Estrasburgoko Auzitegira jo dute GALek eta BVEk hildako sei lagunen senideek; 1979 eta 1985 artean hil zituzten.
Justo Elizaran Sarasola. Lanera zihoala, Miarritzen (Lapurdi) tirokatu zuen GAE Talde Armatu Espainiarrak, 1979ko irailaren 13an. Zazpi bala zauri egin zizkioten, bat birikan. Urriaren 5ean hil zen, larri egon ostean.
Enrique Gomez Alvarez. 1954an jaio zen, Leonen (Espainia). Hiru urte zituela joan zen Gasteizera. Euskara ikasi eta euskara irakasle izan zen; 1974tik zegoen Baionan, eta 1979ko ekainaren 25ean hil zuen BVEk.
Anjel Gurmindo Lizarraga Stein. 1959an jaio zen Olatzagutian (Nafarroa). Portland enpresan lanean aritu ostean, Eivissara (Balearrak, Herrialde Katalanak) joan zen, eta, bertan atxilotu zuten, herriko euskal kulturgune baten harira, 1975ean. Espetxetik irtenda, Iparraldera joan zen, eta bi aldiz atzeman zuten: 1977an eta 1981ean. 1984ko otsailaren 5ean hil zuen GALek, Hendaian.
Juan Mari Otegi Txato. 1942an jaio zen, Itsasondon (Gipuzkoa). Euskal kultura sustatzeko Oargi elkartea sortu zuen. 1976an joan zen Iparraldera, eta 1979an konfinatu egin zuten Valensolen (Okzitania). Ondoren, Donibane Garazira joan zen bizitzera. Lanetik etxera zihoala hil zuen GALek, 1985eko abuztuaren 2an, Azkaraten (Nafarroa Beherea).
Xabin Etxaide Ibarguren Eskumotza. 1957an jaio zen, Zestoan (Gipuzkoa). 1979an atxilotu zuen Guardia Zibilak; 1980an gelditu zen aske. 1982an joan zen Iparraldera. 1985eko irailaren 25ean hil zuen GALek, Baionako Monbar hotelean.
Jose Maria Etxaniz Maiztegi. Urretxun (Gipuzkoa) jaio zen, 1954an. Euskal kulturaren bueltan aritu zen gaztetan, txistulari eta dantza taldean. 1975ean joan zen Iparraldera. 1984an atxilotu zuten, Mendiondon (Lapurdi), eta 1985ean gelditu zen aske. Urte hartako irailaren 29an hil zuen GALek, Baiona Ttipiko Monbar hoteleko erasoan.
SEI HILDAKOAK
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu