Frantzia. Notre Dameko sutea

Quasimodo eta Strygeren etxea

Arkitektura gotikoaren aurreneko adibideetako bat da Notre Dame. Baina baita Victor Hugok 'Parisko Andre Maria' eleberri ezagunean irudikatu zuen Quasimodo kanpai jolearen etxea ere.

Notre Dameko gargolarik ezagunenetakoa da Stryge. BERRIA.
mikel lizarralde
2019ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
«Denak ari ziren elizaren goiko aldera begira. Gauza harrigarria zegoen han. Azken galeriaren goiko partean, erdiko arrosa leihoaren gaineko aldean, bi kanpandorre artean su handi bat zegoen, txinpartak zurrunbiloan gora zituela». Astelehenean Notre Damek jasandako sutearen kronika baten pasartea izan zitekeen, baina orain dela ia bi mende idatzi zituen hitzok Victor Hugok Parisko katedralari eskainitako Parisko Andre Maria eleberrian. Notre Damek Frantziaren bihotzean duen pisu historiko eta kulturalaren erakusle da Hugoren liburua, baina Frantziako eta, horrenbestez, Europako lehenengo katedral gotikoetako bat izan zenak hamaika lotura egin ditu kulturarekin. Nazio osoaren ikur bihurtzeraino. 

GOTIKOAREN ABIAPUNTUA

XII. mendean, Mendebaldeko Europako herrialdeak etengabeko aldaketan zeuden. Landa eremuen ordez, hiriak bihurtzen ari dira gizartearen gune nagusi, eta, horrekin batera, baita botere ekonomiko, politiko eta erlijiosoen espazio ere. Gizaki berri bat sortu zen, eta horrek berak eskatzen du arte berri bat. Erromanikoaren zurruntasunarekin hautsiko duen arkitektura bat.

Testuinguru horretan ulertu behar da 1160an Maurice de Sully gotzainak Pariserako irudikatutako katedralaren ideia. Zentralizazio prozesuen ondorioz, Frantziako hiriburua hazten ari zen, eta Ile de la Cite uhartean altxatzen zen eliza erromanikoari De Sullyk ez zion irizten balio berrientzako nahikoa duin. Ez zen gotzaina izan katedral berri bat eraikitzeko beharra ikusi zuen bakarra, garaiko botere politiko eta ekonomikoek ere hasieratik bultzatu baitzuten proiektua.

1163an hasi ziren altxatzen Notre Dame, Saint-Denisko abadiako absidea eredu hartuta. «Frantziako erreinuaren estiloan» eraiki nahi zuten katedrala, gerora estilo gotikotzat jo izan zen horretan. Erromanikoaren gogortasunarekin eta izaera itxiarekin hautsi, eta espazio erlijiosoetara argia sartzea nahi zuten, handik aurrera ez zitezen ilunak eta hotzak izan. Nahi horren erakusgarri dira Notre Damen jarri zituzten beirate handiak.

Arkitektura gotikoak berritze tekniko ugari ekarri zituen, eta Notre Damek agerian utzi zituen horietako asko. Agerikoenak, arrosa leihoak eta ojiba arkuak. Arku berri horiek kanpoalderantz egiten zuten presio, eta hori dela eta, arbotante eta kontrahormez baliatu behar zuten eraikina sostengatzeko.

1345. urtean bukatu zuten Notre Dame eraikitzen, hasi eta ia 200 urtera, baina ondorengo mendeetan ere hainbat eraldaketa izan zituen katedralak. Hala, XVII. mendean, Luis XIV.aren aginte garaian, hainbat hilobi eta beirate suntsitu zituzten, garaiko estilo barrokoko elementuek ordezkatzeko, eta, gerora, 1789ko Iraultzarekin, eraikinak kalte handiak jasan zituen, eta, gainera, barruan biltzen ziren altxor artistiko ugari lapurtu egin zituzten.

