«Atxilotuak ez dituzte zuzenean akusatu: horrek erakusten du ikerketaren helburua ez dela juridikoa, baizik politikoa», azaldu du Resul Temurrek. Zortzi egun atxilotuta eduki eta gero kartzelan sartu dituzten hamasei kazetari kurduen abokatuetako bat da. «Oso gogorrak izan dira zortzi egun hauek», kontatu du, telefonoz. «Izan ere, alde batetik, fiskalak bi aldiz luzatu du atxiloaldia, eta, bestetik, kazetariak bakartuta egon dira denbora guztian».
Temurrek honela azaldu du: «Muga batzuk jartzea erabaki dute sumarioan, eta, horren ondorioz, abokatuetako bakar bati ere ez ziguten eman atxilotze aginduen, erregistroen eta material bahiketaren berri. Erabaki horien kontra aurkeztu genituen objekzioei ere ez zieten erantzun».
Akusazio fasean kazetariei egindako galderei dagokienez, abokatuak zera azaldu du: «Artikuluen edukiari buruz aritu ziren buru-belarri, agentzien eta telebisten politikari buruz eta albisteetan erabilitako hizkuntzaz: kurduerari buruz, alegia. Kamerariei, berriz, galdetu zieten zer katetarako lan egiten zuten eta zer programa mota filmatzen zituzten».
Deklarazioa hartu zietenean, instrukzio epailearengana bidali zituzten kazetariak, behin-behinean espetxeratzeko agindua emanda, legez kanpoko talde batean partaide izateagatik. «Txanda hartako bake eta zigor epaileak ebatzi zuen kazetariek kartzelan segitu behar zutela legez kanpoko talde batean partaide izateagatik, baina instrukzioan agertzen ez diren deklarazio batzuk hartu zituen oinarri horretarako», kontatu du Temurrek. «Ikerketa bukatzeko zain geratuko gara orain, eta akusazioa prestatzeko zain, zeina Zigor Auzitegi Nagusira bidaliko baitute gero».
Kazetariak mezuak bidaltzen hasi dira kartzelatik, abokatuen eta senideen bitartez. Serdar Altanek, Dicle Firat kazetari elkarteko presidentekideak —Tigris-Eufratesko Kazetarien Elkartea—, film bat egiteko prozesuarekin konparatu du polizia operazioa, bere abokatuaren bidez bidalitako mezuan: «Zuzendariak, film horretan, gaur egungo gobernariak dira; gidoilariak, berriz, Barne Ministerioaren agintepean dauden segurtasun indarrak; eta estrarena egitea, azkenik, galdekatu gintuen fiskalari egokitu zaio».
Zera ere gehitu du Altanek: «1992an estatuaren soldatapeko paramilitar batzuek Hafiz Akdemir kazetaria hil zuteneko urteurrenean kartzelatu gintuzten. Orain, ikusten ari gara 90eko urteetako pentsamolde hark bizirik dirauela oraindik. Haien asmoa kazetariak isilaraztea da, gu joko zelaitik kanporatzea. Horrexegatik, kazetaritza bera ari dira epaitzen sumario honetan, ez gu».
Aziz Oruç Mesopotamia prentsa agentziako editoreetako bat da. Berriemaile ere aritua da Diha agentzian —Dicle Haber—, zeina presidentearen dekretuz itxi baitzuten 2016ko uztailaren 15ean, estatu kolpe militarra jotzeko saialdiaren ondoren.
Oruç lehendik ere atxilotua zuten, Dogubayaziten, Agriko probintzian, Irango mugan, 2019ko abenduan. Turkian espetxeratua izan baino lehen, Europara iristen saiatua zen kazetaria, Irandik barrena, eta Armeniatik ere pasatuta, asilo politikoa eskatzeko. Armeniaren eta Iranen arteko mugan, ordea, atxilotu eta torturatu egin zuten, eta Armenian egina zuen asilo eskaera ez zieten bidali ere egin herrialde hartako agintariei. Kazetaria, zeinak bi seme-alaba txiki baititu, Irango segurtasun indarren esku utzi zuten, eta haiek berriz ere atxilotu eta torturatu zuten, baita isun bat jarri ere. Azken-azkenean, oinutsik eta barruko arropa hutsean, Turkiako mugaren inguruan utzi zuten abandonatuta, 2019ko abenduaren 11ko gauean. Urte hartako bertako abenduaren 18an berriro atxilotu zuten, Diyarbakirren, eta 2020aren amaieran epaitu, «legez kanpoko talde batean partaide» izatea leporatuta, baita «talde terrorista baten propaganda egitea» ere. Kartzelan 11 hilabete egin ondoren, baldintzapean aske utzi zuten, azken epaiaren zain.
Haren emazte Huliyak kontatu du seme-alabei oso zaila egiten ari zaiela berriz ere onartzea aita ez dagoela. «Badakit indartsu eutsi behar diodala umeen mesedetan. Maite dute aita; batez ere, txikienak: negar batean dabil beti».
Arreta jartzea
Dicle Firat kazetari elkarteko presidentekide Dicle Muftuogluren iritziz, garrantzitsuena hauxe da orain: arreta handia jartzea sumarioari, bai herrialdean bertan eta bai nazioartean. «Oso garai zailean gaude: gobernua ia-ia inolako eragozpenik gabe ari zaie erasoan ez soilik oposiziogile politikoei eta bereziki Herrien Alderdi Demokratikoari —zeina legez kanpo utzi nahi baitu—, baizik eta baita gobernuaren politiken kontra dauden taldeei ere. Gobernuak Sirian eta Rojavan beste operazio bat egiteko mehatxua egin zuen garai berean gertatu zen kazetarien kontrako operazioa, eta garrantzitsua da hori nabarmentzea. Era berean, ahaleginean ari dira bozen aurretik oposizio eta kazetari guztiak isilarazteko; berez, 2023an egin beharko lirateke».
Eta honela erantsi du Muftuogluk: «Gure elkartea borrokan ari da prentsa libreko langileen eskubideak babesteko, edozein egoeratan. Gure elkarteko kazetarien leloa Egia ezin da ezkutatu da, eta, hori horrela den heinean, borrokan segituko dugu gure kideak aska ditzaten».
«Kazetarien kontrako akusazioa politikoa da»
Polizia operazioa kritikatu dute atxilotuen abokatuetako batek, Resul Temurrek, Dicle Firat kazetari elkarteko presidentekide Serdar Altanek eta Dicle Muftuogluk, eta Mesopotamia prentsa agentziako editoreetako batek, Aziz Oruçek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu