Kepa Junkerak jasoko du 2020ko Adarra saria

«Bere disko produkzio eskergaren eta ezin baliotsuagoaren bidez euskal musikari egin dion ekarpen handia» goraipatu dio epaimahaiak

Kepa Junkera 2018an, Gure Esku Dagok Donostian antolatutako ekitaldi baten aurretik. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Erredakzioa
Donostia
2020ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Kepa Junkera (Bilbo, 1965) musikari, konpositore eta ekoizlea da aurtengo Adarra Sariaren irabazlea. Hala erabaki dute Juan Gonzalez Andres kazetariak, Irene Larraza Etxepare Institutuko zuzendariak eta Jaione Askasibar Donostia Kulturako Komunikazio eta Irudi zuzendariak, horretarako sortutako Aholku Batzordean. Saria ez da banatuko, ohi bezala, ekainaren 21ean, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, Musikaren Europako Egunean; aurrerago jakinaraziko dute noiz egingo duten ekitaldia. Marijose Rekalde artista nafarraren eskultura bat jasoko du orduan musikariak.

Junkerari saria emateko, aholku batzordeak aintzat hartu ditu «haren disko produkzio eskerga eta ezin baliotsuagoaren bidez euskal musikari egin dion ekarpen handia; haren zuzeneko emanaldi askotariko eta sarriak, estilo, jatorri eta musika eta kultur tradizio guztietako musikariekin eginak; ibilbide osoan indarrean jardun izana; erakutsitako jakin-mina eta musika adimena, zeinei esker era askotako inguruabar eta arte giroetara egokitzen jakin baitu; nazioartean duen proiekzioa eta euskal musikaz egin duen zabalkundea; haren birtuosismoa; tradizioaren alderako atxikimendua eta begirunea, eta berrikuntzarako gaitasuna; haren ondarea eta errepertorioa; estilo bat sortu izana eta sortzaile berrientzat bide eta aukera berriak ireki izana».

Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuten Adarra saria, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati omen egiteko, urtero. Orain arte Mikel Laboak, Ruper Ordorikak, Benito Lertxundik, Fermin Muguruzak, Anarik eta Berri Txarrak taldeak jaso dute Adarra saria.

Elkarlana eta aitortza

Junkerak musika tradizionalaren arloan ekin zion bideari, eta, hortik abiatuta, nazioartean euskal musikari ezagunenetako bat izatera iritsi da. Lehen diskoetan hasi zen erakusten bere ibilbide berezia: Kepa, Zabaleta eta Motriku (1987), Triki Up (1990), Trikitixa Zoom (1991), Trans Europe Diatonique (1993), Kalejira Al-Buk (1994), Lau eskutara (1995) eta Leonen orroak (1996). 1998an, bere lan garrantzitsuenetako bat argitaratu zuen: Bilbao 00:00h, non berrogei musikarik baino gehiagok omenaldia egin zioten jaioterriari. Sari ugari jaso zituen.

Hurrengo hamarkadan iritsi ziren Maren (2001); K (2003) disko bikoitza; eta Hiri (2006). Etxea bi urte geroago plazaratu zuen, zeinean 42 kantarik eta hamabost musikarik 27 euskal kantu tradizional eman zituzten. Provence Sessions, serie Fandango (2009) diskoaren urte berean, Ameriketan hamaika herrialdetako 82 artistarekin euskal musika tradizionaleko 24 kanta grabatu, eta Kalea plazaratu zuen. Eta 2010ean Habana Sessions lanak, Fandango proiektuaren bigarren zatiak ikusi zuen argia. Hilabete gutxira, Beti bizi atera zuen, Xabier Amurizarekin elkarlanean, eta Herria (2010) gero, euskal musika tradizionalari eskainitako proiektuaren hirugarren eta azken partea.

2011n Ultramarinos & coloniales argitaratu zen, eta 2012an Ipar haizea, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin. Galiza (2013), Trikitixaren historia txiki bat disko-liburua (2014), Maletak (2016) eta Enlla? (2017) etorri ziren gero.

Beste herrialdeetako artistekin proiektu ugari egin ditu, eta mundu osoan eman ditu kontzertuak. Bere ibilbidean hainbat sari jaso ditu, eta, orain, Adarra Saria gehituko zaio zerrenda horri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.