Hego Euskal Herrian Espainiako legediak urteetan behartu du pertsona izenak sexuen arabera bereiztera. Bilgune Feministak liburuxka bat egin zuen horri aurre egiteko. Auziaren «sakonean» dagoen gaia sozializatu nahi izan zuen. «Ponte izenek identitateak eraikitzeko balio sinboliko handia daukate; gure gorputzetan eragiten dute, eta gure gorputzen jabe izatea aldarrikatzen dugu», dio Bilgune Feministako kide Idoia Trenorrek (Donostia, 1984).
Orain arte, Euskaltzaindiaren teorizazioak ukatu egiten zuen euskaraz izen mistoak zeudela; orain, onartu ditu batzuk, epizeno edo neutro deiturikoak. Zer diozue zuek?
Onomastika Batzordeak lan handia egin du, eta asko baloratzen dugu ahalegina. Baina gu ez gara hizkuntzalariak, ez gara alor horretan sartzen; guk zalantzan jartzen duguna da bereizketa egiteko beharra. Hodei, adibidez, mantendu egin dute gizon izenen listan, baina Amets orain neutroa da.
Euskaltzaindiak dio legediak horretara behartzen duela.
Zerrenda horrekin ikusten da Euskaltzaindiak ahalegin bat egin duela legediari izkin egiteko, eta ondo iruditzen zaigu. Azken hitza, dena den, Erregistro Zibileko arduradunak du. Euskaltzaindia, kasu honetan, gomendio edo aholku emailea da, baina ez da arau emailea. Erregistroan daudenak ez daude behartuta haren izendegia erabiltzera. Langile horiei ere zuzentzen gatzaizkie, eta gizarteari oro har.
Euskaltzaindiak aldaketa gehiago egitea espero duzue?
Oraingo erabakiak izango du azalpen bat hizkuntzalaritzaren aldetik edota tradizioarenetik; ez dakigu. Guk uste dugu egungo eskaera sozialari ere erantzun behar zaiola izendegiarekin. Euskaltzaindiak 2010ean erabaki zuen neska-mutil bereizketa egitea genero markarik gabekoentzat ere, eta zorrotzago jokatzen hasi zen. Atzerapauso handia izan zen hori. Orain, aldaketa batzuk egin ditu, eta, gure ikuspegia beste bat izan arren, urrats positiboa iruditzen zaigu. Pentsatzen dugu epizenoen corpusa handituz joango dela.
Zer dela-eta egin du hori orain?
Uste dugu herritarrek eginiko lanarengatik eta jarritako kexengatik izan dela. Errekonozimendu hori faltan botatzen dugu. Bilgune Feministakook gure lanarekin jarraituko dugu; batzuen eta besteon ikuspuntuak elkar elikatu daitezkeela uste dugu.
Zer proposatzen duzue zuek?
Sexuaren araberako bereizketa desobeditzea. Hodei edo Iraitz erabili nahi badugu neska batentzat, erabiltzea. Guk ulertzen dugu markarik gabeko izen gehiago daudela euskal izendegian, eta horiek erabiltzeko deia egiten dugu.
Zer ondorio izan ditzake desobedientziak?
Guk planteatzen dugunak ez du lege ondoriorik edo zigorrik. Guk legean dauden zirrikituak erabiltzea proposatzen dugu. Aukera asko daude. Bide honetan urratsak egin dituztenen esperientzietatik abiatu gara; jaioberriei izenak jarri nahi izan dizkietenenak edota euren izenak aldatu nahi izan dituztenenak.
Zeintzuk dira zirrikitu horiek?
Espainiako legeak berak ematen ditu aukera batzuk. Gaur egun, ospitalean egin daiteke erregistroa, eta malguagoak izaten dira. INE Espainiako Estatistika Institutuak badu pertsona izenen estatistika bat; horrekin froga daiteke izen batzuk neska zein mutilentzat erabili direla. Beste aukera bat da erakustea ipuin batean ala kontakizun batean agertzen dela izena. Leku izena dela frogatuz gero ere erabil daiteke bi sexuetarako. Gure gidan halako gehiago jaso ditugu.
Gaiaz aritzeko, Euskaltzaindiarekin batera parte hartuko duzue datorren astean Eusko Legebiltzarreko Berdintasun Batzordean. Zer eskatuko duzue han?
Eragile bakoitzari bere eskumenen arabera jokatzeko eskatuko diogu. Nahiko genuke Euskaltzaindiak ez egitea genero edo sexuen araberako sailkapena, izen bakoitzari zakil ala alu marka ez jartzea; aldaketak aldaketa, oraindik ere egiten baitu. Euskal instituzioei, berriz, eskatzen diegu Espainiakoei eskatzeko arautegi hori moldatzeko gure administrazioak izan daitezen euskarazko izenen arauen jabe, ez baikara geure izenen jabe.
Lehen zirrikitua izen neutroentzat
Izendegia. Euskaltzaindiaren aldaketa. Idoia Trenor. Bilgune Feministako kidea
«Ez gara geure izenen jabe»
Euskaltzaindiak eginikoa «urrats bat» dela dio Bilgune Feministako kideak; dena den, ohartarazi du Hegoaldean sexuen araberako bereizketa indarrean dagoela oraindik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu