Bizkaiko Ogasunak 504 milioi euroko iruzurra azaleratu zuen 2019an

Zatirik handiena, %72, BEZaren ordainketaren irregulartasunek eragin zuten. Ustezko hiru delitu fiskal ere igorri dizkio ogasunak fiskaltzari

Paulo Ostolaza.
2020ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Bizkaiko Foru Ogasunak ia milioi erdi jarduera egin zituen iaz zerga iruzurraren aurka, eta, lan horri esker, 504 milioi euroko iruzurra azaleratu zuen. 2018an baino 10.000 jarduera gutxiago egin zituen aldundiak iaz, baina hamasei milioi euro gehiago berreskuratu ditu.

Azken urteetan bezala, diru horren zati handi bat, %72, BEZaren ordainketetan egindako iruzurrari dagokio (363 milioi euro). Iruzur gehieneko beste zergak, berriz, hauexek izan dira: egin gabeko edo gaizki aitortutako atxikipenena (45 milioi euroko iruzurra), sozietateen gaineko zergaren likidazioena (43 milioi euro), eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarena (30 milioi euro). Horretaz gain, ogasunak ustezko hiru delitu fiskal igorri zizkion fiskaltzari, guztira 1,9 milioi euroko zenbatekoa osatzen zutenak.

Atzo goizean eman zuten datuon berri Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantzako foru diputatuak eta IƱaki Alonso Ogasuneko zuzendari nagusiak. Zenbakiez gain, joan den urtean zerga iruzurra azaleratzeko martxan jarri zituzten neurri berriak nabarmendu zituzten. Horiei esker, besteak beste, aldundiak 230 milioi euro eskatu dizkio Zerga Administrazioko Espainiako Agentziari, egoitza fiskala Bizkaian duten hidrokarburoen enpresei zergak oker kobratzeagatik.

Prebentzio jarduerak ere aipatu zituzten. Informazioa eta laguntza emateko BILA plataformak, adibidez, gero eta erabiltzaile gehiago ditu: 2019an, 1.321.382 aitorpen aurkeztu ziren Internet bidez, 2018an baino %3,67 gehiago. Tributuen arloko hezkuntza moduluan, berriz, DBHko eta Batxilergoko 112 ikastetxek hartu zuten parte azken sasoian, aurreko urtean baino 34 gehiagok.

Batuz programa

Joan den urteko agerraldian aurkeztu zuten Batuz programa ezartzeko prozesua, eta aurrera doa; sistema hori jarduera ekonomikoen zerga ordainketak kontrolatzeko da, eta uztailaren 1etik aurrera jarriko du martxan aldundiak. Hori ahalbidetzeko, pauso garrantzitsuak eman dituzte azken hilabeteetan:plan integrala aurkeztu dute, baita proba pilotua egin ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.