Rapanuiaren biziberritzean figura garrantzitsuenetakoa da Virginia Haoa. Bizi osoa darama hizkuntzaren alde borrokan, eta, azkenean, badute rapanuizko ikastola. Gogoan du haurtzaroan eskolan zigortu egiten zituztela espainieraz egin ezean, «baina askok rapanuiz baino ez zekiten». Orain, hizkuntza ez dakiten umeak hartzen dituzte, hura gal ez dadin. Ez zuen etsi aurreko eskolak babesa galdu zuenean ere. Testuak argitaratzen, ipuinak sortzen eta etengabeko lanean jarraitu zuen.
Bi urte bete ditu eskolak. Zelan sortu zen egitasmoa?
Erretiroa hartu nuen. Hizkuntzari buruzko kezka geneukan lagunen talde bat elkartu ginen, eta hala ekin genion itsasontzi erraldoi honi, gurasoekin batera. Umeekin lan egiten dugu, baina gurasoak ere ezinbestekoak dira. Askok rapanuia ulertzen zuten, baina hizkuntza atera egin behar zitzaien, eta, horretarako, zorrotz inposatu behar zen: ikasgela honetan rapanuiz baino ez da egiten, eta kito. Ez naiz hizkuntzalaria, irakaslea naiz, baina ez aditua hezkuntzan. Intuizioa izan zen, emakume intuizioa, ama batena, gauzak nola izan behar diren esaten dizuna.
Honen aurretik egindako esperientzia daukazue.
90eko hamarkadan, herri indigenen topaketa batera joan nintzen alkatearekin, eta Zeelanda Berriko esperientzia ekarri genuen. 2000. urtean erakutsi genuen umeek ikasten dutela hizkuntza baldin eta koherentea bazara esaten duzunarekin. Umeek bazekiten ikasgelan sartutakoan irakasleak rapanuiz baino ez dakiela. Proiektu hark zortzi urte iraun zuen. Oraindik ere eskola interkultural elebiduna izena dauka programak, baina ez du funtzionatzen.
Argi izan duzue murgiltze eredua behar zela hemen, eta gurasoen parte hartzea.
Umea hartzen dugunean, konpromisoa eskatzen diogu familiari. Orain, bi gurasoetako bat gutxienez rapanui hiztuna izatea eskatzen dugu, hizkuntzak etxean segi dezan. Orain eskabidea malgutu dugu, baina ez dakienari ikasteko konpromisoa eskatzen diogu. Familia gehienetan, gurasoetako bat bakarrik da rapanui hiztuna, eta bestea, espainiera hiztuna. Erakundeetan ere espainiera da nagusi; presioa oso handia da: itotzen ari dela sentitzen dugu. 40-45 urtetik gorakoek oraindik erabiltzen dute, baina hortik behera, ulertu agian bai, baina erabili ez; ondorioz, umeek ez dakite. Gehienez ere nahasketa egiten dute: espainieraz ari dira, eta rapanuizko hitzak sartzen dituzte.
Hasi berri zarete. Non ikusten duzu Ho?a'a Re'o, hizkuntzaren habia, hamar urte barru?
Ume hiztun gehiago egotea espero dut, hizkuntza eta gure jakituria eta balioak aldean eramango dituen ume bat, bere burua, besteak, arbasoak, natura errespetatuko dituena. Hawaiin egon berri naiz; han, 20 mila hiztun lortu dituzte, eta arnasa ematen dizu ikusteak ez gaudela ikusteak, beste herri asko dabiltzala horretan. Euren ideiekin, zabaldu egiten zaizu eremua. Ea euskaldunen esperientziak ere partekatzen ditugun!
Virginia Haoa. Irakaslea
«Zorrotz ezarri genuen rapanuiz soilik egitea»
Rapanuiaren babesle eta ekintzaile sutsua da, eta murgiltze ereduan oinarritutako proiektu bat abian jarri du hizkuntza iraunarazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu