Bihar eta etzi greban izango dira Osakidetzako langileak

Dei bateratua egin dute ELA, LAB, CCOO, UGT, SATSE eta SME sindikatuek. Sagarduik espero du «ahalik eta eragin txikiena» izatea

Maite Asensio Lozano.
2023ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun sistema publikoko langileak protestan izango dira bihar eta etzi: bi eguneko grebara deitu dituzte ELA, LAB, SATSE, CCOO, UGT eta SME sindikatuek, Osakidetzaren «desegitea» salatzeko, eta beharginentzako baldintza «duinak» eskatzeko. Sindikatuen arabera, Osakidetzaren arazoak «egiturazkoak» dira, eta ez pandemiaren ondoriozkoak, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako sailburuak adierazi izan duenez. Hala, «berehalako konponbide sakonak» galdegingo dituzte egun hauetako mobilizazioetan: bihar ospitaleetan eta osasun etxeetan egingo dituzte protestak, eta etzi, berriz, manifestazio handiak Bilbon, Donostian eta Gasteizen.

Ikusi gehiago: Oposizioak alferrik egiteko arriskua dute

Lanuzteek «ahalik eta eragin txikiena izatea» espero du Sagarduik, atzo esan zuenez. Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldian parte hartu zuen, jakinarazteko Osakidetzak 30 milioi euro inbertituko dituela zenbat azpiegitura eta ekipamendu erreformatzen. Hala, sailburuak argudiatu zuen ez dagoela grebarako arrazoirik: «Gobernuak apustu irmoa egina du Osakidetzaren alde: aurrekontua igo dugu, eta inbertsioak egiten ditugu». Enplegua egonkortzeko lan eskaintzarik handiena abiatu dutela ekarri zuen gogora, eta gezurtatu egin zuen osasungintza pribatizatzen ari direla: «Datuek argi diote ez dela zerbitzu bakar bat ere pribatizatu».

Sindikatuak, ordea, ez datoz bat, azken hilabeteetako agerraldietan adierazi izan dutenez. Hala, bihar eta etzi aldarrikapen ugari izango dituzte ahotan langileek. Batetik, lehen mailako arretaren inbertsioa handitzea galdegingo dute. Sindikatuak eta elkarte profesionalak aspalditik ari dira ohartarazten asistentzia maila horren «egoera oso larria» dela: pandemia aurretik ere, 2019an, bi greba egun egin zituzten. Ordutik, agerian geratu da langileak falta direla, batez ere familia medikuak, eta, gainera, areagotu egin dira osasun etxeetako eta EAG etengabeko arreta guneen itxierak eta ordutegi mozketak oporraldietan. «Errealitate bat dira medikurik gabeko EAGak», nabarmendu dute sindikatuek, eta abisua eman: «Osakidetza planteatzen ari da urte osoan murriztea lehen arretako ordutegia».

Langileen «tratu txar sistematikoa» ere behin baino gehiagotan salatu dute: beharginen egoera «gero eta prekarioagoa» dela diote, eta horrek berekin dakarrela osasun arreta ere prekarizatzea. Azken urteetako murrizketen ondorioz 2010etik erosahalmena galdu dutela nabarmendu dute. Horrez gain, behin-behinekotasuna ere arazo bihurtu da Osakidetzan: Jaurlaritzak berak 2021ean Eusko Legebiltzarrean emandako datuen arabera, lantaldearen erdia behin-behinekoa da. Beharginak egonkortzeko egindako oposizioekin ere ez daude pozik: lan eskaintza publiko bat ebatzi aurretik ari dira hurrengoaren azterketak egiten.

Gatazka luzea

Azken hilabeteetan, Sagarduik berak aitortu du langileak falta direla, batez ere medikuak, baina sindikatuek Osasun Sailaren «planifikazio faltari» egotzi diote hori. Gogora ekartzekoa da Osakidetzako langileen batez besteko adina 50 urtetik gorakoa dela, eta urtero mila lagun inguruk hartzen dutela erretiroa; sindikatuek ohartarazi dute langile premiaren arazoak okerrera egingo duela neurririk hartu ezean.

Halere, langileen ordezkariek ez dute arazook bideratzeko «borondaterik» ikusten Osakidetzan eta Osasun Sailean: «Mobilizazioen bidea besterik ez digute utzi». Mahai sektorialean ere gorabehera handiak izan dituzte: iaz planto egin zuten sindikatuek, «edukirik gabeko bileretara» deitzen zituztela salatzeko, eta azken hilabeteetan ere «erabat blokeatuta» egon da espazio hori.

Hala, mobilizazio ugariren ondoren iritsiko dira biharko eta etziko greba egunak. Iaz ere lau lanuzte egin zituzten Osakidetzan; oraingoan, SME medikuen sindikatua ere batuko da, baita ESK ere, bere kabuz. OPA osasun publikoaren aldeko herri plataformek ere babestu egin dute deialdia; izan ere, herritarrak ere batu dira osasun publikoaren aldeko mobilizazioetara, apirilaren 22ko manifestazio jendetsuetan agerian geratu zenez. Bihar ere osasun etxeen aurrean biltzeko deia zabaldu dute iluntzerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.