Badirudi, olatuak zipriztintzen gaituen arte, ez dugula inguruaren eraginik sentitzen. Pixkanaka graduz igotzen ari den eltzean igerian dabiltzan zapoak izaten jarraitu dezakegula lasai, muturreko aldaketarik sentitu ezean irakinetan itotzeko prest. Badirudi ez dela aski zientziaren begirada. Ez eta ur gezaz betetako itsasontzi bat Bermeorantz bidaltzea ere. Kalabazen hosto zimurtuetara ohitzen ari gara eta hilabete amaierako faktura elektrikoari beldurra hartzen.
Ez dira aski azken urteetako erabaki eta akatsak bere pribilegioaz jabetzeko gai ez den gizarte batentzat. Baina gero eta ageriagoa da etengabe haztea ezinezkoa dela. Eta behar bezain gordin azaltzen zuen Turielek aurrekoan eman zuen elkarrizketa batean.
Izan ere, kapitalismoak sinetsarazi digu energia infinitua dela. Huraxe behar baitu, sistema kirrinkari honek biziraun dezan. Eta hala ez den kasuan, erabakiak zurrundu eta mugatu beste aukerarik ez dute izango. Planetaren mugen araberako autoritarismo zapaltzaileari ekinaz.
Eta ekofaxismoa ez bada, orduan zer, itzalaldia? Egiaz, ez da kasualitatea, materialen eskasia hastear eta Europa berriko diru-laguntzak ate joka, norberaren etxean eguzki plaka eta bateriak ezartzeko presak bizkortu izana. Bide beretik joanez gero, guztiontzat nahikoa ez dagoela badakigulako seinale argia baita.
Baina zergatik ez aldatu guztiei eragiten digun oinarria? Zergatik ez deseraiki sistema eta diskurtsoa bera? Zergatik ez deskolonizatu Lurra gure ekintzak mugatuz? Ekofeminismoa garatuz eta hazteari utziz? Noiz hasiko gara gutxiago behar duen etorkizun komun eta duin bat ereiten gu guztiontzat?
ELE
Deshaziaz erein
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu