Aner, hik izan nahi al duk elegantea? Edo elegantea haizela esango al huke? Zer da elegantzia hiretzat? Nafarroako Erriberan pasa diagu abuztua, eta piszina osteko tragoa baso-ipurdi horietan ateratzen zigutean, sudurrean betaurrekoen arrastoa uzten duten horietan, txikiteroen basoetan. Gipuzkoarrak gu, tabernariarekin ia konfiantza pixka bat ere bai, eta okurritu esatea zuritoak kopan atera behar lituzkeela, eleganteagoa dela. Bere begiratua ezin diat hitzetara ekarri, baina, hala braust bota ziguan: guk ez dinagu eleganteak izan nahi. Haizeak poltsikoan gorde, eta agur t'erdi.
Kopak helduleku asko izan zitzakek. Elegantziak estetikarekin zerikusia badik, baina ez duk hori bakarrik, ezta? Elegante egon egon daitekek, elegante hitz egin, elegante esan, elegante erantzun. Zeniezadake, nentorke, deritzat. Uau. Elegantzia. Baina datsegit ere elegantea al da? Hizkera urbanoa izan al daiteke elegantea? Elegantzia klasearekin, adinarekin, gorputzarekin, garaiarekin gurutzatzen duk ezinbestean. Elkarrekin kantatu genuen azkenengo bertso-saioan alkandora koloretsu batekin hindoan hi, belarritako eta rimmel, eta ni, beltzez, prakak zabal, makillaje pixka bat bai, baina «neurritsu». «Ze alkandora polita» edo horrelako zerbait esan nian, eta benetan, inbidia sentitu. Bertsolaritza eta estetikaz orduak bukatzeko lain jardun gintezkek, hemen ezin, baina, ausartzen nauk esatera elegantzia badela azken urteetako bertsolaritza ardazten duen gakoetako bat.
Elegantzia etimologikoki eligere hitzetik zetorrek. Ondo aukeratzearekin zegok lotua, pausarekin, hautu egokiena egiteko aztertu egin behar delako, ezagutu, pentsatu. Eta hori ere falta guk. Baina akaso sinpleagoa duk dena, eta kopa ez duk elegantzia kontua, gutxiago egokitasuna; kopa irabazlearena duk, irabaztea gailentzea bihurtu duk, eta parez pare jarrita, kopa bat zerbait gehiago duk baso-ipurdi bat baino.
ELE
Kopa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu