Iban Zaldua.
ELE

Ikurrinland

2023ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
«Ba al dago norbait hor?». «Egon, badago, piloa, baina gehienei ez zaie ezer ulertzen». «Hara! Aberkide bat! Desesperatzen hasita nengoen, hainbeste Zara, Shein eta H&M artean». «Ni ez. Estatistikoki ia ezinezkoa zen hemen euskaldun bat aurkitzen ez amaitzea». «Vascos Por El Mundon bezala?». «Mesedez! Ez aipatu txatxukeria hori!». «Edonola ere, ze bero egiten duen hemen...». «Baina bero lehorra da, bederen. Munduko lehorrena, kar, kar». «E! Fijatu zara? Igualak gara». «Igual-igualak, ez. Ni kontzienteagoa naiz zu baino». «Zer ba?». «Daramadan idazkunagatik». «E! Nik ere badaramadala!». «Baina zurea hutsala da. Islatzen duzun nazionalismoa bezala». «Hara bestea!». «Zer diote ba zure idazkunek? 'Euskadi-Basque Country', 'Ongi eTOURri' 'EITB'... Folklorekeriak». «Zurea, ordea, ez da batere nazionalista, keba: 'Euskal Herriak Erabaki-Basques Decide'». «Kontu! Nirea abertzalea da, ez nazionalista. Ez da gauza bera». «Ja. Zuk diozulako». «Nolanahi, ze ondo pasatu genuen Tourrean, ezta?». «Haizean eragiten gintuztela, eta diru-gastu parrasta haren erdian, ai. Horiek garaiak». «Epa! Ez al da hori Ternua praka bat?». «Beste herrikide bat? Ikus dezagun!». «Kuadrilla osatuko dugu, azkenean...».

[Txileko Iquiqueko Zona Frankora kontainer banatan iritsitako bi ikurrinen arteko elkarrizketa, bata Kutxa Fundazioak eta EITBk banatutako 60.000takoa, eta bestea Gure Esku Dagoren gainontzeko 60.000takoa, haien azken helmuga bihurtutako Hospicio Alto udalerriko arropa-zabortegian, Atacamako basamortuan 300 hektarea okupatuta munduko handiena dena eta espaziotik ere suma daitekeena; izan ere, NASAren satelite baten kamera hiper-sentikor batek grabatu zuen].
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.