Hortxe, harrapatu dinat amiamoko beltz bikotea», erran du zigarreta aho kantonetik lerratzear duela, bi eskuak kataloxei kateatuak, bizkarra bihurriturik, ezin huts egina den altxorra atzeman eta eskapatzen utzi nahi ez duenak. Amiamoko zuria ez bezala, espezie hau gutxitan ikus daiteke. Organbidexka lepoan (Larrañe, Zuberoa) LPO txorien babeserako ligako boluntarioak hegaztiak zenbatzen ari dira.
Badoaz hegoaldera amiamokoak, Sahara zeharkatuko dute laster. Negua iragan eta udaberrian itzultzeko. Organbidexka lepoa garbitzen ari da, goizean behe lainoak lausotua baitzen, eguzkia sartu arau, giroak ere epelera egiten du, haize mehea badabil ere.
«Ez dute hotzagatik migratzen, janariagatik baizik. Lumadunak direnez, hotzari oso ongi egiten diote aurre», azaldu du Edorta Unamuno Urdaibai Bird Centerreko (Bizkaia) biologoak. «Intsektujaleak direnez, leku beroetara doaz haien bila, toki hotzetan ez dagoelako intsekturik. Lehenik, harrapakinak ikusten dira pasatzen: txirriskilak, txontak, birigarroak, enarak, laudetak; eta segidan, harrapariak: belatz-gorria edo zapelatza. Migratzea txorien bizitzako etaparik arriskutsuena da; ahal balute ez egin, ez lukete eginen», erran du Beñat Iribarne Baigorriko (Nafarroa Beherea) Gure Saiak elkarteko kideak.
«Hegaztiek badute beren baitan abiatzeko alarma: zugunruhe-a sentitzen dute, hau da, mugitzeko antsietatea [alemanez]», esan du Mounierrek. Eguzkiaren iraupenak salaturik, eta gorputzeko melatonina hormona jarioa hein batera heldu zaielarik, badakite abiatzeko tenorea dela. Digestio lana bizkortuz, behar diren erreserbak segurtatzen dituzte. Aro txarra bada, egun pare batez igurika dezakete, baina ez luzaz, hain jasangaitza da ezinegona.
Beraz, halako batean, aro txarra bada ere, hegoalderako bideari lotuko zaizkie, harik eta hodeien artetik pasabidea irekiko zaien arte. Bestela, doakien ibilbidea hautatuko dute, baina galtzeko arriskupean.
Iratiko etxoletako LPOren egoitzaren sarreran zutitzen da arbela, zeinean erakusten baitute zenbatu dituzten hegaztien kopuruak. 35.144 miru beltz iragan dira aurten. Kopurua «ertaina» dela ondorioztatu du Antoine Mounier-ek, hegazti zaurituak artatzen dituen Uztaritzeko Hegalaldia elkarteko langileak. 30.409 sorbeltz. Irri egin du ornitologoak, «oso zaila» baita haiek kontatzea, toki estutik saldoan pasatzen baitira. Solasa eten du: «han dator sai zuria». Zalu ezagutu du espeziea: handia da, hegalen puntek eskuaren eitea dute, eta lumek eriena.
Larrazkeneko egunotako aro garbiak errazten die beroranzko bidaia. Dena den, badituzte nabigatzeko zentzumenak. Hartarako, eguzkiaz, usaimenaz, izarrez eta lurraren magnetismoaz baliatzeko gaitasuna dute. «Oraindik ez dugu ulertzen nola jakiten duten nora joan daitezkeen», esan du Unamunok.
