Porru sorta, adibidez, zenbatean zegoen ez zen lehentasunezko galdera atzo Ordizian (Gipuzkoa). Asteazkenero bezala, azoka egin zuten herriko plaza nagusian, baina bertaratu zirenek koronabirusaren krisiak ekarritako egoerari buruzko galderak plazaratu zituzten. «Hemendik sartu behar dut?». «Ez, behetik sartu behar duzu». Ordiziako Udalak antolatu zuen, bai, azoka. Halere, neurri jakin batzuk hartu zituen saltzaileen eta erosleen osasun baldintzak bermatu ahal izateko. Behin ezohiko neurrietara egokituta, konfome zeuden saltzaileak eta erosleak. «Korporazio handiek saltzen jarraitzen badute, guk zergatik ezin dugu gauza bera egin?». Horra Montes abizeneko Ibarrako (Gipuzkoa) saltzaileak planteatutakoa.
Postua jarri ahal izan zuten hamar saltzaileetako bat izan zen. D'Elikatuz turismo bulegoak azoka kudeatzen laguntzen dio udalari, eta, hango erantzule Leire Arandiaren esanetan, «ekoizleak» direnak, «inguruko baserritarrak» lehenetsi zituzten atzo postua nork jar zezakeen erabakitzeko orduan. Asteazkenero 40-45 postu jartzen dituzte plaza barruan, eta beste 30 bat haren bueltan.
Udalak agindu argiak eman zizkien saltzen aritu zirenei: 1,5 metroko tartea utzi behar zuten bai beste saltzaileekiko, baita erosleekiko ere —halere, tokia sobran zegoen—. Gainera, erosketa batetik bestera eskuak desinfektatu behar zituzten. Horretarako agindurik jaso ez arren, saltzaile batzuek maskara jantzi zuten.
Gehienez 50 pertsona egon zitezkeen plaza barruan. 09:00etatik 12:00etara zabaldu zuten, eta, hasieran uneren batean jendea pilatu zen arren, egoerak ez zien eskuetatik ihes egin antolatzaileei. Erosleek plazako bazter batetik sartu behar zuten, etahesitutako korridore bat ibili behar zutenbertaraino iristeko —azoka gune guztia zegoen hesituta—. 1,5 metroko distantziatik aritzeko agindu zitzaien, eta, despistatuentzat, lurrean zinta batzuk jarri zituzten plaza barruan, postuen parean, segurtasun tartea ezarriz.
65 urtetik gorakoak eta haurrak, berez, ezin ziren sartu, baina, sartu-irtenak kontrolatzen boluntario lanean zebilen Ikerren arabera, 80 urteko emakumezko batek erosketak egin zituen. «Esan digu ez duela erosketak egiteko inor. Protokolo guztiak errespetatu ditu plaza barruan, beraz...». Irribarrez azaldu zuen izan zirela sartu behar zen tokitik atera zirenak, eta alderantziz. Urko, berriz, haur jaioberriarekin joan zen. «Pena litzateke koronabirusagatik azoka ixtea».
Agintariek emandako gomendioei erreparatuta, udalak pentsatu zuen azoka ezingo zutela egin. Maitane Alvarez Ordiziako alkateordeak azaldu du aurrena baserritar guztiei deitu zietela erabakiaren berri emateko. «Baina adierazi ziguten galera bat izango zela haientzat. Esaten ziguten, gainera, ea haiek zergatik ezin duten saldu». Igande gauean, horrenbestez, edukiera mugatuta eta beharrezko neurriak hartuta azoka egin zitekeela pentsatzen hasi ziren udaleko ordezkariak. «Adur Ezenarro alkatea arkitektoa da, eta berak diseinatu du plangintza», nabarmendu du Alvarezek. Jakinarazi du ez diputazioko eta ez Eusko Jaurlaritzako inor ere ez dela harremanetan jarri haiekin. Esperimentuaren «balorazioa» ona bada, datozen asteetan ere azokari eusteko asmoa dute. «Beste herri batzuetan halako zerbait egitea pentsatzen ari dira».
Saltzaileek ez zuten kexarik. «Asko saltzen ari gara. Porru guztiak eta 40 arrautza dozena saldu ditut», zehaztu du Miren Jauregi Aramakoak (Gipuzkoa) 10:3ean. «Asteazken normaletan jende asko egoten da, bai, baina gehienak ikusmiran». Aitortu du, bestetik, azken egun hauetan erosleak baserrira joaten ari zaizkiola salgaiak erostera. Ezin da postuan egon, 65 urte baino gehiago dituelako. Bizpahiru metrora dago, alabari laguntzen, «prezioak-eta ez dakizkielako ondo».
Gazta saltzen du Beñat Telleria Mutiloakoak (Gipuzkoa). «Uste baino hobeto doa eguna». Hori bai: «kezkatuta» dago azoketan bakarrik saltzen duelako baserrian ontzen duten produktua, eta «freskoa» delako: «Egoera onean izanda, gehienez bi hilabete irauten du». Mari Carmen aOrdiziko erosleak laburbildu du plazan zeuden erosleen sentipena: «Saltzeko eskubidea dute».
Koronabirusa
«Saltzeko eskubidea dute»
Asteazkenero bezala, azoka egin dute Ordizian. Hori bai, udalak neurri batzuk hartu ditu saltzaileen eta erosleen osasun baldintzak bermatzeko. Beste herri batzuetan ere bide bera ibiltzeko asmoa dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu