Iban Zaldua.
ELE

Mitogintzaren aurka

2022ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Amaiurko erresistentziaren balentria «nazionala». Elkanoren birkautxuztatze «antiinperialista». Orreagako «zalditeria arina». Veleiako «euskarazko» idazki aitzindariak (azken horiek, zorionez, finkatzeko aukera askorik gabe, historiatik mitorako bidea burutzeko gertakariak oinarri minimo bat behar duelako... Eta hala ere, OMG, badago eusten dionik...). Etab. Euskal Herria ote, XXI. mendearen une hauetan, mito nazionalak sortzeko edo biziberritzeko ahalmen miresgarriena daukan lekua (independentzia lortu berri samar duten herrialdeak albo utzita, noski)? Batzuetan inpresio hori daukat.

Mito nazionalena ez da bereziki axola zaidan gai bat. Bai kezkatzen nau, ordea, mito horien eraikuntzan historialariari gero eta maizago esleitu nahi zaion rolak (dela lehengaien hornitzaile soil gisa, dela, zuzenean, perpetratzaile gisa). Historialari akademikoak, izatekotan, kontrakoa beharko lukeenean hain zuzen: mitoen kritikatzaile eta, are, beharrezkoa denean, suntsitzailea.

Badakit Historia, diziplina bezala, ez dela jarduera objektibo bat, historialari bakoitzak bere motxila ideologiko-epistemologikoa daramala gainean, formulatzen dituen galderak eta, batzuetan, baita erantzunak ere baldintzatzen dituena.

Baina horrek ez du esan nahi objektibotasunerako jitea izan behar ez duenik. Historialaria ezin da guztiz objektiboa izan, ados, baina izango balitz bezala jokatu beharko luke: dokumentazioak ezartzen dizkion mugak onartuz, bere hipotesiekin bat ez datozen datuak aintzat hartuz, cherry picking delakoa ekidinez...

Eta, batez ere, mito-ekoizpenean parte hartzeko edozein gonbidapen, are borondate onenarekin egindakoak, arbuiatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.