Pako Aristi

Ze olatu onak egiteko surf

2020ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Euskararen endekapena, edo espainolak euskara herdoiltzeko duen ahalmena. Amona eta biloba eskutik helduta zeuden itsasoaren aurrean, umeak xalo-xalo esan zionean: «Amona, begira ze olatu onak dauden egiteko surf». Ifrentzua irudikatu nuen berehala: «Abuela, mira que olas tan buenas para surfhacer». Entzungo balu halakorik, ziur nago amonak umea zuzenduko lukeela, edota eskolan salaketa aurkeztu, ea zer erakusten dioten.

Izan ere, herri menderatua gara, eta hizkuntza ere menderatua daukagu, zorrotz kontrolatua dauka botere hegemonikoak, bere hedapena galarazteko. 1512. urtea klabea da: Nafarroaren konkista ondoren, euskarari garatzeko ahalmen guztiak moztuko zaizkio. Batetik ordezkapen demografikoaren hasiera markatuko du, Gaztelako agintari eta kolonoak Nafarroara etorriz, eta bestetik ordezkapen instituzionalak hizkuntza ordezkapena ezarriko du Nafarroako eliteetan. Euskara debekatua izango da bere lurraldean.

Johannes Gutenberg-ek 1440an asmatu zuen inprenta sekulako autopista bilakatu zen Europan hizkuntzak zabaltzeko, euren soberania mantendu zuten herrialdeetan. Bizkor hasi ziren denak gramatikak argitaratzen, hizkuntza hedatzeko bermea eskaintzen baitzuten. Espainolek berehala atera zuten eurena, 1492an Antonio Nebrijaren gramatika ezaguna. Euskararen lehen gramatika laurehun urte ondoren iritsiko da, FranciscoIgnacio Lardizabalen eskutik, 1856an. Tartean dago Manuel Larramendiren El imposible vencido, baina ez zuen irakaskuntzarako balio. Lau mende gramatikarik gabe, ia sei mende eskolarik gabe; erraz esaten da. Inprentara eramandako lehen euskal liburua Bordelen atera zen, euskara bere lurraldetik deserriratua zegoelako.

Joan Mari Torrealdaik lan eskerga egin zuen eraso historiko hauek dokumentatzeko, eta euskalgintzan daukan ongi merezitako ospea ahaztu gabe, nago nahiko irakurketa pobrea egin dugula gure historia linguistikoaz. Hau oinarritu da, batez ere, premisa oker batean, poema ospetsu hartan jaso zena: hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako… Bada, hizkuntza nagusiek justu horixe egin dute, ez dakitenei ikasarazi, hizkuntza propioa kendu eta bortxaz arrotza sartu. Horrela iritsi dira dauden lekura. Munduaren historia, gaur egun nagusi diren hizkuntza horien inposizio etengabe eta kriminalaren historia luzea da; nonahi dira adibideak, mende guztietan daude barreiatuak.

Idatzi ez zen poemaren bigarren zatiak erantzun behar lioke zergatik utzi zioten euskaldunek euskara hitz egiteari. Hiru dira funtsezko arrazoiak.

Bata, koertzio judiziala: milaka lege idatzi eta eraman dira praktikara euskararen aurka zazpi mendetan, erraz esaten da; aldiz, espainolaren aurkako lege bakar bat ere ez duzue aurkituko Euskal Herriko epaitegietan.

Bigarrena, debeku unibertsala: bost mendeotan eskolan ezin izan da normal irakatsi, kasik 1960ko hamarkadara arte, ikastolen bitartez. Honek sortu duen konplexu sorta bizi-bizirik dago oraindik ere gure inkontzientean.

Hirugarrena, espainolak eskaintzen dituen abantailak: hura jakiteak elitean sartzeko promesa dakar, lan hobea lortzekoa, soldata hobeak, eskailera sozialean gora egiteko aukera. Horregatik da erakargarria. Jakinduria sakonaren promesa dakar berarekin, kultura unibertsalarena. Balio du sozio-ekonomikoki hobeto bizitzeko.

Hau lortzeko, noski, espainol hiztunek estatu baten babesa daukate, euskal hiztunek haren menpekoa den erregimen autonomiko eskas bat baino ez dutenean. Konstituzioak espainola derrigorrezko egiten du, eta euskara hautazko. Honek esan nahi du zuri euskaraz erantzuteko obligaziorik ez daukala inork. Hizkuntza bat erabiltzeko askatasuna ez da existitzen besteak hizkuntza horretan erantzuteko derrigortasunik ez badu. Hori are gehiago bermatuz, hedabideen kobertura izugarria dauka espainolak, eta lurraldetasunaren eskaintza ia infinitua, espainolarekin bisita ditzakezun nazio sorta erakargarria.

Desoreka hain da nabaria, halako kaltea egiten dio euskarari, non hori ezkutatzea, hori ez balego bezala jokatzea pentsamendu arrazionalaren aurkako irain bat iruditzen zaidan. Desoreka hau ez dugu guk sortu, ezarri egin digute Espainiak eta Frantziak okupazio militarren bitartez, eta okupazio horiek bermatu dute euskararen aurkako kanpaina etengabea, gaur egun ere dirauena, apur bat mozorroturik bada ere. Askatasun sentsazio bat ematen digute, konkistaren ahanztura dakarrena, subordinazioan eroso gaudela. Baina oso gutxi behar da Espainiaren eta Frantziaren espiritu suntsitzailea berpizteko. Bi estatu euren ahalmen errepresibo guztiarekin hizkuntza baten aurka: nola mantendu daiteke euskara askatasunean eta berdintasunean bizi dela, bere jario soziala erabaki indibiduala dela?

Desorekak min izugarria egiten digu: derrigortuak gaude espainolez hitz egitera, bere erabileraren dentsitateagatik, botere hizkuntza delako, zerbitzuak lortzeko ezinbesteko baldintza, eta konstituzio batean inposatzen zaigulako. Espainola legea da; frantsesa legea da; euskara… apur bateko erabilera uzten zaion anomalia.

Euskararen baztertze, iraungitze eta azpiratze prozesua politikoa izan da, kolektiboa, planifikatua eta indarrez burutua. Eta euskararen ezartzea, irautea eta gailentzea prozesu politikoa da, kolektiboa, indarra erabiliz ere burutu beharrekoa. Suntsiketaren indarra ilegitimoa bazen, berrosatzeko indarra guztiz legitimoa da. Kike Amonarrizek zioen BERRIAn, 2015ean: «Euskararen normalizazioa bada helburua, arrisku batzuk hartu beharra dago eta derrigorrezkoa bilakatu behar du esparru nagusietan, batez ere administrazioan eta botere guneetan. Hizkuntzaren normalizazio prozesuak aurrera egingo badu, atxikimendua eta derrigortasuna konbinatubehar ditu euskarak». Bistan da konbinazio horren bigarren atala ahantzarazi digutela gaur.

Gure aurrekoek ez zioten hitz egiteari uko egin, behartu egin zituzten alde askotariko presio eta bortxa erabiliz. Diagnostiko hau ukatzen duena errealitatetik kanpo dago, eta ez da politika linguistiko eraginkorra diseinatzeko gauza izango.

Hauxe eskatu nahi nioke euskararekiko interes benetakoa edo azalekoa duen orori: izan zaitezte zientifikoagoak zuen diagnostikoak egiteko orduan, eta ez kokatu eztabaida honetan elkarbizitzaren ideologia asimetrikoa, asimilazioaren beste oin bat besterik ez dena. Errealitatearen ezagutzak salbatuko du euskara, eta ez baikortasun anti-historikoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.