Torturatuen Sareak dei egin dio Nafarroako Gobernuari ikerketa osorik amaitzera

Positibotzat jo dute azterlana, «bide bat egiten hasi delako». Azterketa denak aintzat hartuta, ondorioztatu dute «tortura sistematikoa» izan zela

Nafarroako Torturatuen Sareak atzo Iruñeko Catedral hotelean egindako agerraldia. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
<i>Iruñea</i>
2023ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun

Kriminologiaren Euskal Institutuak ondorioetan azpimarratu du ikerketa «amaitu gabe» gelditu dela epearen eta finantzaketaren ondorioz, eta Nafarroako Torturatuen Sareko kideek bere egin dute ondorio hori. Azterlanaren berri izan eta gutxira, ongietorria egin zion elkarteak haren edukiari, azkenik erantzuna eman zaiolako aspaldiko eskaera bati. Horregatik, «positibotzat» jo du 1978tik gaurdainoko errealitatea aztertu izana. Hala ere, sareak nabarmendu du oraindik ere ezkutuan izan den errealitate horren dimentsio osoa ezagutzea falta dela eta, horregatik, Nafarroako Gobernuari eskatu dio ikertzen jarraitzeko. «Eskatzen diogu bide horretan jarraitzeko, Kriminologiaren Euskal Institutuak bere proiektua guztiz garatu dezan».

>Iruñeko Catedral hotelean jakinarazi dute bere balorazioa Ainara Gorostiagak eta Jorge Txokarrok, hamarkadotan torturatuak izan diren hainbat kidek inguraturik. Gogoan izan dituzte Kriminologiaren Euskal Institutuak aurretik landutako beste bi ikerketak: batetik, Eusko Jaurlaritzarentzat egindakoa eta Nafarroan frankismo garaian izandako torturei buruzkoa. Atzokoarekin batera, orotara 5.181 kasu izan direla ondoriozta daiteke, eta sareak uste du «kopuru izugarriak» direla.

>Ikusi gehiago:Nafarroan gutxienez 1.068 tortura kasu izan direla ondorioztatu dute

>Sarearen ustez, ikerketa horiek bere osotasunean, agerian uzten dute «isilean eta ezkutuan» zegoen «errealitate ukatu» bat. Halaber, sareko kideen arabera, tortura ez da halabeharraren gauza izan, baizik eta «Espainiako Estatuak eragindako indarkeria politikoaren adierazpenetako bat». Eta segurtasun indarrek, epaileek, auzitegi medikuek, espetxeetako medikuek eta komunikabideek parte hartu dute hartan.

>Gaineratu dutenez, datuak ez datoz bat torturarik izan ez zela ziotenekin. «Tortura sistematikoa izan zela adierazten digute, inoiz ez bere kabuz aritzen ziren funtzionario publikoek praktikatua».

>Dena den, Gorostiagak eta Txokarrok uste dute «torturaren dentsitatea eta intentsitatea» ez direla guztiz ezagutzen oraindik. Beharrezkotzat daukate gehiago ikertzea, «gizarte bezala erreparaziorako bideak ireki daitezen eta bermeak ezar daitezen ez errepikatzeko». Horregatik, ikerketa burutu dadila eskatu dute.

>Estatuaren indarkeriaren biktimen aitortzarako prozedurari ekin berri dio Nafarroako Gobernuak, eta sareak bere kideei aholkatu die eskaerak aurkezteko. Dena den, onartu dute oraindik ez dela horretarako garaia.

>«Aurrerapausoa»

>Foro Sozialak Twitterren nabarmendu du «aurrerapauso garrantzitsua» dela torturatuei «egia, justizia eta erreparazioa» emateko bidean. «Txosten honen bidez, biktima horien gainean zegon susmoaren itzala kentzen jarraitu behar da», adierazi du Foro Sozialak. Halaber, azpimarratu du konponbideari «asko» lagunduko liokeela alderdi politikoek txostenari «harrera ona» egiteak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.