Ez dira denak urrunera abian, migratzeko mota bat baino gehiago baitago. «Miru gorria, konparazione, parte bat sendentarioa da, beste bat ez da pasatu baizik egiten, eta, azkenik, bada Norvegiatik datorrena, neguan ttipiak egiteko», azaldu du Iribarnek. Hari beretik, Unamunok bi taldetan banatu du migrazioa: laburrekoa, eta luzekoa. Lehenarentzat txantxangorrien adibidea ekarri du: Eskandinavian ugaldu eta Hegoaldera datoz; edo elur berdantza, oso iparraldean bizi da, eta ez da borraska batek haizaturik baizik mugitzen handik. Distantzia laburrak, dena den, 3.000 kilometro bil ditzake. Txantxarra, txonta eta txorrua ere talde honetakoak dira: ez baitute Sahara zeharkatzen. Bigarrenak Saharaz gaindiko migratzaileak dira, demagun, enarak. Euskal Herrian ugaldu eta Afrika erdialdera abiatu dira honezkero. «Muxikako bikote bati geolokalizagailua ezarri genien. Batera abiatu zen, negua Nigerian pasatu ondoren arra lehenik itzuli zen, eta hamar egunetara emea». Pasio handiz ematen du diziplinaren berri. Izan ere, 16-17 gramoko hegazti horien gazteen %80 hiltzen da migrazio garaian, hartara, asko ugaldu behar izaten dira. Behin migratuta, helduaroan, aukera dute adinean aurrera egiteko. Eraztundu duten beste kasu bat ekarri du gogora biologoak: zazpi aldiz migratu baitu.
Migrazio altitudinalak ez dira beharbada hain ezagunak. Pirinioetara igaiten dira eta negua iragateko haranetara jausten dira, kasurako, tuntuna. «Urdaibain, adibidez, apirila urria arte ez ditugu ikusten, baina urria-azarotik hara gure artean egoten dira», azaldu du Unamunok.
Giza eraginaren makurrak
Hegaztien segimenduaz harago, gizakiak badu beste eraginik: «migrazio-bideak aldarazten ditu: usoen kasuan, adibidez. Ehizagatik, lehen Iratiko lepoetatik iragaten baziren, gero Arnegi-Bankatik, eta orain gehiago kostatik. Gaueko argiztapenak ere bidez kanbiarazten dituzte. Azkenik, laborantza modernoak ekarri du usoak gero eta gutxiago migratzea: arto pentze erraldoietan laketzen baitira, hor epel baita eta jateko ausarki», azaldu du Iribarnek. Gisa berean, pestiziden erabilpenak kezkatzen du, bere erranetan, Alemanian intsektuen%80 galdu baitira, eta Frantzian, %70. «Gainera, esterilizazio arazoak ere badakartza. Urre-txoria, harkaitz zozo-gorria edo kuku-mottoduna eman ditu adibide gisa, ez baitira kasik haboro hemen ikusten. Kontrara, gehitu du duela hamabortz urte ikusten ez zen txoriaren kasua: itzaina. «Lehen, Ipar Afrikara edo Espainiara abian zen; orain, hemen gelditzen da, goxatu baitzaigu negua». Kasu berean da elano urdina ere, zeinak ondorioak baitakartza bertako ekosisteman: hemengo betiko belatz gorriari tokia kentzen baitio.
«Klima aldaketaren ondorioz, migrazio datak aurreratzen dira: aste bat lehenago ez da ezer guretzat, baina asko da haientzat», nabarmendu du Unamunok. Enarak aste bat lehenago etorri zirenekoaz oroitu da: «Habia eta txitak egin zituzten. Alta, tanpez, negu giroa altxatu zen, eta bertako intsektuak geldiarazi zituen, txoriak jatekorik gabe utziz». Horretaz gain, habitataren galeraz ohartarazi du. Txolarrea, adibidez, arrunta zen lehen, eta, nekazaritza ustiapenaren ondorioz, bakanago bilakatu da orain. Funtsean, landa eremuetako lur zabaletako hegaztiak «arrisku bizian» direla azpimarratu du.
Elikadura eskasiaren ondorioak hurbiletik dakuski Mounierrek: «Datozkigun hegazti migratzaile handiak zutabe elektrikoek zauritzen dituzte, batez ere amiamokoak». Bestalde, zapelatz liztorjalearen adibide konkretua ekarri du. Zauriturik hartu zuten, baina, ez bada fite sendatzen, neguan zerraturik atxiki beharko dute, migrazioa jadanik iragana izanen baita.
Preseski, Zarauzko Arkamurka natur elkarteak antolatu du Klima aldaketaren eragina hegazti-migratzaileengan egun bakarreko erakusketa, urriaren 27an, hiriko azokan.