Historia modernoko pandemiarik handienaren sorburua izateak ez du eten Txinaren hazkunde ekonomikoa. Urte hasieran egin zitezkeen iragarpen guztiak hautsita, %2,3 handitu zen iaz Txinako barne produktu gordina. COVID-19a kontrolatzeko hartutako neurri bortitzek funtzionatu egin dute herrialde hartan, eta horren eskutik gainditu du 2020. urte hasierako ia erabateko geldialdia. Are gehiago, urtea sendo bukatu du, 2020ko azken hiruhilekoko %6,5eko hazkundea handiena baita 2018az geroztik.
COVID-19a Txinan zabaldu zen lehenik, 2019ko abenduaz geroztik, eta han ezarri ziren lehen konfinamenduak gaitzaren hedapena kontrolatzeko, 2020ko urtarrilean. Baina neurri horiek beste herrialde gehienetan baino eraginkorragoak izan dira, eta, udaberriaren amaieraz geroztik, koronabirusaren kasu gutxi agertu dira. Horren ondorioz, ekonomiak ez du hazteko barne trabarik izan, beste eremu batzuetan ez bezala, eta 2020 hasierako hondoratzea gainditu ahal izan du.
Industria esportatzailearen indarrak pisu handia izan du suspertze horretan. Pekingo gobernuaren laguntzarekin, urteko azken hiruhilekoan %7,1 handitu da: aurreko hiruhilekoan baino 1,3 puntu gehiago. Ikusteko dago erritmo horri eutsi ahal izango dion, ekoizpen horren zati bat esportazioetara doalako, eta horiei kalte egingo dielako bere bazkide komertzial garrantzitsuenek oraindik COVID-19arekin borrokan egon behar izateak. Berez,esportazioak asko ugaritu dira urtearen amaieran —+%18 abenduan—, eta, abenduan, inoizko merkataritza superabitik handiena izan zuen Txinak.
Kasu berrien arriskua
Pandemiari lotutako bi sailen esportazioak handitu dira gehien: medikuntzarako produktuak, etaetxetik lan egin ahal izateko behar diren gaienak. Esaterako, Txinak 225.000 milioi maskara esportatu zituen martxotik abendura, 40 maskara munduko biztanle bakoitzeko.
2021ean hazkundeak bultzada handia izango duela uste dute—%7,9 iragarri du Nazioarteko Diru Funtsak—, baina harri batzuk ager daitezke bide horretan. Horien artean da go COVID-19a bera. Kasu berriak azaldu dira azken asteetan Txina iparraldeko eskualde batzuetan, eta joan den astean pertsona bat hil zen gaitzaren ondorioz, lehenengoa apirilaz geroztik. Pekingo gobernua ez dabil txikikeriatan COVID-19aren hedapena kontrolatzeko: hiri osoak ixten ditu, eta milioika biztanle etxean konfinatzen. Adibide soil batekin ikusten da nola jokatzen duen Pekinek: azken egunotan 23 milioi herritar konfinatu ditu, 718 kasu aktibo kontrolatzeko.
Urte berri txinatarraren atarian iritsi dira neurri horiek. Munduan pertsonen mugimendurik handiena eragiten duen data da hori, 3.000 milioi mugimendu gertatzen baitira, senideak bisitatzeko gehienak, baina baita atzerriko oporraldietarako ere.
Murrizketa horiek eragina izan dezakete barne kontsumoan, eta hain zuzen ere, hori da azken urteko suspertzearen alde ahula. Urte osoan %3,9 txikitu zen familien kontsumoa, jatetxeetan gertatutako %17ko uzkurtzearen ondorioz. Egia da urteko azken hiruhilekoan tasa positiboa izan dela —+%4,6—, baina krisi aurretik ohikoa zen soldaten igoera asko moteldu da, eta desberdintasun sozialak handitu dira.
Gobernuaren jarrera ere ikusteko dago. Ekonomia sustatzeko neurriak hartu ditu, baina zor handia pilatu du horretarako, eta orain haren zama ahultzen hasi behar duela iragarri du. Hala ere, urratsez urrats joango dela agindu du.
Munduko lehena, 2028an
Txina hazteak eta beste potentzia handienak atzeraldian egoteak badu beste ondorio bat: Txinaren pisu ekonomiko erlatiboa handitu egiten duela. NDFk kalkulatu duenez, pandemiak bi urte aurreratu du Txinako ekonomia munduko handiena izateko prozesua; 2028. urterako gainditu beharko luke AEBetakoa.
Horrek ez du esan nahi, inondik ere, Txina munduko herrialderik aberatsena izango denik, per capita BPGan eta errentan oraindik urrun dituelako Mendebaldeko herrialde gehienak eta Golkoko monarkia aberatsak.
BPGaren bilakaera. Txina
Txinak ez du atzera egiten
Pandemiaren sorburua izan arren, Txina %2,3 hazi zen iaz, industria esportatzailearen eskutik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu