Eutanasiaren legeztatzea. Aurretiazko borondateen agiriak

Dokumentua egiteak duen garrantzia berretsi dute

Aurretiazko borondateen agiria egitea inportantea dela argi dute bizitzaren amaieran arta ematen dihardutenek, baina, haien ustez, bidean egiten den hausnarketa da funtsezkoena. Autodeterminaziorako instrumentu bat da.

Jone Bastida Alzuru.
2021eko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Garrantzitsua da». Bat datoz Iñaki Saralegi medikua, Victor Landa mediku ohia eta Cristina Valverde EAEko DMDko kidea, eta iritzi diote inportantea dela aurretiazko borondateen agiria egitea. Hamaika argudio eman dituzte. «Gauza asko ematen ditu. Pentsarazten dizu nolakoa nahiko zenukeen izatea zure bizitzaren amaiera», azaldu du Landak. Eta gaineratu du: «Guk diogu maite ditugun pertsonentzat opari bat dela. Gogorrak diren erabaki batzuk haiek hartu behar izatea eragozten du». Valverderen arabera, instrumentu horrek bizitzaren amaierako momentu zailak arindu ahal ditu, «agur askoz humanoago bat» emateko, nolabait. «Dokumentu hau izan daiteke agiri bat hausnarketara bultzatzen duena, komunikaziora. Heriotzaren uneari aurre egitera bultzatzen gaituena».

Hor jarri du fokua Saralegik, hausnarketan. «Dokumentua egitea baino inportanteagoa da hausnarketa egitea. Hori da funtsezkoa, egin duten pertsona horiek pentsatu izana zer nahiko luketen eta zer ez». Adierazi du agiria tresna bat dela lehentasunak ezagutzeko, baina ez xedea. «Helburua gogoeta da. Dokumentua asko pentsatu gabe egiten bada, ez du asko lagunduko. Prozesu gogoetatsua izan behar du, parte hartzailea». Ezinbestekotzat jo du pazienteen eta profesionalen arteko elkarrizketa, baita familiartekoa ere.

Valverderen ustez ere, dokumentua egiteak hausnarketa bat inplikatzen du, eta aurretiko elkarrizketa bat: «Zeri ematen diogun garrantzia gure bizitzan, noraino gauden prest iristera eta zer egoera saihestu nahi ditugun. Ikuspuntuen trukea egin daiteke, lasai, hurbileko jendearekin. Instrumentu baliagarria da». Eta ñabardura bat egin du. «Dokumentua ez da soilik 70 edo 80 urte dituzten pertsonentzat edo gaixotasunen bat dutenentzat».

Doluari ere erreparatu dio Landak. «Gure heriotzaren arduradunak ere bagara. Ingurunea segun nola garatzen den, gertukoek gehiago edo gutxiago sufrituko dute. Dolu konplikatuagoak edo lausoagoak izango dituzte». Eta, eutanasiari dagokionez, adierazi du «oinarrizkoa» dela, «beharrezkoa». «Bizitzaren amaiera halakoa izatea nahi bada, ingurunea zaindu behar da, eta familiak parte hartu behar du. Heriotza benetan aproposa eta duina izateko». Uste du agiriak aukera ematen duela «horrenbesteko beldurra» ematen duen horrekin kontaktua egiteko, «heriotzaz hitz egiteko». Haren iritziko, heriotzaren inguruan dagoen «tabu» hori «ez da batere sanoa». Valverdek dio orain paperetik praktikara pasatu behar dela. Eta azpimarra egin nahi izan du ideia honetan: «Aurretiazko borondateen agiria pertsonaren autodeterminaziorako instrumentu bat da, eta paternalismoak amaitzea ere ekartzen du».

Zabalkundea falta

DMD elkarteak emandako datuen arabera, Hego Euskal Herrian, 2020an, 42.062 agiri zeuden eginda; 31.552 EAEn, eta 10.510 Nafarroan. Hots, EAEn herritarren %1,42k zuten dokumentua egina, eta Nafarroan, %1,59k. Espainiako Estatuko kopururik handienak dira, baina Valverdek dio ez direla nahikoak: «Ezin gara bertan goxo geratu».Gainera, esan du egin dutengehienak andreak direla: «Horren inguruan ere hausnartu beharko litzateke». Zehaztu du 2019an, pandemiarik ez zegoenean, egunean «soilik» hemeretzi edo hogei dokumentu egin zirela. Praktika zabaldu beharko litzatekeela uste du. «Dokumentu hau egiteko zabalkunde handiagoa behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.