Tentsio eta nahasmendu giro handia egon zen atzo Baionan, egun guzian zehar. Herriko etxeak «Frantziako eta nazioarteko zenbait eragilek» Baionan mobilizatzeko deialdia egin zutela zabaldu zuen ostegunean, eta goizean goizetik segurtasun neurri zorrotzak ezarri zituzten hiri guzian. Bidegurutze anitzetan ikus zitezkeen polizia unitate ezberdinetako agenteak, eta hiri sarreretan kontrol ugari ezarri zituzten, Hiri barnean ere polizia anitz ibili zen joan etorrian.
Jaka Horiek 17:00etarako manifestazio deialdia eginen zutela zabaldu zen azken egunetan, eta hala baieztatu zieten zenbait jaka horik BERRIAri ere. Leku zehatza azken unean jakinaraztekoa zuten, eta, horren esperoan, jendea Baiona erdigunean pilatzen hasi zen. Nazioarteko eta Euskal Herriko kazetari andana hurbildu ziren Lapurdiko hiriburura, eta anitzi babesteko materiala —kaskoa, betaurrekoak, gasen kontrako maskarak— kendu zieten poliziek kontroletan, tartean Argia eta Ahotsa.info-ko kazetariak. Hurrengo astean salaketa kolektibo bat egiteko asmoa agertu zuen bat baino gehiagok.
17:00ak. Baiona txikian gero eta jende gehiago. Zubi guziak itxi zituen Poliziak istiluen kontrako hesiekin. «Non da mobilizazioa?», bata besteari galdezka. Angeluko BAM etorbidean deitzekoa zutela jakin zen azkenean, baina itxuraz, inor ez zen haraino iritsi. Iturri batzuen arabera, bi pertsona atxilotu zituzten.
Ordu berean, mugimenduak hasi ziren. Baiona Txikian zen jendea manifestazio inprobisatuan abiatu zen. Agusti Xaho plaza pasa, eta Akitaniako etorbidean gora abiatu ziren, Mousserolesetik Aturri bazterrera jaisteko. Inguru guzia poliziaz josia zen, ez zegoen zeregin handirik. Aldarrikapen oihu eta kantu artean Santa Espiritu zubi parera iritsi zirenean igo zen tentsioa. Polizia lerro handia zegoen bertan, ur kanoidun kamioiarekin. Herriko etxerako bidean ere, polizia lerroa. Hiru abisu bota zituzten, eta manifestariei oldartu zitzaizkien, ur kanoia eta negar gasa erabilita. Harriak botata erantzun zieten burua estalita zeramaten manifestari batzuek. Baiona Txikitik jarraitu zuten manifestariek, eta istilu gehiago ere izan ziren batzuetan. Gutxienez pertsona bat atxilotu zuten, baina, Pirinio Atlantikoetako Suprefeturak zabaldu zuenez, ez zen inor zauritu. Negar eragiteko gasez osatutako laino bat ikus zitekeen Baiona Txikiko karriketan, baina giroa baretu zen iluntzerako.
Polizia manifestarien kontra oldartu da Baionan, eta istiluak eragin ditu
Segurtasun neurri zorrotzak saihestuz, ehunka pertsonak manifestazio inprobisatua egin dute Baionan. Gutxienez hiru lagun atxilotu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu