Lan erreforma. Bozketa Espainiako Kongresuan

PPko diputatu baten «hutsegite» batek eragotzi du gobernuaren porrota

Boto bakar batengatik egin du aurrera, azken unean UPNko diputatuek jarreraz aldatu ostean. EAJk eta EH Bilduk berretsi dute eskua luzatuta jarraitzen dutela inbestidurako gehiengoari eusteko

Aurrera, ozta-ozta. Pedro Sanchez, Nadia Calviño eta Yolanda Diaz , atzoko osoko bilkuran. KIKO HUESCA / EFE.
jokin sagarzazu
2022ko otsailaren 4a
00:00
Entzun

Ozta-ozta eta azken unean atera da aurrera Espainiako Gobernuaren lan erreforma. Itxura guztien arabera, PPren diputatu baten «hutsegite» batengatik. Atzoko bozketari begira, UPNk iragarria zuen bere bi diputatuek alde bozkatuko zutela, baina, azkenean, ez zen horrela izan, eta PPren Caceresko diputatu Alberto Caserok eragotzi zuen PSOEren eta Unidas Podemosen porrota.Tentsio handia izan zen bozketaren emaitza iragartzeko orduan, Meritxell Batet Kongresuko presidentea nahastu egin zen, eta esan zuen erreformak ez zuela aurrera egin. Momentu horretan PPko diputatuak txalotzen hasi ziren, gobernuko kideen harridura aurpegien artean. Minutu batera, emaitza zuzendu zuen, eta dekretua onartu zela jakinarazi zuen. Zenbakiak, baina, ez ziren aurreikusitakoak.

Ikusi gehiago. Analisia. Xabier Martin: PPk salbatu du Madrilgo tragikomedia

Bozketa iritsi arte ez zen sorpresarik izan. Aurreko egunetako iragarpenak betetzen ari ziren. Abertzaleen eskaerak onartu nahi ez izateak eraman zuen gobernua beste bidelagun batzuk bilatzera, eta aurkitu zituen, non eta baiezko botoa emateko baldintza bakar gisa abertzaleen botorik ez onartzea eskatu zutenengan: Ciudadanos eta UPN. Haien eta beste talde txiki batzuen —tartean Kataluniako PDeCATen— babesari esker onartzekoa zen erreforma, hiru botoren aldearekin. Azkenean, ez zen horrela izan eta boto batengatik egin zuen aurrera: 175 alde eta 174 aurka. PPko diputatuaren «hutsegitea» erabakigarria izan zen.

UPNko diputatuek alderdiak herenegun iragarritako botoa aldatu ondoren iritsi zen sorpresa. Goizean iragarri zuten Sergio Sayasek eta Carlos Garcia Adanerok ez zutela alderdiaren agindua beteko, baina alderdiak ukatu egin zuen halakorik. «Alderdiak jarraibide bat eman du, eta ni ez nator bat», esan zuen Sayasek, osoko bilkura aurretik. Carlos Garcia Adanerok ere, COPE irratian eginiko elkarrizketa batean, hutsegitetzat jo zuen UPNk gobernuari emandako babesa: «Uste dut kontra bozkatu beharko genukeela, ez garelako ari testuak dioenaz, baizik eta Sanchez babesten ari ote garen; Bilduren botoak dituen presidente batez». UPNk herenegun iragarri zuen alde bozkatuko zutela, «estatu arrazoiengatik». Mezu nahasgarriak egon ziren egun osoan, baina bozketan konfirmatu zen UPNko diputatuen aurkako botoa.

Istripua ala mugarria

Azken uneko ezustekoaren aurretik, iragarri bezala joan zen osoko bilkura. Elkarri erruak botatzeko eguna izan zen. Berak gidatutako erreformaren «onurak» defenditu zituen Diazek, eta aurka bozkatu zutenei mintzatu zitzaien, bereziki «beren burua ezkerrekotzat dutenei», ERCri eta EH Bilduri. «Alderdikeriaz» jokatzea leporatu zien, langileen interesei «bizkarra» ematea. «Erreforma honi ezetz esatea prekaritatearen joko zorigaiztokoan irteerako laukira itzultzea litzateke», esan zuen, eta azpimarratu ez duela «argudio seriorik» entzun haien aldetik. Aldiz, eskerrak eman zizkien aldeko botoa emango zutenei, baita EAJri ere, kontra egin arren, «edukiez» eztabaidatu duelako.

Ikusteko dago lan erreformarekin gertatutakoa istripu bat izan den inbestidura blokearen arteko orain arteko ibilbidean ala mugarri bat ezarriko duen, baita koalizio gobernuaren barruan ere. EAJk eta EH Bilduk behintzat atea zabalik utzi zuten atzo orain artekoari eusteko. ERCko Gabriel Rufianek, berriz, ohartarazi zuen lan erreformarekin gertatutakoak «aurrekari oso arriskutsu» bat ezar dezakeela. Independentistek Catalunya en Comunsen babesa dute Generalitatean, eta aurka bozkatzeak ondorioak izango lituzkeela ohartarazi zien herenegun Podemosen Kataluniako markak. Atzo erantzun zien Rufianek: «Guk ez dugu mehatxupean funtzionatzen; hau ez da negoziazio prozesu bat izan, presio eta ukazio prozesu bat baizik. Hemen ezin azalduzko jarrera ez da gurea. Guri botoa eman digutenek egin duguna egiteko eman digute babesa».

Ikusi gehiago: Euskal esparru akordioak epaileen esku jarraituko du

Oso bestelakoak izan ziren EAJren eta EH Bilduren tonuak, gobernuak lan erreformaren gaiarekin agertu duen jarrera gogor kritikatu arren. Aitor Esteban jeltzaleak azaldu zuen azken unera arte negoziatzen aritu zirela, baina ezinezkoa izan zela akordioa. Patronalaren «betoei» men egitea leporatu zion gobernuari. «Patronalak esatea ez dela koma bakar bat ere aldatu behar ordezkari demokratikoei xantaia egitea da».

Estebanek argitu zuen eskaera zehatz bat egin zutela: araudi berriak lurraldeetako hitzarmen sektorialen lehentasuna jasotzea, eta horrek ez duela erreformaren «muinean» eragiten azpimarratu. Haren ustez, proposamen hori ez onartzeko «arrazoi sinboliko edo politiko-ideologikoak daude atzean; besterik ezin da egon». Horren harira, esan zuen ulertzen duela Bruselak erreforma azkar egiteko eskatu izana, baina ziur azaldu zen Europak ez lukeela oztoporik jarriko hitzarmenen lehentasunak aldatzeko.

EH Bilduko Oskar Matutek ere edukiez mintzatu zen, baina ez zuen mahai gainean jarri PSOErekin eta Unidas Podemosekin PPren erreforma osorik indargabetzeko eginiko akordioa. Azaldu zuen haiek ere «bost puntuko proposamen zehatza» egin zutela, «eta ez maximoen proposamen bat», baina gobernuak ez zuela eskaera bakar bat ere onartu salatu zuen. Erreformaren negoziazioan patronalari emandako gehiegizkoa pisua kritikatu zuen eta salatu indar progresisten gehiengoaz baliatuta «gehiago» egin zitekeela. Dena den, azpimarratu zuen EH Bilduren ezezkoak ez duela «ezkerreko blokea» ahultzea bilatzen, eta atzoko bozketarekin «arrakala» bat zabaldu bada ere gaurtik aurrera blokea «berregiteko» lan egingo dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.