Euskal Herriko Mugimendu Feministak mahai tekniko bat osatuko du «COVID-19ak larritutako zaintza krisiari heltzeko». «Arduragatik egiten dugu, eta gure bizilagunen bizitza, gure bizilagun guztiena, axola zaigulako», zehaztu dute, Internet bidez, Josebe Iturrioz eta Silvia Rugamas bozeramaileek egin duten agerraldian. Mahaian parte hartuko al duten edo ez esateko 48 orduko epea eman diete Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari, euskal alderdi politiko nagusiei eta eragile sindikalei, eta ziurtatu dute mugimenduak zaintzan inplikatutako adituekin eta eragileekin mugiaraziko duela mahaia. «Krisi hau, pandemia deitzen dioten arren, zaintza krisi bat da», ohartarazi dute.
COVID-19arekin zaintzaren krisia agerian geratu delakoan daude. «Egiturazkoa da. Horregatik da beharrezkoa paradigma aldatzea, norbanakoaren autosufizientziaren sinesmenean oinarritutako eredu neoliberala aldatzea eta behingoz bizitza erdigunean jartzea», azaldu dute. Mugimendu feminista prest dago horri erantzuteko. «Ez dugu ukatuko beldur garela, zalantzak ditugula eta zaurgarri sentitzen garela, baina Euskal Herriko Mugimendu Feministak ez dio ihes egingo zaintzekin, bizitzekin, emakumeekin, genero disidenteekin eta gizarte osoarekin duen erantzukizun politikoari».
Horretarako, zaintza koordinatzeko mahai bat sortzeko eskatu diete Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta Euskal Elkargoari. Iruditzen zaie alderdi politikoez eta sindikatuez gain, bertan egon beharko luketela mugimendu feministak; etxeko langileek; guraso elkarteek; egoitzetako langileek; eta zaintzaren, ekonomiaren eta medikuntzaren arloko adituek.«Ezin gara geldirik eta zain geratu. Gure etxeetatik egingo dugu, bide telematikoetatik, eta mahai birtual horretan parte hartuko dutenen osasuna bermatuz, baina mahaia eratu eta martxan jarriko da nahitaez». Azpimarratu dute mugimendu feminista prest dagoela esertzeko, erantzuna elkarrekin gidatzeko eta koordinatzeko. «Beharrezkoa da sozialki antolatzea, denon artean zaintzak antolatzeko eta ahotsik gabeko pertsonen beharrak agerian uzteko». Antolaketa kolektiboaren aldeko apustua egin dute, herritarrak etxean konfinatuta egon arren. Salatu dute gobernuak ez duela neurririk hartu erantzun kolektibo bat emateko; erantzun indibidualak baino ez direla eman.
Kezka eragiten diete hartzen ari diren neurri batzuk, uste baitute krisia larriagotu egin dezaketela. Hainbat adibide eman dituzte: etxean geratu beharra ordain ekonomikoen berri izan gabe; egoitzetako bisitak debekatzea mendekoak nola zaindu behar dituzten azaldu gabe; osasunerako eskubiderik ez duten migratzaileekin zer gertatuko den ez jakitea; indarkeriaren biktimak bakartuta geratzea erasotzaileengandik ihes egiteko aukerarik gabe...
Euskal Herriko Mugimendu Feminista etorkizunera begira jarrita dago dagoeneko. «Ez digu ezertarako balioko krisi honetatik ateratzeak berdin jarraitzeko. Beharrezkoa da paradigma soziala aldatzea». Haien iritziz, horrela bakarrik egongo da «duintasunez» bizitzeko aukera. «Egoera honetatik aterako gara bakarrik gai bagara logika kapitalista eta patriarkal horiek aldatzeko eta bizitza eta zaintzak erdigunean jartzeko».
Koronabirusa
Mugimendu feministak mahai bat sortuko du zaintzari heltzeko
Mahai teknikoan parte hartzeko prest dauden esateko 48 orduko epea eman diete, besteak beste, Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu