Gregorio Larrañaga, 'Mañukorta'

Umorea eta txinparta lagun

Bertsogintza molde baten ordezkari izan zen, eta bere etorri, imintzio eta ahoskera bereziek bertso mundutik harago ere egin zuten ezagun. Zenbait urtez plazarik gehien egin zuten bertsolarietako bat izan zen. Atzo zendu zen, 78 urte zituela.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena - Ainhoa Sarasola
2022ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Bertsogintza molde baten ordezkaria, baina estilo bakan baten jabea. Bere-berea zuen umoreagatik, etorriagatik, erantzuterakoan zuen txinpartagatik eta kantatzerakoan egiten zituen imintzioengatik egin zen ezagun Gregorio Larrañaga Mañukorta; bertsolaritzaren eremuan bereziki, baina baita bertso mundutik kanpora ere. Plazaz plaza Euskal Herri osoan barrena ibili zen urte luzez, eta 1990eko urteen hasieran saio gehien egiten zuten bertsolarien artean ibili zen. 78 urte zituela hil zen, atzo goizaldean.

Ikusi gehiago:Iritzia. Iratxe Ibarra: Gure Mañu

Mañukorta ezizenez ezagunagoa, izen bereko baserrian sortu zen Larrañaga, 1943an, Markina-Xemeingo (Bizkaia) Larruskain auzoan. 14 urterekin hasi zen lanean, edo, hobeto esanda, soldata baten truke beharrean, Gaur8 aldizkarirako 2015ean egindako elkarrizketan Joxean Agirreri zehaztu zionez. «Lanean 6 urterekin hasita nengoen ardiekin aitari laguntzen, baina soldata irabazten 14 urterekin hasi nintzen, basoan pinua bota, garbitu eta pinua sartzen».

Soldaduska egitera Ferrolera (Galizia) bidali zuten gero, «marinara»; bi urte egin zituen han. «[...] eta ontzietan mareatuko ez banintz oraindik ere itsasoan nengoke. Lan eskaintza bikainak jaso nituen jornal onarekin merkataritza ontzietan joateko, baina ontziak ateratzeko egiten zuen soinua entzun orduko zorabiatzen nintzen», kontatu zion egunkari honi 2009an. Hala, Ameriketara egin zuen 24 urterekin, osabarekin, artzain, eta sei urte eman zituen han, 1967tik aurrera. «Nevadan egon nintzen sei urte, etorri ere egin gabe. [...] Han ikasi nuen Euskal Herria maitatzen, eta hemen baino hobeto inon ez dela inor bizi. 30 urterekin itzuli nintzen». Danobat lantegian hasi zen beharrean, eta Cicautxon gero, erretiroa hartu arte; bertsotan ere oso sarri hasi zen ibiltzen Ameriketatik itzulitakoan.

Bertsozaletasuna amaren aldeko familiagandik jaso zuela azaldu izan zuen; bere kasa ikasi zituen bertso zaharrak. 1960ko hamarkadan hasi zen jendaurrean kantari; urte hartan egin zuen lehenengo plaza, Markinan bertan, Abel Muniategirekin besteak beste. Edonola ere, 1980ko urteetan egin zen ezagunago. 1989ko Txapelketa Nagusian finalaren atarian geratu zen, eta Orixe eta Xenpelar sariak ere irabazi zituen. Konplexutasun handirik gabeko bertsokera zerabilen, baina maiz lortzen zuen entzulea piztea, besteak beste gorputz imintzioak eta antzezpenerako zuen gaitasuna baliatuz. «[...] urte haietan nik adina jaialdi egindakorik ez zen izan. Berrehunera iritsitakoa naiz, eta ez inguruan bakarrik, Nafarroako herri txiki gehienak pasatuta, Bizkaian, Gipuzkoan... denean. Denetariko saioak eginez, bertso afarietatik hasi eta jaialdi handietara», kontatu zion Barren aldizkariari 2018an, Irati Agirreazaldegik egindako elkarrizketa batean. Kantatzean gustua zerk ematen zion ere azaldu zuen: «[...] Bertsotan ari naizela aurrean jendea niri entzuten gustura eta ondo pasatzen dagoenean, hazi egiten naiz. Zenbat eta aurkari gogorragoa izan, orduan eta borrokarako gogo gehiagorekin aritzen naiz. Batek adarra jo, eta besteak nola ez, ba, erantzun! Entzuten dagoenak hori nahi izaten du, gainera».

Lantokian bertso saioetara joan ahal izateko txandak moldatzeko aukera ematen ziotela ere kontatu zuen elkarrizketa berean, ongi portatu zirela; baina, halere, 58 urterekin erretiroa hartu ahal izateak eman ziola poza. «Niretzat loteriarik izan bada, hori izan da. 58 urterekin diru faltarik ez, osasun ona; herriz herri kantuan dabilen gizonari hori ematea loteria garbi tokatzea da».

Bertsolari, eta 'bertsonaje'

Bertsolaritzatik harago ere ezaguna egin zen Mañukorta azken urteetan. 2014an Xabier Amurizak haren inguruan ateratako liburuaren izenburua da horren erakusle: Mañukorta bertsonajea. Hain zuzen ere, bertsolaria baino gehiago zela adierazi zuen Amurizak liburuaren aurkezpen egunean: «Edozein lekutan, gehienek Mañukorta entzun dute, eta bertsolaritzaren zirkuituan, entzun baino gehiago: bertsolaritzak eman duen pertsonarik ezagunenetarikoa da».

Bertsolariari egin zizkion elkarrizketa luzeak izan zituen Amurizak libururako oinarri, eta aurkezpenean argi utzi zuen Mañukorta bakarra zegoela munduan: «Bere burua, pentsaera, arrazoitzeko modua bezalakorik ez da existitzen; bera baino ez dago». Pozik agertu zen liburuko protagonista: «Amuriza handiak nire gauza txikiak ipini dizkit liburu batean», adierazi zuen.

ETBko saio batzuetan ere parte hartu izan zuen, eta imitatzaileak ere atera zitzaizkion telebistan; haiek ez ziotela baimenik eskatu kexatu izan zen, baina ez zegoela minduta gaineratu ere bai.

Hileta, gaur, sorterrian

Iazko uztailean, omenaldi beroa jaso zuen Mañukortak Markina-Xemeinen, eta bere ibilbide luzea bertsotan aitortu eta eskertu zioten bertso eskolako kideek. Nola ezagutu zuten kontatu eta kantatu zuten urteetan plazakide izan zituen hainbat bertsolarik —Andoni Egañak, Julio Sotok, Jone Uriak eta Iratxe Ibarrak—; omendua ere igo zen taula gainera, bere zaintzaileak lagunduta, eta kopla bi ere eskaini zituen.

Heriotzaren berri jakin orduko, sare sozialetan dolumin mezuak idatzi zituzten kulturaren arloko hainbat eta hainbat lagunek, baita Mañukortarenganako maitasun hitzak ere. Hil beila gaur egingo dute, 16:00etatik 17:30era, Berriatuko (Bizkaia) Gardotza poligonoan. Hileta elizkizuna, berriz, Larruskain auzoko elizan egingo dute, 18:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.