Alazne Arruti Bengoetxea.
ELE

Hezurdurak

2020ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Agian izango da gizakiok berritzailetasunak eta etengabeko ikusminak bereizten gaituela dioenik. Antzinatik, teknologia eta zientzia baliatu dira perfekzioa deritzogunari forma eman eta ostera hozkatzeko. Akatsik gabeko makinak eraiki nahi ditugu, garapenaren bilaketa betierekoaren mirabe. Milaka tonako gailu hegalarietan ozeanoak zeharkatzen ditugu turismoaren zentzua zalantzan jartzerainoko soseguaz. Sega-potoei bigarren edo hamargarren bizitza eman diegun ezin asmatuan gabiltza. Gailurik sinpleena ere konplexu bilakatu dugu, eta mirakuluzko sare amaiezinari behar besteko informazio guztia eskaini, ezezaguna zitzaigunaren trukean.

Gure gorputzak makina perfektua direla ere esan ohi da. Egoera optimoenean, sistema konplexu baina naturalen bidez oreka mantentzeko egoki kalibraturiko engranaje multzo bat izan nahi genuke. Baina alto! Ezustean harrapatu gaituen ditxosozko zomorroari desorekaren alde egindakoak onartu beharrean gaude. Norbere zilbor eta hesteen kontrolaren nolakotasuna eztabaidan baita behintzat.

Hezurrak, organo mordoa babesten eta biltzen dituzten egitura sinpletzat hartu genitzakeen arren, bizitza oso bat sostengatzeko gai dira. Urteen zama pilatu dezakete, milimetro bakoitzean gure existentzia abailduz. Eurei esker mugitu, zutitu edota dantzatu dezakegu.

Bizitza handiena bada, haren oinarri izan litezke hezurdurak. Eta ezinezkoa dirudien arren, ustezko garapenetik aldendu gabe, kontrolik gabeko zabor pilak elikatzen jarraitu dute nonbait. Eta amiantozko mendi eta erabakien nahaspila bete eta irauli dute atsedenik gabe, bizi pare bat hezurretan sakabanatu eta galtzeraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.