Frantziako Tourra

Eskuetatik kendu dio altxorra

Erlojupeko harrigarria egin, eta Tourra irauli du Pogacarrek, Roglici bi minutu aterata. Podiumera igoko da Porte, eta Landak laugarren bukatuko du

Eskuetatik kendu dio altxorra.
enaut agirrebengoa
2020ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Bukatu zen La Plancheko erlojupekoa, eta harri eginda zeuden Primoz Roglic (Jumbo Visma) eta Tadej Pogacar (UAE). Lanak zituzten gertatu berri zena sinesteko. Roglicek esku eskura zeukan Tourreko garaipena, baina amildu egin zen, eta astindu egin zuen Pogacarrek. Maillot horiaren zamak ito egin zuen beteranoa, eta gazteak patrikatik kendu zion jantzi preziatua. Hazi egin zen Pogacar, eta hegan egin zuen 36 kilometroko saioa. Inor gutxik sinesten zuen haren aukeretan, 57 segundoko tartea baitzeukan irauli beharra, non, eta Roglic espezialista den esparruan. Baina txapeldun izaera petoa du 21 urteko esloveniarrak, eta hasieratik, erabateko erabakimena nabaritu zitzaion. Indarrak ez ezik, fedeak ere mugitzen zituen haren pedalak. Ordekan hasi zen balentria bideratzen, eta La Plancheko igoeran errematatu egin zuen Roglic. Helmugan, 1.56 atera zion. Zeharo durduzatuta zegoen Roglic, eta jota helmugaratu zen. Edonola, kirol-legez onartu zuen deskalabrua, eta besarkada hunkigarri batekin zoriondu Pogacar.

Ziklismoaren historiara pasako da atzoko etapa. Mendateek ez dute joko askorik eman onenen artean, baina erlojupekoak hankaz gora jarri zuen lasterketa. Podiumeko postu guztiak aldatu ziren: gorenean, Pogacarrek aurrea hartu zion Roglici, eta Richie Portek (Trek) hirugarren koskatik jaitsiarazi zuen Miguel Angel Lopez (Astana). Kolonbiarrak larrutik ordaindu zuen Glieresen behera izandako zekenkeria, tasmaniarra atzeratzeko aukera paregabea izan zuenean. Atzo, saio penagarria osatu zuen, eta Portek ez zuen barkatu. Merezitako saia jasoko du, horrenbestez, Trekeko txirrindulariak. Ahaleginak eta bi egin ditu azken urteetan, eta maiz zorte txarrarekin egin du tupust. Bada, gutxien espero zenean igoko da Pariseko podiumera.

Mikel Landa (Bahrain), berriz, podiumaren atarian geldituko da atzera ere. Bosgarren postuari eustea zuen helburu atzoko saioan, baina horren ordez, koska bat egin zuen gora. Hortaz, laugarren bukatuko du Tourra, 2017an bezala. Orduan, segundo bakarrera gelditu zitzaion loria. Orain, aitzitik, urrutiago, 2.28ra. Ezin zaio askoz gehiago eskatu arabarrari. Jada ez dauka garai bateko txinpartarik, baina hala ere, ohiko bilakatu da itzuli handietako goiko postuetan; esaterako, lehen zazpien artean egon da azken lau Tourretan. Gainera, atzo itxura txukuna eman zuen beti amesgaizto izan duen erlojuaren aurkako lanean: 14. izan zen, 3.27ra. Emaitza horrek adorea emango dio aurrera begira. Enric Mas (Movistar) izango du atzetik sailkapen nagusian, bosgarren postuan. Lopez seigarren posturaino amildu zen.

Erlojupeko gogorra zen. Lehen 14 kilometroak lauak ziren, gero 10 kilometroko sasi-ordeka bat zegoen, eta jaitsiera labur baten ostean, La Plancheko igoera (5,9 kilometro eta %8,5eko pendiza) hasten zen. Hots, espezialistek ez zuten hainbesteko abantailarik. Gainera, sasoiak trebetasunak adinako garrantzia izaten du itzuli handien azken txanpako saioetan. Lehen denbora aipagarria, edonola ere, Remi Cavagnak (Deceuninck)bezalako espezialista peto batek ezarri zuen: 57.54. Haren marka denbora luzez egon zen indarrean, harik eta sailkapen nagusiko ziklistak helmugaratzen hasi ziren arte. Wout van Aert (Jumbo) izan zen frantziarraren denbora ontzen lehena; 28 segundo atera zizkion. Bizikleta arrunta hartu zuen igoeraren aurretik, eta ziztu batean igo zen. Tom Dumoulinek (Jumbo) erlojupekoko bizikletarekin jarraitu zuen, eta aurrea hartu zion bere taldekideari. Hamar segundo eskas baino ez zizkion atera azkenerako.

Hiru elastiko jantziko ditu

Zaila zirudien inork herbeheretarraren aurretik bukatzea, baina Pogacarrek txikitu egin zuen kronometroa, bai ordekan, baita La Plancheko aldapa pikoetan ere. Igoeraren aurretik, 36 segundo ateratzen zizkion Roglici. Nagusian 21 segundora zeukan jada. Eta maldan gora zanpatu egin zuen herrikidea. Pedal-kolpe bizi eta sendoarekin egin zuen aurrera, Roglicek ez bezala. Helmugan, 1.21ean ondu zuen Dumoulinen denbora. Etapako podiuma Portek osatu zuen, Jumbokoaren denbora berarekin. Pello Bilbao (Bahrain) izan zen euskaldunik onena: 12. bukatu zuen, 3.20ra.

Horiaz gain, beste bi elastiko ere jantziko ditu gaur Pogacarrek Parisen: gazterik onenarena eta mendiko sailkapenari dagokiona. Orain arte, soilik Eddy Merckx izan zen Tourrean hiru maillot irabazteko gai, 24 urterekin, 1969an. Horretaz landa, proba frantziarraren historiako bigarren irabazlerik gazteena bihurtuko da gaur Pogacar, Henri Corneten ostean hemeretzi urterekin irabazi zuen 1904ean. Bihar beteko ditu 22 urte; opariak gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.