«Lan deialdiek, osorik, meritokrazia izan behar dute oinarri»

arantxa iraola
Tolosa
2020ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Osakidetzaren egituraketan ardura garrantzitsuak izan eta gero, ongi ezagutzen du erakundea, eta haren errealitateari erreparatzen dio oraino. Mundu zabalean aholkulari aritzeak aparteko talaia ematen dio horretarako.

Zelan ikusten duzu Osakidetza?

Ongi. Baina uste dut pausoa bizkortu behar duela kronikotasunak eta populazioaren zahartzeak ekarriko dituen beharretara egokitzeko. Gehiago egin behar du lehen mailako arretan, etxeetan, prebentzioan. Ezinbestekoa da hori Osakidetza etorkizunean iraunkorra izateko. Eraldaketak egin ezean, bai hemen eta bai Europako beste leku askotan, iraunkortasuna zaila izango da. OCDEren ikerketek diote, egungo akutuen eredu honetan jarraitzen bada, 2040an osasun publikoak, soilik osasun publikoak, hartuko duela aurrekontu publiko osoa.

Deigarriak dira langileen behin-behinekotasun datuak...

Eredua aldatzera egingo balitz, egin ahal izango litzateke modua lantaldea egonkortzeko. Eredua eraldatuta, egun egiten diren eta egin beharko ez liratekeen gauzak egiteari utzita, dirua libre geratuko litzateke langileak egonkortzeko. Baina, gaixo akutuen inguruko eredu batean jarraitzen bada, jendea larrialdietara agertu eta ohe bat noiz okupatu jarraitzen bada, bide horretan ezin da dirurik geratu beste ezertarako.

Behin-behinekotasunak baditu arriskuak; proposatzen duzun ereduan giltzarri da paziente eta profesionalen arteko erlazioa...

Bai, baina hor sindikatuei ere egin behar zaie dei; haiek ere bide eman behar diote komunitatean eta etxean gehiago artatzeko aldaketa horri. Eta erizainak eta medikuak aldatu behar badira toki batetik bestera, bada, hori gauzatu egin behar da. Ulertu behar dute ongi hori ona dela osasun sistema publikoa salbatzeko.

Nola izan duzu deialdietako irregulartasunen auziaren berri?

AEB Ameriketako Estatu Batuetan harrapatu ninduen auziak; ez dakit xehe zertan den. Baina ez da egia horrelakoak beti gertatu direnik; garrantzitsua da, hala ere, behar bezain ongi lotu gabe zegoen zerbait konpontzea...

Agertu dira medikuak azalduz aspalditik zutela halako jokabideen berri; lantaldeetan aspalditik kide zituzten kideei leku egiteko erabili izan direla...

Ez nago ados horrekin; sistema publiko batean, bederen, ezin da horrela jokatu. Lan deialdiek, osorik, meritokrazia izan behar dute oinarri. Badirela gero pertsonak erietxe batean edo bestean eragiten saiatzen direnak? Ez da zuzena. Lantaldea egonkortze eta sendotze aldera ere, okerra da; halako prozesuetan sinesgarritasuna galtzen bada, jendeak alde egingo du. Deialdietara aurkezten direnek sinetsi behar dute merezi duela ikastea. Eta, Euskadin buruaski izatea gustatzen bazaigu ere, garrantzitsua da Kataluniako, Madrilgo eta beste jatorrietako jendea ere izatea deialdietan.

Euskararen aldagaia dago hor...

Nik, bere garaian, kritikak jaso nituen horren harira. Baina ni pazientean pentsatzen ari naiz. Eta, euskararen sustapenean, nire aurrekoak bezainbeste edo gehiago inbertitzen jarraitu nuen, baina,deialdietan meritokrazia benetakoa izan dadin, garrantzitsua da kanpotik ere talentua ekartzea.

Baina lehen mailako arreta indartzeaz ari zara: hizkuntza oso garrantzitsua da alor horretan...

Demagun psikiatriako kontsulta batean. Edo euskara asko hitz egiten den landa guneetan: garrantzitsua da toki horietan euskaraz aritzen diren profesionalak izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.