Osasuna. Lehen mailako arreta

OSASUN SISTEMAREN ATE NAGUSIAN, EZINEAN

Egiturazko gabeziak larriagotzea eragin du COVID-19ak lehen mailako arretan; izurria kudeatzeko hartu diren neurriek ere trabaz bete dute osasun sistemara heltzeko bidea. Osakidetzako langileek deituta, protestak egingo dira gaur.

BERRIA.
arantxa iraola
2022ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Gizarte osoa aintzat hartzen duen osasun ikuspegia da lehen mailako arreta; helburu du ahalik eta osasun eta ongizate mailarik handiena bermatzea, eta era bidezkoan ematea, jendearen beharrak ardatz hartuta». Horra OME Osasunaren Mundu Erakunde eta Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funts Unicef nazioarteko erakundeen arabera, zer den lehen mailako osasun arreta. Ñabardura bat ere bada definizioaren amaieran: «jendearen eguneroko bizitzatik ahalik eta gertuena» eskaini behar da. Gertuko errealitatean, Osakidetzaren eta Osasunbidearen osasun zentroen bidez bermatzen da, batez ere, Hego Euskal Herrian; mediku, erizain eta administrariek osaturiko lantaldeetan, bereziki. Ipar Euskal Herrian, beren kasara diharduten familia medikuen eta erizainen bidez ematen da. Paziente askorentzat osasun sisteman sartzeko lehen atea izaten dira zerbitzu horiek, baina COVID-19aren izurriak eragindako lan zamek eta birusa osasun zentroetan ez sartzeko asmoz hartu diren neurriek oztopo gehiegi jarri dituzte maiz ate horiek irekitzeko: trabatuta daude. «Kolapsoaz» ere hitz egin dute hainbat eragilek. Kexu dira langile asko, eta gaur, esaterako, kalera irtengo dira Osakidetzako sindikatu nagusiek deituta. ELAk, SATSEk, LABek, CCOOk eta UGTk mobilizazioak egingo dituzte Donostian, Bilbon eta Gasteizen, 12:00etan.

«Berehalako neurriak» eskatuko dituzte. Osakidetzako langileei ez ezik, herritarrei eta eragileei ere egin diete mobilizazioetan parte hartzeko deia. Sindikatuen ustez, egungo egoera ez da soilik izurriaren ondorioa, «egiturazko arazoa» baizik. Are gehiago, atzean «osasungintza publikoa eraisteko estrategia programatu»bat dagoela ere salatu dute. Protestarako deia egin zutenean, Amaia Mayor SATSEko eledunak azaldu zuen lehen arretaren egoera «jasanezina» dela, eta langileak «lur jota» daudela psikologikoki pandemiaren bi urteren ostean. Adierazi zuenez, osasun langile askok aparteko lan orduak egin behar izaten dituzte, eguneko beharrak amaitu ahal izateko: «Egiturazko arazoak konpontzen ari dira Osakidetzako profesionalen esfortzu pertsonalarekin». Lantaldeak indartzea proposatu zuten, eta beharrezkotzat jo zuten Osakidetzaren aurrekontua handitzea, Europako Batasuneko batezbestekora heltzeko: BPGaren %7.

Administrarien kexuak

Osakidetzan administrari lana egiten duten langileen AAC Zutik elkarteko kideek bat egingo dute protestarekin. Zentroak ixtera egin da izurrian, gotortzera, eta pazienteen eskeak bideratzeko lehen lerroan egon dira langileok, are, gaixoak zentroetara sar daitezkeen edota zer arta mota jaso behar duten ebaztea ere egokitu zaie usu. Kexu dira. «Izan ere, gure kategoriaren kualifikaziorako ez zaigu osasun trebakuntzarik eskatzen», gogora ekarri dute mobilizazioekin bat egiteko ondu duten oharrean. «Ahituta gaude, desengainatuta, gaindituta».

Protestarekin bat egin dute, besteak besteak, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko kideek ere; osasun sistemaren «kolapsoa» salatu dute, eta «aurrez aurreko arreta jasotzeko dauden zailtasunez» ohartarazi dute. Bizitzak Erdigunean koordinakundea, Osatzen, Osalde, Efekeze, Lehen Arreta Arnasberritzen taldeak, EH Bildu eta Ezker Anitza ere atxiki zaizkio deiari. Ez du bat egin Euskadiko Sendagileen Sindikatuak. Halakoek Osakidetzan «nahi den eragina» ez dutela lortzen esan dute. Egoera onbideratzeko mediku gehiago kontratatu behar direla pentsatzen dute.

Ikusi gehiago: Rafa Rotaetxe. «Zentroetara etortzeari utzi dio jende askok»

Ikusi gehiago: Rosa Aginako eta Ana Carracedo. «Esku nahikorik ez dago telefono deiak hartzeko»

Ikusi gehiago: Malusa Barandiaran. «Maite dut nire lanbidea, baina nazkatuta nago»

Ikusi gehiago: Gloria Santos. «Jendea haserre dago, eta gurekin pagatzen ari da»

Ikusi gehiago: Xan Berterretxe. «Desinformazioak ondorioak ditu gure praktikan»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.