Lan erreforma. Akordioa

Estatalizazioaren partida Kongresuan jokatuko da

Estatuko itunen lehentasunari eutsi dio Madrilgo akordioak. Sindikatu abertzaleek horren aurka egiteko eskatu diete EAJri eta EH Bilduri

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia eta Garbiñe Aranburu LABekoa. M. T. / EFE.
jokin sagarzazu
2021eko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Akordiotik kanpo geratu da milaka euskal langileri zuzen-zuzenean eragiten dien eduki garrantzitsu bat: estatuko itunen eta herrialdeko itunen artean lehentasuna zeinek izango duen zehaztea. ELAk eta LABek puntu horren gainean arreta berezia jarri dute lan erreformari buruzko negoziazio prozesuan. «Marra gorritzat» jarri dute estatuko itunen lehentasuna indargabetzea, eta egitasmoa Espainiako Kongresura iristean hori irmoki defendatzeko eskatu diete EAJri eta EH Bilduri.

Funtsean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lortu zuten aurreko erreformek ezarritakoa malgutzea. 2017an, sindikatu nagusi guztiek eta Confebask patronalak Lanbide arteko euskal esparrua adostu zuten, eta horren bitartez hiru lurralde horietan hitzarmen probintzialak aplikatzen dira. Hala ere, itun hori beti egon da mehatxupean; besteak beste, auzitara eraman zuten patronalak eta CCOOk eta UGTk.

Asteotan zabaldu denez, gaiaz hitz egin dute Madrilgo negoziazioetan presente egon diren eragileek, eta gobernuaren proposamen bat ere jaso dute, baina, azkenean, hutsik utzi dute puntu hori. Alegia, indarrean mantendu dute aurreko erreformek esandakoa, estatuko hitzarmenen lehentasunari eutsiz. Baina bestela ere uler daiteke: Espainiako Kongresuko zelaian utzi dutela pilota. Alegia, mahai politikoan.

Lege dekretu bidez tramitatuko da egitasmoa, baina alderdiek zuzenketak aurkeztu ahal izango dituzte, eta abertzaleek jakin badakite beren herrialdeetako sindikatuek gertutik zainduko dituztela. Bestalde, Sanchezen gobernuak Euskal Herriko eta Kataluniako alderdien babesa beharko du egitasmoak aurrera egin dezan. Atzo, akordioaren berri eman eta ordu gutxira finkatu zuen bere jarrera EH Bilduk, koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegiren ahotan: «Aurreko erreforman kendutako oinarrizko eskubideak berreskuratzen ez badira, EH Bilduk ez du erreforma hori babestuko».

Espainiako Gobernua ez da esku hutsik joango irekiko den negoziazio mahai berrira. Sindikatu eta patronalei egin dien eskaintza bera eraman dezake: erdibideko proposamen moduko bat. Zabaldu denez, herrialde hitzarmenei lehentasuna ematearen alde azaldu zen gobernua, baina ez eduki guztietan. Sindikatu abertzaleek mezu argiak bidali dizkiete EAJri eta EH Bilduri: herrialdeko itunek izan behar dute lehentasuna, oso-osorik.

ELA eta LAB, oso kritiko

ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak esana du Sanchezen gobernuak esku artean izango lukeen ereduaren kontra daudela erabat. Atzo bidalitako oharrean, orain arteko mezua errepikatu zuen sindikatuak: akordioak puntu horretan egungo legeriari eusten diola eta horrek «etengabe mehatxatzen» dituela euskal langileen lan baldintzak eta Confebaskek eta sindikatuek sinatutako akordioa.

LABek ere azpimarratu du akordioan ez dela herrialdeetako itunen lehentasuna berreskuratu eta, beraz, oraindik indarrean daudela negoziazio kolektiboaren estatalizazioa eta «horrek dakarren lan eskubideen prekarizazioa».

Oro har, bi sindikatuak oso kritiko azaldu dira Madrilen adostutakoarekin. ELAk uste du aurreko erreformen «alderdi kaltegarrienak» mantendu dituztela —estatalizazioa eta kaleratzeak egiteko erraztasunak—, eta patronalaren jarrera gailendu dela azpimarratu du. Hala, ,EAJri eta EH Bilduri eskatu die Kongresuan egitasmoaren aurka bozkatzeko. LABek, aldiz, uste du badagoela aukera Madrilen «partida jokatzeko», eta horren alde engaiatzeko eskatu die alderdiei. Bi sindikatuek mobilizazioak iragarri dituzte. ELAk dio horiek «ahalik eta erantzun zabalena» izan dezaten saiatuko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.