Carla Thomson. Argazkilaria

«Gauzak usteltzen direnean, ez zaude bakarrik»

2001eko protesta haietatik «klase elkartasuna» gogoratzen du hobekien Thomsonek, nola borroka kolektiboak «nahikoa da» esan zuen, «ezinbestean eta desesperaturik».

ROMINA LEMA.
Buenos Aires
2021eko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Argazkilaria da Carla Thomson, baita Emakume Langile Langabeen Borroka eta Askatasuna Mugimenduko erreferentea ere. 2000. urtean sortu zen mugimendu hori, Buenos Airesko 21/24 auzoan.

Nola harrapatu zintuen 2001eko abenduak?

Ia lanik gabe. 19an, arpilatzeak hasi zirenean, hiriburuan bizi nintzen. Gau hartan ezarri zuen De la Ruak setio egoera. Telebistan egoeraz hizketan ari zirela, eltze hotsa entzuten hasi zen, behetik gero eta ozenago, harik eta alimaleko burrunba bilakatu arte. Eta ez zegoen kalera irten beste aukerarik. Jendea trumilka eta samaldaka zihoan Kongresurantz eta Etxe Arrosarantz.

Maiatzeko Plazako Amei jazarri zietenean ere jende asko atera zen kalera. Hainbeste haserretu zen jendea, atera eta atera hasi ziren denak. Buruan iltzatuta geratu zitzaidan klase elkartasun hura. Gauzak usteltzen direnean, ez zaude bakarrik. Oso argi gogoratzen dut beste une bat ere, Kongresuan negar gasa bota zutenekoa: ni argazkiak ateratzen ari nintzen, eta ez nuen ezer ikusten; oso leku txarrean nengoen, eta salbatu egin ninduten. Taberna eta liburutegietan dena ikusten eta babes hartuta zeudenek berek atea zabaldu eta barnean babesten zintuzten.

Zer sentitu zenuen presidenteak dimisioa eman zuenean?

2001eko abenduaren 20a egun ikaragarri luzea izan zen. Errepresioa, basatia: 39 lagun hil zituzten, erdialdean haietako bost. Gogoan dut sentsazio hura: gauza oso larriak gertatzen ari zirela jakin eta halako batean ahots bat entzutea, norantz atera egin behar genuen esanez. Ahoz aho zabaltzen zen informazioa. Gogoan ditut lehen lerroan aritzen ziren gazteak, baita motoziklistak ere:bideak zabaltzen zituzten.

Jakin genuenean De la Rua alde egina zela, hori ezin zen hitzez kontatu. Borroka kolektiboak «Nahikoa da» esan zuen; ezinbestean, eta desesperaturik.

Nola sortu zen herri matxinada hura ekarri zuen prozesua?

Ni hazi nintzen auzoan, aktibismo handia zegoen. 1983an, diktaduratik atera berriak ginen. Eta, hamarkada haren hasieratik, jendeak lurrak hartzen zituen, modu klandestinoan hasieran. Aktibismo territoriala zen; eliz komunitate oinarrizkoak ziren; askapenaren teologia zen. Kide asko, erakunde politiko-gerrilleroetan ibiliak, bueltatzen hasi ziren erbestetik, baita 76ko diktaduran preso egondako batzuk ere. Auzoan, desagertu bat zegoen etxadi bakoitzeko, eta jendea kalean fusilatzen zuten. Eta memoria hori ez da galtzen. Lurrak okupatzen aritzen ginenean, konfiantza une batzuk sortzen ziren auzokideon artean, eta orduan hasten ziren batzuk oraindik kontatu ez zituzten istorioak kontatzen.

Ordukoa da emakumeen sarea ere, ezta?

Bai. Gogoratzen naiz nola hasi ziren bueltatzen erbesteratuak eta nola hasi ginen antolatzen, elkartzen, auzoa denona egiteko; eta elkarrekin artikulatzeko. Hegoaldeko Eremuko Emakumeen Sarea osatu genuen, eta feminismoaz aritzen ginen. Mugak apurtzeko estrategien eta moduen bila aritzen ginen. Niretzat, oso argigarria izan zen. Tailer haietako batean, argi ikusi ahal izan nuen, azkenean, neure bene-benetako indarkeria historia. Eta Emakumeen Topaketa Nazionalak ere gure espazioak izan ziren: 80ko urteen amaieratik parte hartu genuen, eta, urteen joanarekin, gero eta modu masiboagoan.

90eko hamarkadaren amaieran, Langile Langabeen Mugimenduak sortu ziren, lurraldea antolatzeko prozesuei loturik. Harrezkero, jada ez zinen fabrikan elkartzen besteekin, baizik eta auzoan; denok geunden lekuan, alegia: migratzaileak, probintziako jendea, disidenteak. Eta, denok lanik gabe egonik, argi zegoen zer ardatzen inguruan antolatu behar genuen. Bagenekien langabezia luzerako etorria zela.

Zure ustez, nondik dator muin asanbleario hori, ekintza zuzenekoa eta autogestionatua?

Errepresio basati batetik gentozen; 30.000 pertsona desagertuak ziren, eta diktadurak hainbat urte iraun zuen. Eta sentitzen genuen jende gehiago bildu behar genuela. Diktaduran preso politiko izandako emakumeak funtsezkoak izan ziren niretzat, eta haiek autokritika handia egiten zuten.

Gazte asko ideia anarkistekin identifikatzen ziren. Zenbait kide beste nazio batzuetatik ere etortzen ziren. Adibidez, gogoan dut nola gau batean, lur bat hartzen ari ginela, Uruguaiko Tupamaro erakundeko talde bat etorri zen bisitan. Nire gurasoak ere diktaduratik ihesi etorritako migratzaileak izan ziren. Bada hor memoria bat borroka esperientzia batzuk hartzen dituena, gutxi gorabehera analizatuak daudenak, baina ondo barneratuak. Ibai emaritsu bat bezalakoa da: lurrazaletik doa batzuetan, eta lurpetik beste batzuetan. Jardun aktibista horixe baita: konpromisoa hartzea esperientzia horiek gal ez daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.