Troiako zaldia minbizi solidoak zeharkatzeko

CAR-T zelulak minbizi solidoen barruan txertatzeko kapsula batzuk prestatzen ari dira CARTsol proiektuko ikerlariak, tartean, CIMA zentrokoak. Oraingoz, odoleko minbizien tratamenduetan baizik ezin dira erabili CAR-T zelulak. Probak bularreko minbiziarekin eginen dituzte.

Iker Tubia.
Iruñea
2023ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Minbiziari aurre egiteko T linfozitoak dira hobeki egiten dutenak. Are hobeki zelula horiek genetikoki eraldatu ondoren, tumoreak identifikatzeko tresna bat gehituta. CAR antigeno-hartzaile kimerikoduna da tresna hori, eta tumoreak identifikatzeko betaurreko moduko zerbait litzateke. Dagoeneko CAR-T zelulen tratamenduak erabiltzen dira odoleko minbizietan, baina ez minbizi solidoetan. Ez dute minbizi horien harresi gogorretan sartzerik. Hura eraistea du helburu CARTsol proiektuak, eta greziar mitologiak eman die erantzuna: Troiako zaldia.

Proiektuan zenbait erakunde ari dira elkarlanean, tartean Iruñeko CIMA medikuntza ikerketa zentroa. Sandra Hervas immunologoak zuzentzen duen laborategiak parte hartzen du CAR-T zelulak minbizi solidoen kontra ere erabili ahal izateko ikerketan. Troiako gerrara egin du salto azalpenak emateko: «CAR-T terapiak duen harresirik handiena tumore solidoa da. Aurpegia ematen duenerako urteak eta urteak eman ditu pazientearen barruan eboluzionatzen, eta tresna askoz hornitu da zelulen erasoei aurre egiteko».

Helburua harresia botatzea da, baina hori egiterik ez dute lortu. CAR-T zelulek ez dute sartzerik lortzen, eta lortzen dutenek aurkako giroa aurkitzen dute. Beraz, fisikariek kapsula porotsu biodegradagarriak sortuko dituzte,pazientearen T zelula eraldatuak biltzeko. Kapsula horiek tumoreetan paratuko dituzte, eta, barruan hidrogela daramatenez, CAR-T zelulak «gustura» egonen dira barruan. Poliki-poliki kapsulatik aterako dira zelula eraldatuak, eta, haiekin batera, tumorea biguntzeko botika batzuk, CAR-T zelulak hobeki sar daitezen eta aurkako giroari aurre egiteko. Ikerketaren beste alde on bat aipatu du immunologoak: kapsula hauek laparoskopia bidez txerta daitezke, inbaditzaileak ez diren metodoen bidez, eta, beharrezkoa balitz, dosi berriekin bete litezke.

Dagoeneko CAR-T zelulen bidezko sei tratamendu daude martxan: haietako lau CD19 deitutako molekularen kontra doaz, linfomenak eta leuzemienak. Beste biak BCMA molekularen kontra egiten dute mieloma anizkoitz kasuetan. Tratamendu hauek beste bideak agortu direnean erabiltzen dira, bizi itxaropenik ez luketen pazienteekin. Emaitza onak eman dituela jakinarazi du Hervasek: «Oso tratamendu iraultzaileak dira».

Baina baditu zenbait arazo. Horietako bat, prezioa. Oso tratamendu garestia da, CAR-T zelulak pazientearen T zelulak laborategian genetikoki eraldatzen sortzen direlako, gero birsortu behar dira, eta, azkenik, pazienteari itzuli. «Gure proposamenean zabaldu beharreko zelula kopurua txikiagoa litzateke, eta horrek tratamendua merkatuko luke, eta pazienteek lehenago balia dezakete».

Bularreko minbizian

Proiektu hau ongi aterako balitz, zenbait minbizi solidorentzako tratamendu gisa erabiltzeko aukera izanen dela aurreikusi du Hervasek: pankrean, glioblastometan... Aldatu beharko liratekeen bakarrak CAR-Tak dira, hau da, tumore bat edo beste identifikatzeko aukera ematen duten betaurrekoak.

Dena den, haien ikerketak bularreko minbizian jartzen du arreta. «Diagnostiko goiztiarrari esker pazienteen bizi itxaropena asko hobetu da, baina minbizia oso aurreratuta dagoenean tratamendu eraginkor oso gutxi daude». CAR-T zelulen tratamendua horrelako kasuetan erabiltzen baita; nahiz eta immunologoak esan duen hori alda litekeela: «Emaitzak hain dira interesgarriak, tratamendua aurreratzea pentsatzen ari baitira».

Klinika aurreko fasean daude, eta saguekin eginen dituzte probak. Hala ere, agudo ibiliko dira probak gizakietan ahalik eta azkarren egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.