LGTBI komunitatea urratsak eginez joan da urtez urte aske bizitzeko borrokan, eta aldarrikapenak lau haizeetara zabaltzen: sexu adierazpenen eta genero identitateen askatasunaren alde, ozen eta irmo. Badago, ordea, arrotza egin zaion eremu bat, estankoa. Kirola, oro har, eta, batez ere, gizonezkoen futbola. Estereotipo, estigma eta tabuek inguratzen dute, eta baztertze hori islatuta geratu da Qatarko Munduko Kopan.
Herrialde horretako lege sistemak bekatutzat jotzen du homosexualitatea, baita gizonen eta emakumeen arteko sexu harreman hegemonikotik aldentzen den guztia ere, eta gay eta lesbianei heriotza zigorra ere ezar diezaiekete. Gainera, txapelketa jokatzeko urtebete falta zela, antolatzaileek gogorarazi zuten Qatarren ez direla onartzen sexu bereko pertsonen arteko harremanak. Kritikak jaso zituzten adierazpenek; baina, espero bezala, lehiaketa hasi zen, eta normal segitzen ari dira jarraitzaileak.
«Beste behin, itxurakeriagatik egiten diren hainbat ekintza egon dira. Kritika egin da, baina futbolean jokatzen jarraitu da, baita partidak transmititzen ere. Ikusita txapelketa hori giza eskubideen guztiz kontrakoa dela, hedabideek ere oraindik horren inguruan informatzen dute. Ez du balio kritika bat egiteak, eta gero ezer pasatuko ez balitz bezala jarraitzeak». Joseba Gabilondo Marques EHGAMeko kidearen hitzak dira, eta argi adierazi du: «Orain Qatar da, baina aurrekoan Errusia izan zen. Futbol eredua bera da baztertzailea. Futbolak sortzen duen elitearen logika apurtu behar da».
Izan ere, Qatartik harago doa auzia. Erabat eremu maskulinoa da futbola, eta gatazkatsua LGTBI kolektiboarekin duen harremana. Armairutik ateratzeko bidea oztopoz josita dago, ikusgaitasunik eza eta homofobia tarteko. Gabilondoren arabera, gizonezkoen futbola «gizontasun eredu toxiko baten» adierazpen gorenetariko bat da. «Gizontasun toxiko horretan misoginia, matxismoa eta homofobia dago, eta arbuiatu egiten du femeninoarekin edo homosexualitatearekin zerikusia duen guztia. Gaur egungo futbol mundua oso inguru matxista da, eta, ondorioz, homofoboa».
Horrek, noski, badu eragina. Argigarria den datu bat: elite mailan ari den jokalari batek bakarrik esan du jendaurrean gay dela. Josh Cavallo Australiako Adelaide Unitedeko erdilariak egin zuen aitortza, joan den urtean. Onartu zuen «lotsa» ematen ziola homosexuala dela esateak, eta hori futbol profesionalarekin ezin uztartu ahal izateko beldurra zuela.
Horren aurretik eta hortik aurrera, isiltasuna da nagusi. Futbol profesionalean bakanak dira armairutik atera direnak; esaterako, erretiroa hartu ostean adierazi zuten gay zirela Thomas Hitzlsperger alemaniarrak eta Robbie Rogers estatubatuarrak. Bada gogoan izatea merezi duen beste kasu bat ere: Justin Fashanurena. Profesional mailan homosexuala zela esan zuen lehen jokalaria izan zen. Baztertu egin zuten, eta 1998an bere buruaz beste egin zuen, 37 urterekin, Londresen. Hilabete lehenago, mutil batek sexu eraso bat egin izana egotzi zion. Bere agur oharrean idatzi zuen ez zuela eraso hori egin.
Gabilondoren ustez, pentsaezina da futbolean mutil bat armairutik ateratzea; besteak beste, «heteropatriarkatuan oinarritzen den» kirol bat delako, presio handia dagoelako, eta zalantzan jarri ahal delako haren futbolari izaera eta gaitasuna. «Futbola ez da espazio seguru bat maritxuentzat. Ez da, ez da inoiz izan eta nekez izango da. Garrantzitsua da futbol profesionalean dauden gayek adieraztea hor daudela, baina ulerkorra da guztiz hori ezkutatu nahi izatea». Beste ñabardura bat ere egin du: «Ikusgaitasuna ere bada pentsatzea futbolari bat izan ahal dela gay edo maritxua, gure pentsamendu heterosexual hori aldatzea». Erreferenteak behar direla azaldu du, eta hutsune horren inguruan hausnartu: «Ez da ez daudela, baizik eta ezin direla adierazi diren moduan».
Hori ikusirik, gizarteak giza eskubideen aldeko posizio irmo bat hartu behar duela iritzi du, sexu askapena ez dagoelako soilik «arautik at» daudenen esku: «Guztion esku dago». Futbol munduan gutxi batzuek egin dituzte LGTBI kolektiboaren aldeko adierazpenak; Ruben Garcia Osasunako jokalaria izan da horietako bat.
Gabilondoren iritziz, beharrezkoa da futbol ereduaren inguruan gogoeta egitea ere: «Egungoa kapitalismo basatiaren barruan kokatzen da, eta eredu baztertzailea, klasista, arrazista... da. Debate batek egon behar du, eta futbolariek eta futbol munduko jendeak pentsatu behar dute zer-nolako futbola nahi duten. Hor sartzen da, noski, homofobiaren gaia».
Eskola kirolean, oinarrizko futbolean eta ikastetxeetan gizontasun ereduaren inguruko hausnarketa egin beharko litzatekeela azaldu du, eta apurtu lehiakortasunaren, arrakastaren eta erreferentzialtasuna lortzearen ideiak. «Izatez, futbola izan daiteke balio positiboak transmititzeko zerbait; baina, oraintxe, ez da». Kontrara, gizontasun eredu «toxiko» baten sustatzailerik handienetarikoa da, haren hitzetan.
Bestelako errealitatea
Desberdina da emakumezkoen eta gizonezkoen futbolaren errealitatea. Nesketan ikusgaitasun handiagoa dago, eta hainbatek egin dute armairutik ateratzeko urratsa. «Batean, maritxu izatea guztiz baztertuta dago, eta, nolabait, debekatuta. Bestean, aldiz, izan daiteke gotorleku bat emakume bollerentzat. Bollerismoak topatu izan du futbolean babestoki bat, nesken arteko babes hori».
Diferentziak lotura izan dezake futbola «maskulinizatuta» dagoen kirol bat izatearekin. «Futbola izan daiteke toki bat feminitatetik aldendu eta emakumeei baztertu zaizkien beste jarrera batzuk hartzeko». Elementu horrek pisua duela uste du, eta, noski, erreferenteak izatearen garrantzia azpimarratu du. Euskal Herrian badaude hainbat; esaterako, Irene Paredes Bartzelonako jokalaria.
EHGAMeko kidearen arabera, beraz, kirolaren eta LGTBI kolektiboaren barruan dauden identitateen arabera, modu desberdinean bizi da kirola. Argi du, ordea: futbolean barneratuta dago homofobia. «Esango nuke pilare handi bat dela. Homofobia eta gizonkeria; horiek biak futbolean etengabe daude».
Qatarko Munduko Kopa
Gizontasun eredu «toxikoa» oinarrian
Egungo gizonezkoen futbol eredua matxista, arrazista eta homofoboa dela uste du Joseba Gabilondo EHGAMeko kideak, eta, horren ondorioz, gay batentzat futbola ez da «espazio seguru bat». Gogoetarako deia egin du, egoerari aurre egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu