Oxido kuprosoa probatuko dute pinuen izurriteari aurre egiteko

Espainiako Gobernuak ez die fumigatzea baimendu Jaurlaritzari eta diputazioei. 1.050 hektareatan botako da Neikerren tratamendua

Izurriteak jotako pinudia, Beizaman (Gipuzkoa). GORKA RUBIO / @FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
2019ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak ez du baimendu xingola marroia eta gorria duten pinudiak kobrearekin fumigatzea airetik. Joan den urteko urrian eskatu zioten oniritzia Eusko Jaurlaritzak eta hiru diputazioek. Iragarri dute helegitea jarriko diotela ezetzari, uste dutelako tratamenduak ez duela «kalterik eragiten ingurumenean» eta «eraginkorra» dela. Hala ere, bien bitartean Neikerrek sortutako beste tratamendu bat probatuko dute, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 1.050 pinudi hektareatan: oxido kruposoa erabiliko dute izurriteari aurre egiteko.

Lurrean oxido kruposoa zabaltzeko baimena eskatu dute Nekazaritza Ministerioan, baina ez dute lortzeko arazorik izango. Izan ere, tratamenduaren diseinuan ministerioak berak ere hartu du parte, euskal erakundeekin, EHUrekin eta Ura agentziarekin batera. Etengabe ebaluatuko dituzte tratamenduaren eraginkortasuna eta ondorioak, halakorik balego. 2020tik aurrera modu zabalagoan erabili ahal izango da.

Eusko Jaurlaritzak uste du tratamendu hori ezin dela izan aire bidezko fumigazioaren alternatiba. Batez ere, kostu ekonomiko «handiak» kentzen dio erabilgarritasuna. «Kobrea da xingola hedatzea geldiarazten duen produktu bakarra, datu zientifikoek hala egiaztatuta. Gainera, Landerren Babeserako Europako Agentziak eta Europako Elikagaien Segurtasunerako Agentziak ere baieztatu dute ahalmen hori», nabarmendu dute Jaurlaritzak eta hiru diputazioek, hedabideetara bidalitako ohar batean.

Foru aldundiek basoko egurraren sektorerako dituzten diru-laguntza planak egokituko dituzte, sektorearen galerak apaltzeko.Neiker beste tratamendu biologiko bat lantzen dabil; baita hobekuntza genetikoa aztertzen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.