
Haginaren adina jakiteko, geologoek haren inguruko fosilak eta horma aztertu zituzten. Adina: 164.000 eta 131.000 urte artean. Laosen aurkitutako gizaki modernoen arrastoak baino askoz ere zaharragoa.
Ikertzaileek uste dute neska gazte denisovar batena dela, 3 urte eta erdi eta 8 urte eta erdi artekoa. Ustea baieztatuko balute, frogatuko lukete denisovarrak Asia hego-ekialdean bizi izan zirela. Denisovarra dela uste dute datazioengatik, denisovarren beste hagin batzuen egitura duelako eta beste giza espezie batzuen haginekin alderatuta ezberdina delako. Nature Comunications-en argitaratu dute aurkikuntzari buruzko ikerketa.
Neandertalekin eta homo sapiens-ekin bizi izan zen giza espezie bat izan ziren denisovarrak. Haiekin harremana izan zuten. Denisovarrak deitzen diete, haien arrastoak Siberiako Denisova haitzuloan aurkitu dituztelako, Altai mendigunean, Errusian.
Orain arte, denisovarren fosil bakarra aurkitu dute Denisovako haitzulotik kanpo: duela 160.000 urteko masailezur bat, Tibeteko lautadan, hiru mila metrotik gora.
Ikertzaileek bazekiten denisovarrak Asia hego-ekialdean bizi izan zirela, denisovarren DNAren arrastoak aurkitu baitituzte Asiako, Ozeaniako eta Ozeano Pazifikoko uharteetako milioika herritarretan, Denisovako haitzulotik oso urrun. Baina ez zeukaten frogarik. Oso zaila da bien arteko lotura aurkitzea, denisovarren migrazioak zehaztea, fosil faltagatik. Neska gaztearen hagina izango litzateke lotura.
Zientzia
Laosko hagin bat, denisovarren Asiako migrazioak erakusteko froga
Bigarrenez aurkitu dute Denisovarren fosil bat Siberiako Denisova haitzulotik kanpo. Asiako hego-ekialdean bizi izan zirela frogatuko luke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu