Doka.Aurrera begira, gogoz baina tentuz
Non: Donostian.Noiztik.: 2007. urtetik.Edukiera: 350 pertsona.
Doka Donostiako Kafe Antzokiak ateak ireki zituela hamabost urte beteko dira maiatzean, eta badute asmorik, egoerak aukera emanez gero, urteurrenerako zerbait berezia prestatzeko. Azken bi urteotako gorabeherak ikusita, baina, ilusioz baina tentuz mintzo da Mikel Roman aretoko arduraduna. Izan ere, unean uneko egoeraren eta indarrean ziren neurrien arabera, ahal bezala aritu dira hilabeteotan agenda antolatzen.
Itxialdia ezarri zutenean, beste aretoek bezala, bertan behera utzi zituzten kontzertu denak; uztailera bitarteko programazio osoa. «Gero, etxetik ateratzeko ordutegi batzuk ezarri zirenean, eta kultura bultzatzearren, saio batzuk streaming-ez egitea erabaki genuen». Lau kontzertu eta bi bertso saio egin zituzten era horretara. Baina egoera berriro aldatu zenean, «eta jendea ja ez zegoenez etxean horiek ikusteko», formatu hori eten zuten, eta «beste geldialdi txiki bat» heldu zitzaien.
Bestelako neurriak sartu ziren indarrean ondoren, eta horietara egokitutako saioak hartu zituen Dokak. «Kontzertu txiki batzuk antolatu genituen, 60 pertsonako edukierarekin, eserita eta distantziekin... Zerbait egitearren eta lana aurrera ateratzearren». Neurri horiekin egoera ez zela ekonomikoki bideragarria dio. «Jendeak mugimendua behar zuen, baina inori ez zaizkio kontuak atera». Langile guztiak aldi baterako erregulazioan sartu ziren, «horrek atzetik dakarren lan guztiarekin», eta azaldu du izandako diru laguntza apurrek ez dutela «zuloa» estaltzea lortu. «Galerak handiak izan dira. Nola biziraun dugun, egia esan, ez dakit esaten».
Orain gogotsu daude etor daitekeenarekin: «Baina ez dakigu honek noiz arte iraungo duen; ditugun momentu eta aukera guztiak aprobetxatu behar ditugu». Egitarau bete-betea dute datozen aste eta hilabeteetarako, eta, ohi bezala, bereziki euskal taldeei egingo diete lekua: Dupla, Kaotiko, Tatxers, Huntza... denetariko estiloetako taldeak ariko dira Dokan.
Atabal. Laguntzek arindutako garaia
Non:Miarritzen (Lapurdi).Noiztik: 2005. urtetik.Edukierak: 700 pertsona.
Miarritzeko (Lapurdi) Atabal aretoa erreferentzia garrantzitsua bilakatu da Euskal Herriko musika aretoen artean azkeneko hamarkada eta erdian, tokiko talde ugarirentzako ez ezik, nazioarteko banda entzutetsuentzako ere plaza bilakatu baita. Azken bi urteak, baina, «gorabeheratsuak» izan dira aretoarentzat, François Maton zuzendari artistikoak azaldu duenez. «Eta hala ere, bi urte hauek zailtasun handiegirik gabe itxi ditugu». Bada arrazoi inportante bat horretarako: «Laguntza publikoak izan ditugu». 2019an, Atabalen aurrekontuaren %65 sarrera propioek osatu zuten —kontzertuen sarrerek, tabernak...—, eta %35, berriz, laguntza publikoek. «Koronabirusarekin, sarrera propioak murriztu dira, baina laguntzak izanda, errazagoa izan da»
Aurrera begira, berriz, programatzeko aukera handiak izanda ere —«zuzenean jo nahi duten talde asko dago»—, AEBetako eta Japoniako taldeak ekartzea lan nekeza izango dela uste du. «Europako herrialde bakoitzean bere neurriak dituzte, eta horrek zaildu egiten ditu birak. Taldeek ez dute arriskatu nahi, eta nahiago dute jaialdi handietara joan». Gainera, gastuak handitu egingo direla pentsatzen du, eta horrek eragina izango duela sarreren neurrian. «Ez da guk nahi duguna, baina jaialdi handiak dena ari dira eramaten».
Datozen asteetan hainbat euskal talde ariko dira Atabalen: Bulego, Gatibu, Vulk eta Zetak. Eta horiekin batera, Zombie Zombie, Other Lives eta beste. Udaberrirako, berriz,Kevin Morby, Nada Surf eta Cat Powerren kontzertuak dituzte programatuak.
Dabadaba. Nazioarteko taldeak berriz hartzeko prest
Non: Donostian.Noiztik: 2014. urtetik.Edukiera: 298 pertsona.
2020ko itxialdiaren ostean, «hasieran ziurgabetasun juridiko handia» bizi izan zutela du gogoan Dabadabako arduradun Alex Lopez Allendek. «Kontzertu aretoen figurarik ez dagoenez, gaueko aisialdian sartzen gaituzte, eta hori itxita egon behar zenez, zaila zen jakitea zerbait egin genezakeen. Halaber, asko baldintzatu gintuen edukierak, aulkiak jartzeak, distantziak zaintzeak... Eskaintza horretara moldatu behar zen, eta %90 bertako artisten saioak izan ziren». Horrek bideragarritasun ekonomikoari nahiz proposamen artistikoei eragin ziela azaldu du.
2020ko abenduan, Durangoko Azokak sustatutako egitasmoaren harira, bi emanaldi hartu zituen aretoak, eta horrek animatu zituen kontzertu gehiago antolatzera. «Ordutik, uda bitarte, dinamika bat hartu genuen, eta tarte horretan 70 bat kontzertu egin genituen». Emanaldi bikoitz edo hirukoitzak izan ziren asko, eta Chill Mafiarena du bereziki gogoan, hiru saio egin baitzituzten.
Edonola ere, iazko iraila-urria arte egoera «arraro» batean jardun zuten lanean. Haren hitzetan, «boluntarismo handiz» aritu ziren, eta, gerora, beste areto batzuek hartutako bideak ikusita, ez du argi haiena egokiena izan ote zen. «Batzuek ateak itxi zituzten, eta tarteka pentsatu izan dut erabakirik onena hori zela agian, ez kultur ekosistemarentzat, baina bai ziurgabetasunari begira». Pandemia baino lehen egoera ekonomiko ona zutela azaldu du, baina «hilabete gutxiko kontua» izango zelakoan zorpetu egin zirela, eta zor horri aurre egin beharrean direla orain.
Berriro martxan dira, baina, eta Dabadabako agenda bete-betea ageri da. Martxotik aurrera nazioarteko taldeak itzuliko direla nabarmendu du Lopez Allendek, horretan sumatu dutelako bi urteotan «hutsune handiena». Adibiderako, Sessa brasildarra eta Shellac estatubatuarrak ariko dira Donostian udaberritik aurrera.
Beleza Malandra.Larri, baina eutsi diote azkenean
Non: Bermeon (Bizkaia).Noiztik: 2011. urtetik.Edukiera: 70 pertsona.
«Gure kasua nahiko berezia da», esanez hasi da Alex Lertxundi Bermeoko (Bizkaia) Beleza Malandra Ateneo Kulturaleko arduraduna. Lokal txikia da, eta taberna baino gehiago, eskaintza kultural bat emateko gune gisa zabaldu zuten espazioa duela hamar urte. Osasun krisiaren ondorioz, egoera «oso zailak» bizi izan dituzte, baina ahal izan duten neurrian, programazioa betetzen ahalegindu dira: «Aukera izan dugun guztietan antolatu ditugu kontzertuak, eutsi egin diogu».
Nazioarteko taldeak ekarri beharrean, bertako kontzertuetara mugatu dira pandemiak iraun duen bitartean, eta hala, aurrera egitea lortu dute. «Sarrerako dirua taldeak ordaintzeko baliatzen genuen, eta tabernan ateratakoa guretzako hartzen genuen, baina, publikoa eserita zegoenez, ez zuen ia ezer kontsumitzen», azaldu du.
Segurtasun neurrien ondorioz, gaueko ordutegia izatetik, egunez lan egitera igaro behar izan dute. «Kolpe gogorra izan da; jendeak ez du halako lokaletara egunez etortzeko ohiturarik». Larri, baina ari dira pixkanaka egoerari buelta ematen: «Lanik egin ezean, ez dago irabazirik; hortaz, espero dugu aurrerantzean jendea berriro ere aktibatzea eta pandemia aurreko egoerara itzultzea».
Dagoeneko prest dute hemendik eta maiatzera arteko egitaraua. Manu Gastadok hilaren 26an emango du aurreneko kontzertua. Eta, martxorako, hiru data iragarri dituzte: 12an, Quartet Tarantino; 20an, Giudi e Quani; eta, 26an, Crap.
Totem. Datorrenari begira, beldurrik gabe
Non: Atarrabian (Nafarroa).Noiztik: 2004. urtetik.Edukiera:1.200 pertsona.
Totem aretoa saiatu da programazio murriztu bat elikatzen, Iker Isiegas programazio koordinatzailearen hitzetan. Azken bi urteotan, ehun bat kontzertu egin dituzte, edukiera txikituta. Gauez diskoteka bihurtzen den aretora 120 pertsona bertzerik ez ziren sartzen ahal, baina kopurua handitu egin da hilabeteak joatearekin. Kontzertuei dagokienez, gutxieneko zerbitzua mantendu dute. «Erresistentzia programazioa martxan jarri izan dugu, inolako laguntzarik gabe». Familia enpresa gisa definitzen dute sala, eta mailegua eskatu behar izan zuten metatzen zihoazen gastuei aurre egiteko.
Murrizketen kentzearekin, tunel ilunaren bukaeran argia ikusten hasi dira. Antolatzaileen aurreikuspenen arabera, kontzertu eskaintza argi areagotuko da. «Programazio zabal eta polita aurkeztuko dugu», aurreratu du Isiegasek, lasaiturik. Datorren denboraldirako afixan Doctor Deseo, Depedro eta Zahara azaltzen dira, bertzeak bertze. «Emanaldi batzuk bertan behera utzi beharko ditugu, bestenaz overbooking-a etorriko da», aitortu du.
Pasa den ostiralean antolaturiko jaialdiko sarrerak agortu izan ziren agudo, publiko gaztearengana jo izan dutela eta. «Aldiz, bertze belaunaldi batzuk oraindik beldurti ikusten ditugu». Edonola ere,Totemekseinale ontzat hartzen du sortzen ari den irekidura.
Jimmy Jazz.Ahal bezala eutsi, aurrera egiteko
Non: Gasteizen.Noiztik: 2008. urtetik.Edukiera: 690 pertsona.
Gasteizko Jimmy Jazzek ere ahal bezala eutsi dio egoerari azken bi urte hauetan. Hala aitortu du Iker Arroniz aretoko arduradunak: «Ahal den moduan aurrera egiten ahalegindu gara». Tarteka itxita, tarteka irekita, orain zutik, eta orain eserita, baina ekitaldiei eusteko saiakera egin dute ahal izan dutenean, bederen. Kontzertuak izan dira gehienak, baina izan dute bestelakorik ere: bakarrizketak, bertso saioak, antzerki ikuskizunak... «Oso gertuko programazioa izan da, batez ere. Genituen baldintzekin hori baino ezin genuen egin».
Ekonomikoki kolpe gogorra izan da aretoarentzat, edonola ere. Ekitaldiak egin izanagatik, edukiera osotik urrun egon direlako une oro. «Egin ditugun saioek ez dute dirurik eman. Oso saio txikiak izan dira, baina saiatu gara gutxiengo batzuk mantentzen». Horren aurrean, galerak ahalik eta gehien murriztu beste aukerarik ez dute izan; izan ere, diru laguntzak egon dira, baina Arronizen hitzetan «ez dira nahikoa izan», eta «berandu» iritsi dira normalean, gainera.
Murrizketa gehienak kenduta, berriz martxan jartzeko ilusioz daude aretoko arduradunak, baina aitortu dute ziurgabetasun handia dagoela oraindik. «Sektorea egoera nahasian dago». Batetik, bi urte hauetan talde asko geldirik egon direlako, eta orain ekingo diotelako kontzertuak emateari; eta, bestetik, areto itxietan edukiera osoarekin sartzeari beldur den jendea egon daitekeelako oraindik. «Eskaintza gehiegi egoteko arriskua dagoela uste dut, eta ez dakit hainbeste publiko dagoen hainbeste talderentzako».
Dena den, jendea kontzertu gosez dagoela uste du Arronizek, eta ideia hori oinarri hartuta prestatu dute datozen hilabeteetarako agenda. Datorren astetik aurrera, Jimmy Jazzen izango dira, besteak beste, Capsula, Boot Boys, Revolver, Kaos Etilico, Skabidean, Non Servium, Tremenda Jauria, Doctor Deseo, La Excavadora eta Gatibu. «Sekulako zerrenda daukagu». Eustea irautearen berme izatea nahi dute orain.
Helldorado. Nola betebi urteko hutsunea
Non: Gasteizen.Noiztik: 2001. urtetik.Edukiera:381 pertsona.
2020ko martxoaren 7an izan zuten azkenengo kontzertua Helldoradon. Orduz geroztik, bi urte eman ditu aretoak itxita, eta salbuespen kasubatzuetan baino ez ditu ireki ateak. «Iazko azaroan, zabaltzeko aukera eman zigutenean, bederatzi kontzertu egin genituen, eta diru laguntza batzuk jaso ahal izateko ere antolatu genituen beste ekitaldi batzuk. Baina gainontzean, erabat itxita egon gara», zehaztu du Juan Uriarte aretoko arduradunak.
Itxita, hutsik eta isilik egon da, kontzertu aretoa izanagatik ez dutelako beste jarduera batzuetarako erabili, eta zenbait erakundek emandako diru laguntzei esker lortu dute hutsune horri aurre egitea. «Jaso ditugun apur horiei esker lortu dugu enpresa moduan bizirautea, baina bi urte diru sarrerarik gabe egonda ezinezkoa da aurrera egitea». Etsita mintzo da Uriarte; aitortu du izurriak lorratza utzi duela aretoan, eta nabarmendu du urte luzez nabarituko dituztela ondorioak, nola eta zein modutan izango den jakin ez arren. «Erabat ezezaguna da datorrena guretzat ere».
Aste honetan zabaldu ditu ateak ostera; Gasteizko gazteen musika taldeen kontzertuak izan zituzten atzo, esaterako. Baina datozen hilabeteetarako egitarau oparoa dute prest: Rat-zinger, Food 4 Dogs, Mice, Corizonas, Sex Museum... Ekainera arteko egitaraua osatzen ari dira pixkanaka. «Normaltasunera itzuliko garen esperantzarekin ari gara lanean». Rockaren infernua izaten jarraitu nahi duelako.
Kafe Antzokia. Euskal komunitatearen aterpe sendoa
Non: Bilbon.Noiztik:1995. urtetik.Edukiera:650 pertsona.
Beste areto guztiek bezala, Bilboko Kafe Antzokiak ere 2020ko martxoan zarratu zituen ateak, eta hemeretzi hilabetez egon behar izan zuen hala. Iazko urriaren hasieran, Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdia indargabetzearekin batera, hiru hilabetez zabaldu zuten, baina, abendu amaieran berriro ere itxi behar izan zuten. «Egoera ikusita, ezin izan da aurrera eraman ez kultur programazioa, ez ostalaritza, ezta gaueko aisia ere», kontatu du Mikel Urbeltz Bilboko Kafe Antzokiko arduradunak.
Ekonomikoki «galera handia» izan dela dio Urbeltzek, baina ez antzokiarentzat bakarrik: «Gure jarduna eteteak kalte egin dio sare zabal bati: artistak, teknikariak, kultur elkarteak... eta, bereziki, euskal komunitatea».
Joan den ostegunean Rafa Ruedaren kontzertuarekin berrekin zioten programazioari, eta aurrera begirako egitaraua ere prest dute: «Espero dugu aurrerantzean gure jarduera bere ohiko kopuruetara itzultzea berriro ere».
BETETZEKO TAULAK
Koronabirusak eragindako murrizketa gehienak bertan behera geldituta, agertokiak betetzeko prest dira musika aretoak. Azken bi urteetan bizi izandakoa kontuan izanda, baina itxaropentsu. Haietako batzuen iritziak bildu ditu BERRIAk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu