BAKARRIZKETA

Airbnb-ren heriotza, gero eta gertuago?

Apartamentu turistikoen aurkako protesta bat New Yorken. JUSTIN LANE / EFE.
jokin sagarzazu
2023ko urriaren 8a
00:00
Entzun
1.A zer uda! Euskal Herria leporaino egon da. Ostalariek ez dute negarrik egingo aurten!Eta ostalari izatera jolasten ari diren beste askok ere ez. Hotel batean bezala igaro dut uda. Turistak ordu oro, gora eta behera. Nekagarria izan da.

2.Lehen solairuko bizilagunak jarri duen apartamentu turistikoarengatik diozu? Bai. Pandemiaz geroztik, onddoak udazkenean bezala agertu dira apartamentu turistikoak. Batzuek sekulako dirutza egiten ari dira. Eta badakizu: batzuen poza, besteon negarra.

3. Bada, diotenez, Airbnb plataforma azkenetan dago. Batek daki. Egia da Brian Chesky zuzendariak alerta mezua bidali duela Financial Times-en eta Bloomberg-en —nazioarteko prentsa ekonomikoan erreferentzia dira biak ala biak—.

4. Eta zer esan du? «Etxea» ordenatu behar dutela, eusten dioten zutabeak ez direla nahikoak... Bestela esanda, Airbnb-ren eredua berrikusi behar dutela: epe luzeko alokairuak bultzatu, autoen sektorera jauzi egin...

5. Baina ez al da errentagarria?Bai, oso. Baina goia jo duela dio. Aurtengo emaitzak ikusita, konpainiak espero du diru sarrerak %12-16 inguru handitzea. Handitu arren, 2008an plataforma sortu zenetik izandako hazkunderik txikiena litzateke hori, pandemia urtekoa salbu. Eta aurreikuspenak ez dira batere onak. Opor alokairuen datuak analizatzen espezializatutako All The Rooms webguneren arabera, AEBetan %30-50 apaldu dira diru sarrerak aurten. Konpainia bereziki kezkatuta dago New Yorkekin.

6.Zer gertatu da New Yorken? Han sortu zen Airbnb! Bai, baina oso bestelako asmoekin. Arazo baten irtenbide gisa sortu zen; orain, arazoa bera da. Irailetik, epe motzeko alokairuak debekatu dituzte han, salbuespenekin: jabeek etxean egon behar dute logelak alokatzen diren egunetan, ezin dituzte bi pertsona baino gehiago hartu... Helburua da epe luzeko alokairuak bultzatzea, hirian ez baitago ia halakorik, eta prezioak izugarri garestitu baitira, alokairuan dauden etxeena eta salmentan daudenena.

7.Arazo hori Euskal Herrian ere badugu.Pentsa. Haritik Hirira kolektiboaren ikerketaren arabera, Donostian egonaldiko batez beste ordaintzen diren prezioak Paris, New York eta Bartzelonakoen gainetik daude. 1.659 apartamentu turistiko daude, duela urtebete baino %16 gehiago. Euskal Herrian 11.500 inguru daude, gehienak Iparraldean (6.000-7.000), eta 5.000 inguru Miarritzen eta Angelun.

8.Eraginkorrak dira New Yorkekoaren pareko debekuak?Hilabete eskasean apartamentu turistikoen 10.000 iragarki kendu dituzte, lautik hiru. Beste hiri turistiko askotan ere hasi dira debekuak jartzen: Bartzelonan, Lisboan, Florentzian, Parisen... Euskal Herri osoan araututa daude, baina ez dira hain zorrotzak.

9.Beraz, negozioa egiten jarraituko dute hemen.Ez pentsa. Airbnb-ko buruak beste ohar bat bidali du: oro har, eta leku batzuetan bereziki, eskaintza gehiegizkoa dela, prezioak puztuta daudela, kalitatea asko jaitsi dela, eta, hori ikusita, bezeroak hoteletara itzultzen ari direla. Finean, prezioak merkatzea eta lehiakorragoak izatea nahi du. Baina ez da erraza izango, diru gosea aseezina baita. Horrek hilko al du Airbnb?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.