Garai bateko loria galdua zuela, XIX. mendean Notre Dameren garrantzia nabarmentzen hasi ziren hainbat eragile. Hala, 1830erako ahots askok eskatzen zuten katedrala zaharberritzeko, eta lan horri ekin zioten, 1844an, Eugene Viollet-le-Duc eta Jean-Baptiste-Antoine Lassus arkitektoek. Hor hasi zen eraikitzen orain gutxira arte Notre Dame izan dena, elementu bereizgarrietako asko XIX. mendean gehitu baitzizkioten: erdiko gezia -sutearekin erori zena—, hainbat eskultura, baita katedraleko gargolarik ezagunenetakoa ere, Stryge, hiriari mihia aterata begiratzen dion hegodun munstroa.

ARTELANEN GORDELEKU

Tenpluaren 5.000 metro koadroetan hainbat artelan gorde izan dira. Hor dira Jesus Nazaretekoaren erlikiatzat jo izan direnak: elorrizko koroa, Kalbarioko gurutzearen zati bat, eta horri lotzeko erabilitako iltze bat. Baina, horietaz aparte, San Luisen tunika, absideko Pietate monumentala —Nicolas Coustouk XVIII. mendean egindakoa— eta Antoine Nicolasek XVII. mendean egindako Tomas Akinokoaren margolana gordetzen ditu, besteak beste.

Notre Dame arte bilgunea izan da, baina baita arte eragilea ere. Esaterako, Jacques-Louis David margolariak katedralaren barnealdea irudikatu zuen Napoleonen koroatzea obra handian (1804). 

QUASIMODO ETA ESMERALDA

XIX. mendean katedralaren egoerari buruzko kezka azaldu zuen aurrenetakoa izan zen Victor Hugo. Erdi Aroko eraikin historiko asko eraitsiak edo utziak zeuden, eta, ondare hori ez galtzeko, nolabaiteko gurutzada hasi zuen idazleak. 1832an argitaratutako artikulu batean —Suntsitzaileei gerra, honako hau adierazi zuen: «Era guztietako profanazioak, degradazioak eta hondamendiak ari dira mehatxatzen iraganeko loria nazionalaren aztarna daukaten Erdi Aroko eraikin miresgarri horietatik gelditzen den apurra [...] Oihu unibertsal bat altxatu behar da Frantzia berriari deitzeko zaharra lagun dezan».

Deiak bidea egin zuen —orduan sortu zen katedrala zaharberritzeko mugimendua—, baina ordurako Hugok jarria zuen bere harria ere. Aurreko urtean, 1831n, argitaratu zuen Parisko Andre Maria, Quasimodo kanpai jole konkordun eta begibakarraren eta Esmeralda ijitoaren arteko harremana XV. mendeko Parisen kontatzen zuen eleberria.

Handik aurrera, Quasimodo Notre Dameko literatur ikur bilakatu zen, eta horrek berak nahiz Hugok katedralari bere izaera espirituala kendu izanak idazle katolikoen erantzuna ekarri zuen. Hala, Paul Claudelek eta Charles Peguyk Notre Dameren izaera erlijioso hori jarri zuten lehen planoan, hurrenez hurren, Ma conversion (1913) eta La Porche du mystère de la deuxième vertu (1912) lanetan. Urte batzuk geroago Louis Aragonek ere idatzi zion Parisko katedralari Aurelien eleberrian.

IRUDITERIA KOLEKTIBOA

Herri arterik behinen bilakatzearekin batera, zinemak ere ez dio izkin egin Notre Dameri. Victor Hugoren eleberria hamaika egokitzapenen iturri izan da zinema mutuaren garaian Lon Chaneyk eta Patsy Ruth Millerrek The Hunchback of Notre Dame (1923) filmean Quasimodo eta Esmeraldaren rolak jokatu zituztenetik. Handik hamasei urtera, 1939an, Charles Laughtonek eta Maureen O'Harak hartu zieten lekukoa William Dieterleren izenburu bereko filmean; eta 1956an, Anthony Quinnek eta Gina Lollobrigidak (Notre-Dame de Paris, Jean Delannoy). Baina, azkenean, Disney etxeak 1996an egindako animaziozko egokitzapena txertatu da iruditeria kolektiboan.

Ikur baten zauriak sendatzera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.